GAUR8 - mila leiho zabalik
[ASTEARI ZEHARKA BEGIRA]

Ur tanketa eta ke panelak


Argitaratzen dugun Etorkizuneko Artefaktua sailaren zenbait artikuluk oihartzun handia izan du bederatzi hilabete hauetan zehar. Zer pentsatua ematen du. Urrutira joan gabe, irailaren 14an Bilboko 2002ko manifestazioa gogora ekarri zuen Nerea Goti lankideak eta bolo-bolo ibili da berak idatzitakoa. Urte haietan antzeko gertaera ugari izan zenez, argipen bat: «Ur tanketaren manifa» da, ezker abertzalearen ilegalizazioaren aurkakoa, Ertzaintzak bortizkeriaz desegin zuenekoa, zauritu asko eraginez.

Erredakzioan zalantza piztu zitzaigun: artikulu horrek pilatu duen arreta norena da? Irailaren 14 hura bizi izan zuen eta 22 urte geroago berriz gogoratu nahi duen jendearena? Edo kontrakoa, horretaz ezertxo ere ez dakitenena, oso gazte zirelako (edo jaio gabe zeudelako) edo garaian ez ziotelako gehiegi erreparatu? Beste era batera esanda, nostalgiak bultzatuta heldu dira artikulura edo jakin-minak eramanda?

Zenbait bide jorratuta (zein esparrutan zabaldu den artikulua, zein tresnaren bidez, zein sare sozialetan bereziki…), atera dudan ondorioa da jende gaztearengan eragin duela arreta gehienbat. Eta pozten naiz, etorkizunari begira, eta orainaldiari so ere bai, jakin-mina nostalgia baino lanabes indartsuagoa delako.

Memoriaren alorrean beste zerbait deigarria egin zait aste hauetan. Maria Jesus San Jose eta Eneko Anduezaren interbentzioak dira. Biek ala biek ETAren «deslegitimazioarekin» oso kezkatuta daudela eman dute aditzera. Lakuako Justizia sailburuaren hitzetan, «gorroto handia dago oraindik euskal etxe askotan». PSEko idazkari nagusiaren aburuz, «jada ezin da beste alde batera begiratu, gure larruan pairatu dugun errealitatea ezin da gehiago ezkutatu».

Hau entzunda norbaitek pentsa lezake gazteen artean nolabaiteko ETA-zaletasunik zabaltzen ari dela, hasteko. Ez dut honelakorik sumatzen, egia esanda. Guardia Zibilaren aldeko atxikimendurik edota torturaren goraipamenik ikusten ez dudan bezala, maila berean gutxi gorabehera.

Baina are harrigarriagoa da asmo horiek berriak eta garaiari egokitutakoak bezala saldu nahi izatea. Izan ere, ez al da ETA deslegitimatzeko saiorik egin orain arte, ez al dira egitura ofizialetatik bere kideak «terrorista huts» gisa aurkeztu, ez al zen erakundea «banda» gisa azaldu, ez al zitzaizkien inoizko kondena luzeenak eta gatibualdi krudelenak ezarri? Are gehiago, ez al da euskal gizartea «gaixorik» zegoela zabaldu?

Galdera gehiago: Benetan uste du Anduezak ETAren errealitatea «ezkutatu» egin dela? Ez al zitzaion lehentasunik eman albistegietan, ekimen politikoetan, legeen definizioetan, jarduera polizial eta judizialean? Zer izango da ba Estatu terrorismoarena… Eta zinez dio «beste alde batera begiratu dela»?

Ke panelak deitu ohi zaizkie honelako trikimailuei. Errealitatea faltsutu eta fokua desbideratuz zer lortu nahi duten, hori da koska. Eta esango nuke ur tanketa hartan dela erantzuna. Urtez urte benetan isildua izan dena ezkutatzen jarraitu nahi dute, aspaldi deslegitimatu beharreko beste bortizkerien aurrean ez ikusiarena egiten segi. Beste belaunaldi batez. •