07 SEPT. 2024 Marrazoak Kantaurin Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA Gilen TXINTXURRETA BEITIA Arkitektoa Zuk elikatzen duzu algoritmoa, edo algoritmoak elikatzen zaitu zu? Interneten nabigatzearen arriskuak asko dira, asteburuan zer eguraldi egingo duen bilatzen hasi eta konturatzerako, mezu ultraeskuindar arrazistak ikusten amaitzen duzu. Euria egin behar zuen ere ahaztuta honezkero. Baina badira, sarean, beren garroak hedatzen dituzten beste ideologia kutsakor asko. Horietako bat higiezin-inbertsoreena da. Eredu bat. “Libertad Inmobiliaria” izenpean, edonor etxejabe egin daitekeela eta diru sarrera gehigarri bat lor dezakeela azaltzen dute Youtuben 25-35 urteko gazte batzuek. Doako bideoez gain, kurtso pertsonalizatuak eta ordainpeko edukiak ere saltzen dituzte, nola ez. Espekulatzen aberastu eta nola espekulatu azaltzen ere aberastu, win-win. Izena bera esanguratsua da, nekeza egiten zait askatasuna bezain kontzeptu noblea gehiago distortsionatu dezakeen eslogan bat bilatzea, baina hizkera guztiak du kutsu iluna. Etxeak “aktiboak” dira, etekinak “cashflow”… Normaltasun osoz entzuten duzu «en mi cuarta propiedad cambié a la modalidad de alquiler por habitaciones». Wall Streeteko brokerrak balira bezala, podcast formatuan kontatzen dituzte beren abentura espekulatiboak. Marrazotxo horiek honako teoria hau saltzen dute: diruak inflazioaren erruz balioa galtzen du, eta hortaz, inbertitu beharra dago. Adreilua beti izango da inbertsio errentagarria, eta etxeak erosi eta alokatzea diruari etekina ateratzea da. Adam Smithek berak “parasito” esaten zien errentetatik bizi zirenei, baina, gaur egun, liberalismo ekonomikoaren aita zena alproja ezkertiartzat dute askok. Pentsamolde espekulatibo hori gero eta orokortuago dago eta eragin berezia du sare sozialak kontsumitzen dituzten gazteengan. Ez da harritzekoa, beraz, alderdi anarko-liberalen gorakada mundu osoan. Soldata kaskarrek eta bizitzaren garestitze etengabeak bizimodu duin bat lanari esker bermatzea gero eta zailagoa egiten dute, eta “pelotazo” bat eman nahia edota lanik egin gabe errentetatik bizitzea erakargarri egiten zaie askori. Mentalitate hori orokortzeak maizter eta etxejabeen arteko arrakala handitzea dakar, eta etxebizitza eskubidea dela kontuan hartzen badugu, injustua ez ezik immorala ere bada. Egoera larria da oso, eta modeloa orokortzen joango da, errentagarria den bitartean. Sektore bat erregulatu nahi bada, eta eskubidetzat dugun sektore oro erregulatu beharra dago (osasuna hezkuntza…), arau argiak behar dira, eta bertan jarduten duten aktoreekin hartu-emana zuzena izan behar da. Askotan kritikatu izan da etxejabe handiek merkatuan eragiteko duten gaitasuna eta haien lukurreriak hiriak garestitzea eta auzokideak kanporatzea dakarrela, baina gurean hori gertatzen ari da jada, eta ez zehazki etxejabe handien erruz, horiek ez baitira alokatzaileen %10 ere. Gure alokairu merkatua profesionalak ez diren milaka aktore txikiz osatuta dago eta etxejabe bakoitzak boto bat ordezkatzen duenez, haien diru iturria ukitzea izugarri nekeza da. La pela es la pela, diote katalanek. Gauzak horrela, gero eta arrazoi handiagoa ikusten diot alokairu partikularrak mugatu beharrari. Alokairuan bizitzea ohikoa den gizarteetan (Alemanian, Austrian edo Danimarkan), etxejabe erraldoiak izaten dira errentatzaileak. Burtsan kotizatzen duten milaka etxebizitzaren jabe dira enpresa horiek, eta Lissa Volmer-ek “Gentrifikazioaren aurkako estrategiak” liburuan dioen bezala, basakeriak egiteko gai badira ere, haiekin lan egitea askoz errazagoa da milaka jabe txikirekin akordioak lortzea baino. Orokortzen ari den espekulaziorako joeraren aurrean, kontraesanak kontraesan, batzuetan hobe da kaxalote gutxi batzuen aurka borrokatzea, milaka marrazorekin igeri egiten saiatzea baino. Finean, Kantauriko kostaldean beti egon izan dira baleak. •