07 SEPT. 2024 Uda joan da ta Xabier Mikel ERREKONDO Uda joan da. Ez da joan, oraindik bederen, baina burmuinaren gaiztakeria izan ohi da aurrerago etorriko dena, gustukoa ez baina halabeharrez etorriko dena, erlojugilearen mailu kolpe iraunkor batez gogoraraztea, kank, kank, badatorrela… Abuztuaren 31tik irailaren 1erako pausoa nahikoa du burmuinak opor osteko sindromea aktibatzeko, eguzki bero erreak ahaztu eta ortzi-mugan etorriko diren laino beltzak begitantzeko, txankleta eta galtza motzak ahaztu eta beroki eta aterkiaren zama sentitzeraino. Oporrak bukatu eta lanera itzuli beharrak ez du laguntzen (bost langiletik bik depresioa dute), eta berehala “Mordorrera” sartuko garela barneratuta, depresioan erortzen da jende askotxo, baja hartzeraino, lanerako itzulera eta negua betiko atzeratu nahian-edo. Gauza guztiei alde negatiboa bilatzeko joera handiegia dago, sarritan kexatzeagatik kexatzearen kultura bilakatzeraino. Ezkorrak alderdi politiko bilakatuko balira, gehiengo osoz eskuratuko lukete Gobernua. Izan ere, nork ez du inguruan norbait, kexa hutsaren banderarekin bere jarrera eraiki duena, egunak gaur hemen eta orain eskaintzen digun eskaparate argitsua eta alaia gozatzeari uko egiten diona eta dendaoste ilun tristea bilatzen duena? Gauza guztiei alde negatiboa bilatzen diena negatiboa da. Negua joan dela-eta Zea Mays-ek adiorako terapia askatzaile ezin hobea proposatzen digu: laztandu nazazu orain, ta larrua jotzean garrasirik ozenena gordin amaigabea… izara guztiak erre arte. Uda joan da ta, nago, neguaren traumak txipiroiaren tinta beltzak bezala gatibatzen gaituela uste dutenentzat ere, terapiarik onena eta betegarriena negua joan denerako proposatutako bera dela: laztandu, larrua jo, garrasirik ozenena gordin amaigabea izarak erre arte… baita neguko egun goibelenetan ere, baita ezkorrentzat ere, edo horientzat bereziki. •