21 SEPT. 2024 METALEN ERAUZKETA Kobaltoa, Kongoko Errepublika Demokratikoa odolusten ari den «urre urdina» Ordenagailuen eta mugikorren baterien iraunkortasuna hobetzea kobaltoari esker lortzen da, Kongon masiboki ateratzen ari diren metalari esker, alegia. Hitzaurrea egin dio Xavier Aldekoak kobaltoaren ustiapenaren inguruan ematen ari diren gehiegikeriak jasotzen dituen «Cobalto rojo» liburuari, eta GAUR8rekin solasean aritu da. Xavier Aldekoa Kongon lanean. Egonaldi luzeak egin ditu bertan. (Alfons RODRIGUEZ | WIKIMEDIA) Daniel GALVALIZI Kobaltoa nonahi dago. Nahi duenak edozein tokitan ikusi dezake, seguruenik inguruan dauzkan bi metro karratuetatik itzulia egite hutsarekin. Ez dago meategi batean egon beharrik edo elementu kimiko metaliko hori eskuan eduki beharrik. Kobaltoa egungo iraultza teknologikoaren engranajearen funtsezko pieza da. Momentuz litioak baino ospe gutxiago badauka ere, biak ala biak neba-arreba estrategikotzat jo daitezke, duten rolak gailu elektronikoen kontsumoa bultzatu baitu, mekanismo industrial konplexu baten bidez baterien bizitza luzatzea lortuz. Hori dela eta, azken belaunaldiko ordenagailu bat edo telefono mugikor bat dagoen tokian dago kobaltoa, baita telebistaren mandoetan edo, bereziki (etorkizunean etorriko denari dagokionez), auto elektrikoetan ere. Hala ere, lehen begiradan positiboa dirudien arren, kontuan hartuz gero erregai fosilen bidezko berotegi efektua sortzen duten gasen ekoizpena ordezkatzeak duen garrantzia, benetan dituen onurak ez dira horrenbesterako. Mugikortasun elektrikoak eta zenbait bateriaren kargatze azkarragoak lagungarri dira baliabide hidrokarburifero gutxiago kontsumitze aldera, baina, aldi berean, bereizketarik gabeko baliabide harrapakaritza, giza eskubideen urraketak, ustelkeria politikoa eta izatezko esklabotza areagotzen ditu hegoalde globalean. Eskaintzaren eta eskariaren legeek kobaltoa gero eta preziatuagoa bilakatu dute nazioarteko merkatuetan eta, horrekin batera, nabarmen igo da hura ahalik eta merkeen eta errazen lortzeko desesperazioa, hau da, trabarik gabe kobaltoa lortzeko nahia. Bada toki bat kontraesan hauek guztiak batzen dituena: Kongoko Errepublika Demokratikoa. Odolusten ari den herria Kobaltoaren erauzketaren epizentroa Kongoko hego-ekialdeko eskualdea da, Lualaba probintzia, bereziki Kolwezi hiria inguratzen duen gunea. Joan den urtean argitaratutako “Cobalto rojo” (Capitan Swing ed., 2023) liburuan, Siddhart Kara ikertzaile estatubatuarrak gordintasunez kontatzen du eremu horretan gertatzen ari den fenomenoa. «Petrolioa, ikatza eta gasa planetako toki guztietatik erauzten dituzte (...). Imajina dezagun une batez lur azpian dauden erregai fosilen hiru laurden 400 bider 100 kilometro karratuko lurrazal zati batetik ateratzen dituztela, eta lursail horretan petrolioaren ia erdia hiri bakar batean dagoela. (...) Hori izango litzateke, zalantzarik gabe, munduko hiririk garrantzitsuena», azaldu du, ezin argiago, Karak. «Bada, hori da zehazki egungo egoera», azpimarratu du; kobaltoarena eta, horrekin lotuta, Kolwezi eskualdearena. Kongoko Katanga probintzian kokatuta dagoen kobre eta kobalto meategi bat, goitik hartutako irudi batean. (Coordenação-Geral de Observação da Terra /INPE) Xavier Aldekoa idazle eta kazetariak, familia bizkaitarra badu ere Katalunian jaioa da, liburuaren (zeina “The New York Times”-en Best Sellerren zerrendan sartu duten) hitzaurrea idatzi dio liburuari, Saharaz hegoaldeko Afrikan, bereziki Kongoko Errepublika Demokratikoan, egin izan dituen egonaldi luzeek eman dioten eskarmentua baliatuz. GAUR8rekin solasean, Aldekoak azaldu du zer dela-eta dioen bere testu zatian kobaltoa zer den laburtzeko soilik «bost hitz» aski direla: «Estamos en manos de Dios» (Jaungoikoaren eskuetan gaude). «Meatzariek sarritan errepikatzen zidaten esaldia da, tuneletan bizitza itogarria delako. Pairatzen dituzten inpunitatea eta ahanztura laburtzen ditu, inor ez baita kezkatzen haien eskubideez edo segurtasunaz». Eskualdean une desberdinetan egon izan bada ere, Aldekoak ez du ikusi egoera asko aldatu denik: «Kongo