07 SEPT. 2024 HONDARRIBIKO ALARDEA Udalak desfilatzeko baimena eman eta konpainia gisa aitortu du Jaizkibel Astiro bada ere parekidetasunaren bidean aurrerapausoak ematen ari dira Hondarribian. Aurten, Udalak estreinakoz onartu dio Jaizkibeli konpainia gisa desfilatzeko baimena, baina ez da Alardean aterako, eta oraindik bidea gelditzen da jorratzeko azken helburua lortu arte: herritarrek alarde bakar eta parekide batez gozatzea. Jaizkibel konpainiako kideak, 1999an egindako argazki batean. Hiru urte lehenago atera ziren lehenengoz emakumeak soldadu gisa Hondarribiko Alardean, eta istilu handiak sortu ziren herrian. (Jon URBE | FOKU) Maider Iantzi Hondarribiarrak batzen zituen ekitaldia izatetik zatitzen zituena izatera igaro zen Alardea. Jaizkibel sortu zen gero, zubia izateko asmoarekin. Denak alarde bakar eta parekide batean bildu bitarteko bidea. Aurten, Hondarribiko Udalak konpainia gisa desfilatzeko baimena eman dio Jaizkibeli lehen aldiz. «Ez da izugarrizko pausoa; batzuek ulertu dute Alardean aterako garela eta ez gara aterako», zehaztu zuen Itziar Larruskain konpainiako kideak abuztuan berria jakin zenean. Izan ere, gauza bat da Udalak desfilatzeko baimena eman eta konpainia gisa aitortzea -aurrerapauso esanguratsua- eta beste bat, Jaizkibelen helburua betetzea: alarde baztertzailea desagertu eta Hondarribian alarde parekide eta publiko bakarra egotea. Estreinakoz Udalaren baimena dute, eta beste konpainia bat bezala aterako dira bihar, herriaren egun handian, baina ez dira Alardean aterako. Oraindik bidea gelditzen da jorratzeko alarde bakarra eta parekidea lortu arte. Orain arte manifestazio gisa atera behar izan dute. Ez zioten 2023ra arte EAJk gobernatutako Udalari baimenik eskatzen ere; ez gogo faltagatik, baizik eta beste ordu batean ematen zietelako, edo beste ibilbide bat. Barne Sailean galdegin izan dute urtetan baimena, Berdintasun Legea zela-eta lehentasuna zuten, haiek betetzen zutelako eta Alarde pribatu eta baztertzaileak, aldiz, ez. Alarde horrek Udalaren onespena zuen. Jeltzaleen gobernu luzearen ondotik, bi urte dira Abotsanitz alkatetzan denetik, eta urtebete, EH Bildu gobernuko kide denetik, eta aldaketarekin batera, aurrerapauso batzuk eman dira. Iaz, alkateak baimena eskatzera gonbidatu zituen eta, aurrerabidea pixkanaka egin nahian, entseguetarako baimena eskatu zuten. Aurten, beste urrats bat eginez, irailaren 8rako ere galdegin dute baimena, eta Udalak onartu egin die. Ilargiari begiratu, ez behatzari Azken asteotako gorabeherak eta, oro har, Alardearen auzia aztertzerakoan, muina zein den seinalatu du Jaizkibelek: «A zer trebetasuna duten batzuek soilik liskar politikoak aipatzeko! Alkateak hau esan duela, beste indar politikoak hura… Baina auziaren muina gizon eta emakumeon arteko berdintasun eskubidea da, giza eskubideak, feminismoa. Ilargiari begiratu behar zaio hura seinalatzen duen behatzari begiratu beharrean». Alkatearen adierazpena Igor Enparan alkateak prentsa ohar bat kaleratu du asteon azpimarratuz «herritar guztiek jaiak soseguz eta lasaitasunean bizitzea» dela bere helburua. «Urte guztian eginiko lanketaren ondoren, aurtengo jaietan giro parte-hartzailerantz eta errespetuzkorantz aurrera egitea» espero du. Erakundeei dagokie espazio publikoaren erabilera amankomuna arautzea eta, besteak beste, biharko ekitaldien ordutegiak eta ibilbideak finkatzea. 