14 SEPT. 2024 Rafael Pikabea, Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitzan (AGENCE DE PRESSE MEURISSE. BIBLIOTHÈQUE NATIONALE DE FRANCE) Juantxo EGAÑA Rafael Pikabea oiartzuarra "El Pueblo Vasco" egunkariaren sortzailea izan zen 1903an. Donostian argitaratutako "Novedades" aldizkariaren eta antzeko beste batzuen bultzatzailea ere izan zen. Espainiar Estatuko Gorteetarako 1931, 1933 eta 1936an egindako hauteskundeetan diputatu hautatu zuten Gipuzkoan, EAJren ordezkari gisa. Gerra Zibilean Gipuzkoa frankisten esku erori zenean, Parisera erbesteratu zen, eta han Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan zen. Meurisse argazki-agentziak hartutako irudia 1937ko martxokoa da, eta Rafael Pikabeak Parisko euskal ordezkari gisa Eusko Jaurlaritzaren egoitza berria hartu zuen unea erakusten du. Egoitza euskal herritarren ekarpen ekonomikoen bidez finantzatu zen eta Marceau kaleko 11. zenbakian zegoen. Bigarren Mundu Gerran naziak Parisera sartu zirenean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza erregimen frankistari eman zioten alemaniarrek. Gerra amaitutakoan, erbesteko Eusko Jaurlaritzak eraikina berreskuratu zuen; hala ere, Gobernu frankistak Gobernu frantsesari egindako presioen ondorioz, 1951n atzera Gobernu frankistari eman zioten. Hortaz, dagoeneko 70 urte baino gehiago igaro dira Estatu espainiarra Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitzaz legez kanpo jabetu zenetik.