14 SEPT. 2024 ESKOZIAK ERABAKI ZUEN Hamar urtez iraun duen egun bat bizi izan zuen Eskoziak 2014ko irailaren 18an Irailaren 18 honetan hamarkada bat beteko da Eskoziak bere etorkizuna aukeratu zuenetik. Eztabaida sanoz eta zirraraz jositako kanpaina bati txapela jarri zion egun hark. Eta bozken %55ek «status quo»-a mantentzea erabaki bazuten ere, Eskozia betiko aldatu zuen egun hark. Eta gehiago aldatzeko itxaropena mantendu da. Duela 10 urte, kanpainaren azken txanpan, baiezkoaren aldekoak ziren nagusi kalean. Irudian, Glasgow. (Gorka RUBIO | FOKU) Aitor Agirrezabal Hamar urte igaro dira dagoeneko Europan azken hamarkadetan izan den gertakari politiko garrantzitsuenetako batetik. Eskoziak bere etorkizuna erabaki zuen modu demokratikoan. 3.623.344 lagunek eman zuten botoa. Hau da, ia %85eko partaidetza izan zuen, edozein hauteskunde %55 eta %60koaren bueltan egon ohi denean. Horrek ematen dio eskoziarrek hartutako erabakiari tamaina. Datu horrek erakusten du zitaren garrantzia. Eskoziarrek beren gain hartu zuten euren burua gobernatzeko ardura eta Londresi lotuta jarraitzea erabaki. Egun hura, gainera, bi urteko kanpaina luze baten ostean iritsi zen. Tarte horretan, kaleetan apenas nabari zitekeen erreferendum baten atarian zeudela. Baina ekitaldi eta hedabideetan eztabaida sutsua izan zen denbora luzez. Eta aberasgarria. Izan ere, gauza bere horretan mantentzea erabaki arren, Eskozia ez zen inoiz berdina izanen. Herritarrak ahaldundu egin ziren eta, ordura arte ez bezala, gazteak eztabaida politikora gerturatu zituen galdeketa hark. Oraingoz, Nicola Sturgeonek bere aginteko zortzi urte luzeetan behin eta berriz zin egin arren, urrun ikusten da bozketa berri bat. Londresek ezetz dio, ez dela unea, eta orduko lehen ministro eskoziar Alex Salmonden hitzak baliatuz (belaunaldi batean aukera bakarra izango zela esan zuen), aukera hori ukatu du behin eta berriz. Boris Johnsonek, bere ohiko tonua erabiliz, 2054ko data eman zien eskoziarrei. Urrun. Egun hauetan ekitaldi ugari izango dira herrialde osoan zehar, hamargarren urteurrena gogoratzeko. Mobilizazioak, unibertsitateetan hitzaldi bereziak, antzerkiak, ekitaldiak... Izan ere, orduan hartutako erabakia bizi-bizi dago. Estrategia gabeziak Bizi-bizi, baina «okerrerako», dio Eskoziako orduko lehen ministro Alex Salmondek. «Eskozia okerrago dago orain alderdi posible guztietan». “The Scotsman”-en egindako elkarrizketan, Alba alderdiko buruak adierazi du bere lehengo alderdiak, SNPk, «pentsamendu estrategiko falta larria» izan duela, eta horrek «egoera okerragoan utzi duela Eskozia». «Nire ustez, bai politikan bai ekonomian falta den osagai nagusia itxaropena da. Eskozia oso toki itxaropentsua eta baikorra zen duela hamar urte». Izan ere, independentziaren aldeko kanpainan zerbait nabarmentzekotan, Eskoziaren balizko independentziari buruzko mezu positiboa izan zen hura. Eta Salmondek balizko Eskozia independente horretan kokatu du bere burua. «Pentsatu nahi nuke Eskoziak independentziaren aldeko botoa eman izan balu, nik karguan jarraituko nuela, eta karguan jarraitu izan banu, SNPren politika oso desberdina izango zela. Ez naiz independentziaz hitz egiten ari; Eskoziako gizarteko beste gai batzuei buruzko ikuspegiez ari naiz». Eta baikor dago. «Egia esan, errazagoa da egungo egoeratik independentziara iristea, 90eko hamarkadan edo duela 20 urte baino. Duela hamar urte bolada oso-oso-oso ona hasi zen. Azken bost urteetan, bolada oso txarra izan dugu. Baina bolada txar hori pentsamendu estrategikorik ezak eragin du». Kanpaina positibo hark, Salmondez gain, beste aurpegi bat izan zuen nabarmen besteen gainetik. Blair Jenkins. Yes Scotlandeko zuzendari exekutibo ohiak aste honetan bertan "The Daily Record" egunkariari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, baiezkoaren kanpainak «ezingo zuen ezer desberdinik egin» independentziari buruzko erreferendumean. «Ez du esan nahi kanpaina perfektua izan zenik edo ikasgairik ikasi ez zenik». Izan ere, nabarmendu duenez, «independentziaren aldeko botoa kanpainaren hasieran inork uste baino askoz ere altuagoa izan zen azkenean, eta hori