GAUR8 - mila leiho zabalik
{ GERTUKO PLANAK } LAPURDI / SARA

Natura, historia eta kultura elkartzen dira Sarako Lezeen iluntasunean

Leizeetarako sarrera, naturaren bihotz-bihotzean. (SARAKO LEZEAK)

Sarako Lezeak Lapurdi eskualdean kokatzen diren Euskal Herriko altxor natural eta kultural handienetako bat dira. Milaka urtez, historia eta mitologia nahastu dira bertako iluntasunean, eta gaur egun, bisitariak liluratzen dituzte beren edertasun eta misterioekin.

Urteetan eta urteetan zizelkatutako obra ikusgarriak deskubritzen ahal dira bertan, horien artean, harri bigunaren higadurak eta uraren eraginek sortutako forma eta kolore anitzetako galeriak, bai eta estalaktitak eta estalagmitak ere, formak eta tamainak aldatuz, giro eta harmonia berezi bat sortzen dutenak leizeen freskotasunean.

Baina leizeak ez dira soilik naturaren erakusgarri, gizateriaren historia sakonean ere murgilduta daude. Arkeologoek frogatu dutenez, Sarako Lezeak Neolito garaitik erabili izan dira, eta bertan aurkitutako aztarnek, hezur eta tresneria desberdinek, historiaurreko gizakien bizimodua eta ohiturak azaleratu dituzte. Gainera, kobazuloak inguruko herritarrek sortutako kondaira eta ipuinez beteta daude. Esaterako, Mari jainkosak, Euskal Herriaren mitologian naturaren eta lurraren jainkosa nagusia denak, leize hauetan babesa bilatu zuela esaten da.

«Kulturgune bat»

Baina azken bi urteetan zuzendaritzaren asmoak haratago joan dira. Izan ere, animazio, hitzaldi eta kontzertu txiki ugari antolatzen dira Sarako Lezeetan. «Hiru astean behin, gutxienez, zerbait proposatzen dugu», azpimarratu du Fabrice Iparraguirre Sarako Lezeen zuzendariak. «Saiatzen gara gure hitzaldietan eta egiten dugun guztian iraganari eta leizeen historiari buruzko loturak egiten», zehaztu du. Bertako jendea hunkitzea helburu, euskarazko ikusgarri eta animazio kultural andana antolatu dira urtean zehar. «Gure xedea euskararen eta euskaldunen kulturgune bat izatea da; azkenean, behin leizeak bisitatuta, ez baitira aldatzen, baina naturan galdutako topagunea izan nahi dugu», gehitu du saratarrak.

Ildo beretik, beretzat inportantea da bertakoek leizeak «bigarren etxe bezala» ikustea, «hainbat urtetan ehundaka gizakirentzat izan den bezala». Iparraguirrerentzat, ondareari buruzko gaualdi horiek «bakoitzak bere historia berreskuratu eta bere kultura aberastu dezan balio dute; euskaldunak bere arbasoak ezagutzeko eta bere erroei berriz lotzeko lekuak dira. Gure iragana ulertzen ikas dezagun gure etorkizuna hobeki eraikitzeko».

Horretarako, leizeetatik kanpo, ingurunea bisitarientzat biziki interesgarria dela azpimarratu du, bisitariak bertara gonbidatuz. Izan ere, Larhun mendiaren magalean, Sarako Lezeak aterpetzen dituen Atxuria mendiaren gailurra buztinez estalia da eta beren sarrera ikusgarria baso trinko baten erdian kokatuta dago. Mendi eta basoaren artean, ibilaldi eta pasealdietarako mila aukera eskaintzen ditu eremuak.

Sarako Lezeak, historia eta kulturaren aldetik garrantzitsuak izateaz gain, ekologia ikuspuntutik ere funtsezkoak dira Euskal Herrian. Leizeetan bizi diren hainbat espeziek, beste inon topatzen ez direnak, ekosistema orekatu bat osatzen dute, babestu beharrekoa. Saguzarrak dira leize hauetako biztanlerik ezagunenak. «Gaur egun saguzar asko ditugu. Sei espezie ezberdin eta 1.500 banako inguru garai handienetan», zehaztu du leizeetako zuzendariak. Beste ornodun eta intsektu andana topatzen ahal dira bertan eta «haien habitata zaindu eta mantentzea funtsezkoa da biodibertsitatearen iraupenerako».

