07 SEPT. 2024 BORTXAKETAK, EGUNEROKO OGI Indian 86 emakume bortxatzen dituzte egunean, 30.000tik gora urtean India munduko herrialderik arriskutsuena da emakumeentzat, pairatu dezaketen sexu indarkeria dela eta, besteak beste. 2022koa da azken txostena, eta haren arabera, egunean 86 bortxaketa salatzen dituzte, nahiz eta gehiago izan daitezkeen benetan gertatzen direnak. Azken urteetan sexu erasoen inguruko kontzientzia areagotu egin da Indian. Bortxaketen eta azido isurien kontrako protesta. Eraso sexualen kontrako kontzientzia asko areagotzen ari da azken urteotan Indian. (Yawar NAZIR -PRIYA | GETTY IMAGES) GAUR8 Bortxaketena India osoari eragiten dion afera da. Jharkhand sexu eraso eta bortxaketa gehien erregistratzen dituzten hamar estatuen artean dago, Rajastan eta New Delhirekin batera. Thomson Reuters Fundazioak egindako inkestaren arabera, India da munduko herrialderik arriskutsuena emakumeentzat, sexu indarkeria eta esklabotza baldintzak pairatzeko arriskuagatik. Indian egindako krimenei buruzko azken txostena 2022. urteari dagokio. Dokumentuaren arabera, 31.500 bortxaketa erregistratu ziren urte bakarrean; hau da, egunean 86 bortxaketa, batez beste. Salaketa kopurua altuagoa izan zen 2018an, 33.356 bortxaketaren berri izan baitzuten; 90 egunean, hain zuzen. Datu horiek Delituak Erregistratzeko Indiako Agentzia Nazionalak zabaldutakoak dira. 2012an, hots, “Nirbhaya auzi” entzutetsua izandako urtean, 24.206 bortxaketa salatu ziren, erakundeek zabaldutako datuen arabera. 22 urteko emakume bat bortxatu eta jipoitu zuten sei gizon artean, haietako bat adin txikikoa, eta zaurien ondorioz hil egin zen. Erasoaren larritasuna zela eta, kasua nazioartean zabaldu zen. Salaketek igoera nabarmena izan zuten ondorengo urtean -hain zuzen ere, legeria aldatu zuten urtean bertan-, eta 33.764 bortxaketa kasu atzeman zituzten. Orduz geroztik, urtero 33.000 bortxaketa baino gehiago erregistratu dituzte Indian, eta kopuru hori, hein batean, gizarteak kontzientzia handiagoa hartu duelako igo da, salaketek gora egin izanak ez baitu esan nahi bortxaketak igo direnik, gehiago salatzen direla baizik. 2012ko talde bortxaketak eta horren ondoriozko heriotzak Indian prozesu legal eta soziala abiatu zuten, sexu erasoekiko tolerantzia murriztu eta legeria nabarmen gogortu zuena. Bortxaketa 2012. urteko abenduaren 16ko gauean, 22 urteko ikasle bat bortizki bortxatu eta torturatu zuten, martxan zihoan autobus batean, sei gizonek. Jarraian, errepidera bota zuten, ibilgailua gelditu ere egin gabe. Biktimak Jyoti Singh zuen izena, baina ‘Nirbhaya’ ezizena jarri zioten, hindiaz «beldurrik gabekoa» esan nahi duelako, erasotzaileak identifikatzera ausartu baitzen. Urgentziaz ospitaleratu zuten New Delhiko ospitale batean eta, ondoren, Singapurreko beste batera eraman zuten, han hobeto artatuko zutelakoan. Hamahiru egun geroago hil egin zen, lesio larrien ondorioz. Emakume gazte horren talde bortxaketak eta hari egindako torturek inoiz ez bezalako haserrea eragin zuten Indian, eta protesta ugari egin zituzten herrialde osoan, eta, batez ere, New Delhi hiriburuan. Hiru hilabete geroago, 2013ko martxoan, gizarte aldarrikapen hori Indiako Parlamentura iritsi zen, eta orduan lege aldaketa zabal bat onartu zuten, bi helbururekin: emakumeen aurkako hainbat krimenen ondoriozko zigorrak gogortzea eta gizartearen oihua baretzea. Testu berriak, egin zizkioten zuzenketen ondoren, gutxieneko zigorra 7 urtetik 10 urtera igo zuen emakume helduen aurkako bortxaketetarako, eta 10 urtetik 20 urtera 16 urtetik beherakoen aurkako bortxaketetarako. Gainera, heriotza zigorra ezarri zuen bortxaketaren biktima hil edo egoera begetatiboan geratzen den kasuetarako. Lege hark ekarri zuen berritasun garrantzitsuenetako bat izan zen sexu jazarpena lehen aldiz delitu gisa tipifikatzea, hiru eta zazpi urte arteko espetxe zigorrak ezarrita delitu horren egileei. “Nirbhaya auziaren” ondoren onartutako legeri berriak desitxuratzeak eragiten dituzten azido bidezko erasoengatiko zigorrak ere gogortu zituen. Hala eta guztiz ere, kanpoan utzi zituen elkarte feministek galdegindako beste eskakizun batzuk, hala nola, gizon batek emaztea bortxatzea legez zigortzea. Aldaketak legerian 2013an, bortxatzaile taldeko buruzagitzat jo zuten Ram Singhek bere buruaz beste egin zuen kartzelan, eta kondenatutako adingabekoa 2015ean askatu zuten, erreformatorio batean hiru urte egin ondoren. Hiru urteren buruan askatu izanak jendartearen aldarrikapena piztu zuen berriro, eta Indiako Parlamentuak azkar erreakzionatu zuen, bi egun geroago Adingabekoen Justiziaren Legea aldatu eta 16 eta 18 urte bitartekoak heldu gisa epaitzea ahalbidetuta. Delitu larriak egiten dituzten adingabeak, hala nola, bortxaketak edo hilketak, espetxealdi luzeekin zigortzea posible egin zuen lege aldaketak, aurreko arauko 3 urteko muga kenduta. Hala ere, mantendu egin zen heriotza eta biziarteko kartzela ezartzeko debekua. Salaketek igoera nabarmena izan zuten 2013an -hain zuzen ere, legeria aldatu zuten urtean bertan-, eta 33.764 bortxaketa kasu atzeman zituzten «Nirbhaya auziaren» ondoren onartutako legeri berriak kanpoan utzi zituen elkarte feministen eskakizun batzuk, hala nola, gizon batek emaztea bortxatzea legez zigortzea