askotarikoa da oso, badaude hiriak aurrera egin dutenak, baina meatzaritza gune artisauak ez dira hor sartzen». «Meategiak eskuz, zizelez edo palaz zulatuak daude eta meatzariek inolako babesik gabe egiten dute lan, sandaliekin edo ortozik, apurtutako kamisetekin eta inolako aireztatzerik gabe, hainbat egunez edo, zenbaitetan, baita hainbat astez ere, mineral apur bat atera ahal izateko», adierazi du. «Gehienez dolar bat edo bi irabazten dituzte egunean. Pisuaren arabera irabazten dutenez, mineral beta bat aurkitzean ez irteten saiatzen dira, ahalik eta gehien induskatu ahal izateko, bertan lo eginda eta hainbat egunerako janaria eramanda», azaldu du kazetariak. Aldekoaren arabera, «esklabotzaren garaiko pasarte gogorrenetakoak» errepikatzen ari dira, «Leopoldo II.ren garaiko gertaerak jazotzen dira oraindik; lehen, munduaren ikuspegi arrazista zuen monarka bat aberasten zen, eta orain, enpresa teknologikoek ateratzen diote etekina». Berak eta beste ikertzaile askok “urre urdina” deitzen diote kobaltoari, berriz kargatzeko baterietarako duen balio handia dela eta. «Txina kobaltoaren ekoizpen guztia hartzen ari da, ez Kongon bakarrik, baita berriz kargatzeko baterien ekoizpenean ere, eremu horietan gelditu gabe ari da aurrera egiten», azaldu du. Horrek, ezinbestean, herritarren erreakzioa piztu du: «Meatzari guneetako herri xehean hazten ari da Txinaren aurkako ezinikusia, enpresari txinatarren gehiegikeriak pairatzen dituztelako. Bitartekari errusiarrak, kanadarrak eta europarrak ere badaude, baina txinatarrak dira gehienak». Kongoko Errepublika Demokratikoaren historia «gehiegikeria eta espoliazio katea» da, gogorarazi du. Arrazoi osoa dauka Aldekoak: kobrearen eskala handiko erauzketarekin hasi zen mundu gerren garaian, gero diamanteak eta urrea, eta ondoren koltana (bideokontsoletarako funtsezko elementua). «Betikotzen ari den gehiegikeria bat da. Horregatik sumatzen da amorrua han», azaldu du. «Kobaltoaren eremuetan ez dago ia Estatuaren presentziarik, ez dago osasun-zerbitzurik, ezta errepide asfaltaturik ere», eta ondorioz, «bertakoentzat, lapurtzen dieten pertsonak baino ez dira politikariak». «Gobernantza txarra eta gehiegikeriak presente daude denbora guztian» eskualdean, eta herritarrek erraz ondorioztatzen dute hobeto bizi ahal izango liratekeela: «Sentsazioa dute dituzten erreserbekin ondo bizi badaitezke ere, oso pobreak direla». Amnistia Internazionala organismoak Kolwezi eskualdean «etxegabetze masiboak eta behartuak, etxeen legez kanpoko suntsiketa eta indarkeria fisikoa» salatu ditu, besteak beste, «milaka pertsonak euren etxeak, eskolak eta ospitaleak galdu baitituzte meategien hedapenaren ondorioz». Horregatik, kanpaina bat egin du Kinshasako gobernuari mezuak bidaltzeko, egoera honi amaiera emateko asmoz. «Sufrimenduaren erabiltzaileak «Bai, etxean ordenagailu eramangarri berri bat irekitzen dugunean edo gailu berri bat erabiltzean, funtsean, kongoarren odolaren eta sufrimenduaren erabiltzaile izaten ari gara», erantzun dio GAUR8ri Peter Fleming Rubio ingeniari kimiko eta metalurgikoak. Meatzaritzaren negozioaren atzean mugitzen denaren jakitun, ez dio zalantzari tarterik uzten: «Ez, ez da batere normala meatzariek meatzeetan lo egin eta hainbat egunez han bizi behar izatea, erabat legez kanpokoa da. Eta kobazuloetan bada, toxikoak diren eta bertan harrapatuta geratzen diren hautsak eta gasak arnasten dituzte, eta horrek kalte larria eragiten dio osasunari». Mineralak kudeatzeko fabrika bat Panoramion, Kongon. (Martin Tuchscherer / WIKIMEDIA) Fleming Rubiok azaldu du teknikoki hobeto nola ulertu zergatik bihurtu den “urre urdin” hau hain garrantzitsua halako giza eskubideen urraketa bat posible izan dadin (Ipar Globaleko hedabide handien isiltasun txundigarriarekin): «Kobaltoa gero eta espazio txikiagoetan energia biltegiratzeko ahalmen handiagoa duten bateria berriak garatzeko erabiltzen da, kobaltozko ioien portaerari esker, litioa bezalako beste elementu batzuekin batera, energia-dentsitatea errazten duen sinergia sortzen dute». Azpimarratu du Kongoko Errepublika Demokratikoak