05 OCT. 2024 3 BEGIRADA: Munduari su eman nahi dio Soldadu israeldar bat Gaza iparraldeko operazio batean. (Noam GALAI | GETTY) Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS Historialaria Pista galdua nion aspaldi, nahiz eta Ekialde Hurbileko eta bereziki Palestinako berriak daudenero harekin akordatzen naizen. 2000ko hamarkadaren bukaeran kointziditu genuen, Palestinara antolaturiko brigadan. Beti irribarre erdiarekin, zigarroa ahoan etengabe eta hitzak katramilatuta bezala lotuz, galdera egokiak egiten zituen pertsona zela iruditu zitzaidan. Ez nuen kazetari askorik ezagutu oraino eta, pentsatu nuenez, kazetari sena zerbait bazen, hark bazuen. Eta izango du oraindik ere, ikusi dudanez Mexikon bizi delarik. Aurreko egunean, Israeleko tropak Libanon sartu eta berehala, txioa idatzi zuen Alberto Pradillak: «Israelek munduari su eman nahi dio». Zeinen ondo kondentsatzen duen Pradillak egoeraren muina, pentsatu nuen. Orain ia bi hamarkada, gainontzekook etxera buelta egin genuenen, berak Palestinan jarraitu zuen aste batzuez eta jasotako testigantzekin liburua osatu zuen gero. “El judio errado”. Bai, joe, irakurri behar dut, urteak pasa eta pasa. Azkenean amari oparitu nion orain gutxi, eta Albertoren txioa ikusi bezain pronto, baietz, berehala Pradillaren liburua irakurri behar nuela erabaki nuen. Amari idatzi nion, zure etxera joan naiz eta liburua hartu dizut, lasai, ti-ta irakurriko dut. Gogoan nuen Albertoren prosa arina disfrutatzen nuela GARArako idazten zuen garaian, eta liburuko lehen orrialdeetan begiak pausatzea berriro ere Ramallahko terraza batean kafez eta zigarroz inguratuta solasean aritzea bezala izan da, solas bizia bezain atsegina. Sentsazioa konpartitu genuen hara joandakook, lehenago ala beranduago, Israelek Gazatik eta Zisjordaniatik kanporatuko zituela palestinarrak. Orain, benetan gertatzen ari denean, harriduraren gainetik amorrua da sentitzen dudana, ekidin ezinezko patua balitz bezala. Israelek ideia hura betidanik bere muinean izan ez balu bezala jokatu baitu nazioarteak. Hain zuzen ere, ideia horren barnean dagoena jaso zuen Albertok “El judio errado”-n. Israeldarrak ulertu behar dira, ez haiekin enpatizatzeko, horrela zergatik jokatzen duten ulertzeko baizik. Liburuan bi ideia azpimarratzen dira Israelen jarduna ulertzeko. Batetik, Israel estatu koloniala dela. Europar zuriek sortutakoa, tokiko indigenen aurka, inperialismoaren garai bete-betean proposatu zenetik, 1890eko hamarkadan. Israel ezin da bestela ulertu. Zibilizazioa eta etorkizuna dira haiek, tokiko biztanleak salbaiak eta atzeratuak diren bitartean. Pentsamendu horrek israeldar juduen artean ere banaketa sozioekonomiko sakona eragin du, haien jatorri ezberdinetan oinarrituta. Paradoxikoki, Israelgo gizartean baztertutako juduek bukatu dute israeldarretan israeldarrenak izaten, beste aukerarik ezean armadako kide eta leku urrunetako kolono bortitz bihurtuta. Israelen beste ezaugarri nagusia estatu judua dela da. Hori negoziaezina da, Israel ezin da erlijio ezberdinentzat eta populazio askotarikoarentzat aterki bihurtu. Bere sorrera bera baztertzailea da. Israelek ezin dio ihes egin bere izaera kolonial eta arrazistari, eta aurrera joko du etengabe. Bere aukera bakarra munduari su ematea da. •