12 OCT. 2024 [DATORRENA] Gerraren aukera irteera gisa indartzen ari da Isidro Esnaola Egunotan, 2019ko “The New Yorker”-en bineta bat gogoratu dut. Bertan, bi paraxutista ikusten ziren hegazkin militar batean, ate baten ondoan, eta hondoan bonbak erortzen, hegazkinak eta tiroak ikusten ziren. Eta batek besteari esaten dio: «Zure lehen berrautaketa kanpaina, ezta mutiko?». Gerrak ez dira soilik kanpoko mehatxuengatik egiten, askotan barne-faktoreekin dute zerikusia, eta badirudi AEBen egungo administrazioak pentsatu duela gerra batek elekzioak irabazteko balio badu, ongi etorria dela. Bestela ez da ulertzen Benjamin Netanyahuren bidaia AEBetara. Joe Bidenen Gobernuarekin hitz egin zuen lasai asko, Nazio Batuen Asanbladan hitzaldi lotsagarria egin zuen, eta handik, diotenez, Hasan Nasrala hiltzeko agindua eman zuen. Funtsean, nazioarteko komunitateari txistua bota zion aurpegira, baina ez Tel Aviveko bunkerretik, orain arte egin duen bezala, baizik eta nazioarteko ordezkaritza gorenetik. NBEn emandako antzezpenaren ondoren, airean gelditzen den zalantza bakarra da Netanyahu ote den mendebaldeko herrialdeetatik tiratzen duena edo, aitzitik, herrialde horiek erabiltzen ari ote diren Ekialde Ertaineko herriak menderatzen jarraitzeko estrategian. Washingtoni orain arte erakutsi duen polizia on eta txarraren jokoa amaitu zaio. Orain, disimulurik gabe, eskualde osoari su emateko asmoa du. Eta inork zalantzarik balu Joe Bidenen Administrazioak gerrari buruz duen jarreraz, Bush aitarekin Defentsa idazkaria eta Bush semearekin presidenteordea izan zenak, Dick Cheney gerra gizonak, Kamala Harrisi babesa ematea erabaki du hurrengo hauteskundeetan. Horretan denak ados. Oraingoan, Ekialde Ertaineko gerrak Ukrainako hondamendia estaltzeko balioko du, baina haratago ere badoa. Txinako ekonomiaren indarraren eta gero eta handiagoa den Hego globalaren autonomia politikoaren indartzearen aurrean, mendebaldeko eliteek erabaki dute beren pribilegioei eusteko modu bakarra gerra dela. Eta horretara bideratzen ari dira beren indar guztiak; eta ez soilik Ekialde Ertainean, baita Europan ere. Aste honetan, adibidez, Die Welt egunkariak argitaratu duenez, NATOk Europan 5.000 soldadu inguruko 49 brigada berri ezartzeko helburua du. Gerrak, are gehiago zure neurriko armada baten aurka bada, Ukrainan ikusi den bezala, soldadu asko behar ditu. Beharrezkoak diren guztiak errekrutatzea ez da ariketa erraza izango. Are gehiago mendebaldeko gizartean, non indibidualismo hedonista oso errotuta dagoen. Testuinguru horretan zaila izango da jendea konbentzitzea dena utzi eta hilerri batean buka daitekeen gerra batean sartzeko. Hori erdiesteko, nahi eta nahi ez fanatikoak fabrikatu behar dituzte. Eta fanatikoen fabrika beldurra sortzen duen ziurtasunik ezarekin hasten da funtzionatzen; eta beldurrak indar guztiekin zerbaiti eutsi beharra, edozein kontsiderazioren gainetik defendatu nahia sortzen du. Eta hori egiten ari dira migratzaileekin, futbolarekin, okupekin... Bizimodu gero eta prekarioagoak bere ekarpena egiten du, baita komunikabideek eta sare sozialek zabaltzen duten zabor guztiak ere. Eta emaitza begi bistakoak da: eskuin muturreko alderdiak indartzen ari dira eta talde faxistak suelto dabiltza. Laster hasiko da errekrutamendua. • Mendebaldeko eliteek erabaki dute beren pribilegioei eusteko modu bakarra gerra dela. Eta horretara bideratzen ari dira beren indar guztiak; eta ez soilik Ekialde Ertainean, Europan ere bai.