planeta osoko kobaltoaren erdia baino gehiago biltzen duela eta ekoizle handiena dela, «Indonesia eta Australia atzetik baditu ere, askoz proportzio baxuagoetan, eta negozio horrek elektromugikortasun-bateriarako hazkunde-proiekzio bikainak dituela, hau da, gero eta joera handiagoa eta esponentziala duen eskaria; kontuan hartu gabe orain enpresa asko ordezko gisa balio diezaioketen elementuak bilatzen ari direla, berreskuratzeko moduak ere aurkituz». Etorkizunera begira, ingeniariak dioenez, espoliazio hori «prozesu geldiezina izango da, elektromugikortasunaren fenomenoa geldiezina delako», baina baliteke hamar edo hogei urte barru Kongok hornitzaile nagusia izateari uztea, ordezkapenak aurkitzeko ahaleginek arrakasta izanez gero: «Ikerketa asko egiten dira bateria horiei eta horien birziklapenari bigarren bizitza bat emateko; hiri-meatzaritza deritzo». Gaur egun, funtsean, Kolweziko gehiegikerien konplize ez izateko kobaltoa kontsumitu nahi ez duenari «bere gailuei ahalik eta gehien iraunaraztea besterik ez zaio geratzen, eta zentzurik gabe ez ordeztea». Zentzu berean mintzo da Aldekoa, tonu ezkorragoan, ordea: «Kongon soilik ez, mundu osoan kontzientzia hartu arte, egoerak bere horretan jarraituko duela iruditzen zait. Urtero gailuak berritzeko edo ez berritzeko erabakia hartzen dugu. Arduraz joka daiteke. Eskari altua dagoen bitartean, ez dago gauzak aldatzeko interesik, irabazi-marjinak izugarriak direlako». Aberastasuna eta txirotasuna 1997an, Zaire berriz itzuli zen Kongo izatera, Errepublika Demokratikoa gehituta. «Erreka guztiak irensten dituen erreka» da antzinako izenaren jatorri etimologikoa, Mobutu diktadoreak 1971n inposatua, herrialdea zeharkatzen duen ur emari indartsuari erreferentzia eginez. Afrikaren bihotzean kokatuta dago eta Aljeriaren ostean kontinentean dagoen herrialderik handiena da azalerari dagokionez. Dituen 2,35 milioi kilometro karratuetan erraz kabituko lirateke 114 Euskal Herri, bere zazpi herrialdeekin. Herrialdearen biodibertsitateak eta orografiak baliabide naturaletan aberatsenetarikoa egiten dute mundu mailan, baita kulturan ere: ia ehun milioi biztanleak lau hizkuntzatan mintzatzen dira (lingala, swahilia, tshiluba eta kikongoa), eta aldaera ugaritan, nahiz eta hizkuntza ofiziala frantsesa den, ondare kolonialaren adierazgarri da. Ez da kontu berria Kongoko Errepublika Demokratikoa ustiapen basatiaren adibide dela: XIX. mendearen bigarren erdian hasi zen Belgikako Erreinuaren kolonizazioa, nahiz eta juridikoki lurraren jabea Leopoldo II odoltsua zen. Monarka ezaguna egin zen bertako herritarrenganako eskatu zuen trataera basatiagatik (berak inoiz ez zuen Kongo zapaldu), eta marfila ustiatzearekin aberastu zen are gehiago. Dominazioak eta bertakoentzako inolako onurarik gabeko baliabideen ustiapen basatiak 1960ra arte iraun zuen, orduan eskuratu baitzuten independentzia. Demokrazia makala ezartzeko mende amaierara arte itxaron behar izan zuten, Mobutu diktadoreak gogor eta Estatu Batuen babesarekin gobernatu baitzuen herrialdea. Kongoko Errepublika Demokratikoaren lurraren aberastasunak inbidia ematen du: landu daitezkeen 80 milioi hektarea (une honetan erdia baino ez da bideratzen ekoizpenera), urrea, ikatza eta koltana, eta hori gutxi balitz, Afrikako ur gezaren bolumenik handiena. Hala ere, biztanleriaren heren batek ez du elikadura ziurtatua eta zazpi milioi gosete arrisku larrian bizi dira, Nazio Batuen Erakundearen arabera. Litioa eta kobaltoa neba-arreba estrategikotzat jo daitezke, gailu elektronikoen kontsumoa bultzatu baitute, baterien iraupena luzatzea lortuz Eskaria dela eta, kobaltoa gero eta preziatuagoa bilakatu da nazioartean eta, horrekin batera, nabarmen igo da hura ahalik eta merkeen eta errazen lortzeko desesperazioa Aldekoa eskualdean sarritan egon bada ere, ez du aldaketa handirik ikusi: «Kongo askotarikoa da, badaude hiriak aurrera egin dutenak, baina ez dira meatzaritza gune artisauak» Amnistia Internazionalak Kolwezi eskualdean «etxegabetze masiboak eta behartuak, etxeen legez kanpoko suntsiketa eta indarkeria fisikoa» salatu ditu