Guztientzat egingarria den bisita bat

Urte osoan zehar, 45 minutu irauten duten bisita gidatuak eskaintzen dira, bertako historia, geologia eta mitologia ezagutarazteko. 900 metroko bide segurtatuan, gidariak, leizeen barruan zehar paseatuz, galeria desberdinak erakusten ditu eta bakoitzaren berezitasunak azaldu. Bisitaz gaindi, formazio geologiko atipikoa, historiaurreko etxebizitzen inguruko informazioa, eta Jose Migel Barandiaran euskal antropologoak egindako ikerketen lanetan oinarritutako Euskal Herriaren jatorriari hurbiltze bat eskainiko du gidak.

Iluntasunaren eta isiltasunaren artean, uraren hotsak eta inguruko soinuek bisitaria beste mundu batera eramaten dute. Hala ere, «teknologia berriak erabili izan dira, besteak beste LED argiztapena, bai bisita baldintza onenetan egiteko, bai lur azpiko ingurumena eta bertako ‘biztanleak’ errespetatzeko», azaldu du zuzendariak.

Horrez gain, Sarako Lezeetan sartze librea duen museo bat aurkitzen da, gaiak sakondu ahal izateko. Alde batetik, historiaurretik gaur egunera arteko gizakiaren eboluzioaz gehiago ikasten da. Izan ere, erakusleihoz osatua den guneko museoak gizakiak Historiaurretik hona ezagututako bilakaera azaltzen du: Lehen gizakietatik Homo Sapiens Sapiens-era, Homo Habilis, Homo Erectus, Neandertal-etik iraganez; klima aldaketengatik, baina lehengaiak lantzeko teknikengatik ere etengabe aldatu diren banaketa esparrua eta bizimodua azaltzen direlarik. Aurkitutako gizakien aztarna zaharrenak duela 200.000 urte ingurukoak dira, historiaurreko gizakia garai batez egon da Sarako Lezeetan, KA-ko 35.000 urtetik 10.000 urtera arte.

Sarako Lezeak etxebizitza gunea izan zen historiaurre garaian, gerla desberdinetan zaurituak zirenak aterpetu zituzten bertan, hala nola Napoleon-en gerlan (1808-1810), Karlistadetan (1833-1839 eta 1872-1876), Mundu Gerretan… Eta "gaueko lanerako" ere iragan eta trukatze tokia izan ziren.

Bestetik, Jose Migel Barandiaran historialari eta etnografo ospetsuari eremu bat eskaini zaio. Gerla Zibil garaian (1936) Franco diktadorearen mende zen espainiar Estatutik ihes egin zuen, Saran errefuxiatuz 15 urtez. Herriaren bizian ongi sarturik, «lan garrantzitsua egin zuen, bai lurpean baita lur gainean ere, biztanleriari herri sinesmen eta mitoei buruz galdezka, euskal gizakiaren eta bere kulturaren sustraien arteko lotura ezartzen saiatzeko», azaldu du zuzendariak.

Bestalde, bisita osatzeko, Sara herri txikiak, bertako arkitektura tradizionalarekin, kultura eta gastronomia lokalaz gozatzeko aukera ematen du. Bertako sagardotegiek eta jatetxeek Euskal Herriko sukaldaritzaren esentzia biltzen duten platerak eskaintzen dituzte, bisitarien sentsazio guztiak asetzeko gisa.

Sarako Lezeak, beraz, Euskal Herriko altxor natural handienetako bat izateaz gain, historiaren, kulturaren eta naturaren elkargune paregabea dira. Bisitariek bertako misterioa eta edertasuna bizitzeko aukera dute, iluntasunaren sakontasunean murgilduta. Leizeak ezagutzeak iraganera bidaia bat egitea suposatzen du, eta aldi berean naturaren indarra eta mirariak miresteko parada ezin hobea dira. Gure lurra eta historia behar bezala ulertzeko, eta naturaren edertasuna eta oparotasuna bere osotasunean bizitzeko, leizeak bisitatzea ezinbestekoa da.

 

Jakin beharrekoak

- Saran, Larhungo trenetik 10 kilometrora eta euskal kostaldetik 30 minutura.

- Bisita egiteko erreserbatzea beharrezkoa da, leku mugatuak baitira.

- Prezioa, ordua, sartzeak eta agenda: grottesdesare.fr/eu webgunean

- Sare sozialak: @sarakolezeak Tel : +33 5 59 54 21 88