oso kanpaina ona egin genuelako gertatu zen». Inkestek botoen %20 baino ez zioten ematen bozketa baino urtebete lehenago, eta 2014ko irailaren 18an %45eraino igo zen kopuru hori. Eztabaida hartako gai nagusietako bat moneta izan zen. Kritikak egin dizkiotenak oker dabiltzala uste du. Eta puntu horretan zerbait beste era batera egiteak ez zuela ezer aldatuko dio. «Badakit baiezkoko jende askok esaten duela bestelako diru-politika izan bagenu, irabaziko genuela. Baina monetari buruzko inkesta asko begiratu nituen, ez publikoak bakarrik, baita pribatuak ere. Eta lehentasuna, independentziaren alde egon ala ez, librari eustea zen», adierazi du. Salmondek, aldiz, gogoeta hedabide jakin batek jokatutako rolera darama. Alex Salmondek “The Scottish Sun”-ek independentzia ez babesteko hartutako erabakiak emaitza baldintzatu zuela dio. Lehen ministro ohiaren ustez, «inpaktu handia» izango zuen herrialdeko tabloide nagusiak baiezkoaren aldeko apustua egin izanak, eta horrekin espekulatu zen, hain zuzen, 2014an. Rupert Murdochek -bere News Corp inperio mediatikoa zen egunkariaren jabea- txio sorta bat argitaratu zuen hura kontuan hartzen ari zela iradokiz, eta aurretik SNPren alde egin zuen. Izan ere, 2012an, honako hau txiokatu zuen: «Utz iezaiozue Eskoziari joaten eta lehiatzen. Denek irabaziko dute». Eta Salmond bera «Erresuma Batuko politikaririk distiratsuena» zela deskribatu zuen. Baina azkenean, erreferendumaren aurreko egunean egunkarian argitaratutako editorial luzean, adierazi zuten ez ziela esango irakurleei zer boto eman. «Gauzak ez dira beti norberak espero bezala ateratzen. Espero nuen kanpainaren arrakastaren eraginez dominoko hainbat pieza eroriko zirela. Bereziki, zenbait egunkari konbentzional baiezkoaren ondora pasatuko zirela pentsatu nuen. Bat bereziki, gertatu ez zena, lastima izan zena. Uste nuen “The Sun” baiezkora pasatuko zela kanpainaren azken astean. Eragin handia izango zuen guretzat», gehitu du lehen ministro ohiak. Izan ere, eskemetan aldaketa handia suposatuko zuen. «Indar handiak genituen kontra, eta kanpainaren alderdi fisiko guztietan desabantailan geunden: diruan, finantzaketan, establishment-aren boterean, komunikabide tradizionaletan... Beraz, gure alde zerbait erortzea eragin handikoa izango zen». Beste galdeketarik? Independentziaren aldekoez haratago, duela hamarkadako erreferendumak oinarri sendorik bazuen, gizarte osoak emandako legezkotasuna izan zen hura. Orduz geroztik, independentziaren aldeko indarrak tai gabe aritu dira beste galdeketa baten eske, baina Londresek baimena ukatu du, eskatu duten guztietan. Horregatik, Erresuma Batuaren batasuna babesten duten bi pertsonarengana jo dugu: Andrew Bowie kontserbadorea eta Michael Shanks laborista. Bowiek, 37 urtekoak, Erresuma Batuko azken gobernu kontserbadoreetan hainbat postu izan ditu eta parlamentaria da. Shanks bezala. Kasu horretan, Alderdi Laborista ordezkatuta. Eskoziaren independentziari buruzko beste erreferendum bat izango ote den galdetuta, argi erantzun du Bowiek. «Zalantzarik gabe, etorkizunean egongo da». Eta erantzuna argitu du. «Zilegi da Eskoziak hori egitea? Erabat. Zilegi da norbaitek sinestea Eskoziak independentea izan beharko lukeela? %100ean». Baina bere alderdiak azkenaldian erabilitako argudioa ere bere egiten du: «Horretan jarri behar dugu arreta oraintxe? Ez». Shanksek antzeko erantzuna eman du. «Uste dut beste erreferendum bat izango dugula uneren batean, baina uste dut ziur aski azkenaldiko emaitza berarekin amaituko dela». 2020an, oraingo lehen ministro Keir Starmerek esan zuen SNPk bigarren independentzia erreferenduma egiteko agindua izango zuela Holyrooden gehiengo osoa irabaziz gero. Hala ere, Eskoziako hauteskunde sistema alderdi baten gehiengo osoa saihesteko diseinatuta dago. Alex Salmondek, kanpainan zerk huts egin zuen galdetuta, hedabide jakin bat konbentzitu ez zutela dio. «The Scottish Sun» egunkariak ez zien esan irakurleei zer boto eman Beste erreferendumik izango ote den galdetuta, batasunaren alde egiten duten bi parlamentarik argi dute: baietz. Baina ez oraingoz, eta gainera emaitza bera izango duela diote