1999ko Hondarribiko Alardeko irudi bat, non ertzainak ageri diren borra kolpeka. (Jon URBE / FOKU) Alardean parte hartzeko, Jaizkibel konpainiak eta Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak (Alarde diskriminatzailea) leku eta ordutegi berak eskatu dituzte. Alkateak azaldu duenez, «elkarrizketa saiakera askoren ostean, momentu honetan, eragileen arteko akordioa ez da posible». «Lanketa prozesuaren eta erakunde bezala dugun eskumenaren emaitza dira 2024/2329 eta 2024/2337 dekretuak, abuztuaren 22koak, non baimena ematen zaien ordutegi berezitu batekin, baita horiek burutzeko beharrezkoak diren entseguetarako ere. Aipatutako bi dekretuek bateragarri egiten dituzte ekimenak. Hala ere, eskatutako argibideak eta Udaltzaingoaren arrisku-ebaluazio txostena direla medio, 2024/2440 eta 2024/2449 dekretuak eman dira, 2024/2337 osatzen eta argitzen dutenak». Udal ebazpen horietan, «espazio publikoaren erabileraren banaketa ahalik eta modu egokienean egiteko saiakera zintzoa» egin du Udalak. Baina azken egunek erakutsi diote «agian etorkizunerako zuzenagoak izan daitezkeen formula objektiboak finkatzeko ahalegina» egin behar duela. Arduraz jokatzeko eskatu dute Alkatetzako kideek, «guztion erantzukizuna baita jai egun alaiak, sosegatuak eta parte-hartzaileak bermatzea». Ordutegiak Nabarmentzekoa da ebazpenetan propio jaso dela Alarde parekide bat lortzeko asmoa: «Alkatetza honek, bere eskumenen barruan, gizarte aldaketa egokiak erraztuko ditu, Alardea bereizi gabeko rolen bidez ospatzeko bidean aurrera egiteko». Ordutegiei dagokienez, 08.00etan abiatuko da Kale Nagusian gora Jaizkibel konpainia. Alarde diskriminatzaileak, bere aldetik, 08.55ean izango du ateratzeko ordua. Gernikako Arbolan elkartuko dira konpainiak lehenago, baita Jaizkibel ere. Beraz, desfileak aparte izanen diren arren, jai eremuak elkartzeko pauso bat eman da. Zehaztapen batekin: konpainia parekideak «Gernikako Arbola zuhaiztiaren hasieran» egon beharko du, «bi formazioen arteko zuhurtasun distantzia errespetatuz». Ebazpenetan EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeari ere egiten zaio aipamena, «gizarteko sektore guztietan jokoan dauden oinarrizko printzipioak eta eskubideak errespetatze aldera». EH Bildu eta EAJ Nobedade gehiago ere izanen dira bihar: EH Bilduko zinegotziek Guadalupeko elizako botoan parte hartuko dute. Hori da programa ofizialean Alardearekin lotuta agertzen den ekintza bakarra. Arratsaldean, Jaizkibel, lehen aldiz, Kale Nagusian gora joateaz gain, behera ere joanen da, “Zapateroa” eginez. Koalizio abertzaleko ordezkariek beraiekin batera biziko dute «momentu historiko» hori udaletxetik. EH Bilduk penaz hartu du, bestalde, herriko talde politikoek adierazpen instituzionalik adostu ez izana. Izan ere, 2023ko urrian Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ, PSE, PP eta EH Bildu Irungo eta Hondarribiko jaiek berdintasunean, elkarbizitzan eta errespetuan oinarrituak izan behar zutela adosteko gai izan ziren, baina ez da gauza bera gertatu herriko alderdiekin eta alkateak atera behar izan du bere adierazpena. Hondarribiko EAJk, bere aldetik, lehen aldiz agurtuko du konpainia parekidea. Alderdiak sare sozialen bidez jakitera eman duenez, beti adierazi du Jaizkibelek irailaren 8ko «desfileak antolatzeko Udala onartu eta legitimatzen zuen egunean, EAJ taldeak ere harrera egingo ziela». «Koherenteak gara orain arte adierazitakoarekin», erantsi du, eta irizpide berari jarraituz Guadalupeko botoa betetzera joanen dela iragarri du. 08.00etan abiatuko da Kale Nagusitik Jaizkibel. Alarde diskriminatzailea, berriz, 08.55ean aterako da. Gernikako Arbolan elkartuko dira konpainiak lehenago, baita Jaizkibel ere Arratsaldean, Jaizkibel, lehen aldiz, Kale Nagusian gora joateaz gain, behera ere joanen da, «Zapateroa» eginez. EH Bilduko kideek beraiekin biziko dute momentua udaletxetik