GAUR8 - mila leiho zabalik
{ PROFILA }

KOLDO MITXELENA ELISSALT, GAUR ERE BAI

Errenteria, 1915-8-20 / Donostia, 1987-10-11. “Egun-urrenaz” (zilegi izan bekit neologismoa) baliatu nahi izan du egunkari honek Koldo Mitxelena (Luis Michelena) Elissalti leihoa zabaltzeko, atzoko egunean, urriaren 11n, hain zuzen, hil baitzen errenteriarra, duela 37 urte. Eta eskertzekoa da...

Koldo Mitxelena 1961ean. Paco MARI, FOTO MARIN FUNTSA. KUTXATEKA. Creative Commons BY-NC 4.

Egun-urteurrenak egun-urteurren, zeinahi egunetan da giro Mitxelenaz aritzeko. Koldo Mitxelena Elissalt (Errenteria, 1915-8-20/ Donostia, 1987-10-11) hil zela, atzo 37 urte.

Kezka apur bat ere sortzen du, ordea, Mitxelenaz jendaurrean aritzeko gonbitak; beharrik, izan da (izango ahal da geroago ere!) errenteriarra eta bere lanak aztertu eta plazaratu dituenik. Mitxelena biziberritzen ahaleginduko naiz, Atxagaren poemak iradoki bezala («Gure hitzak / esan berriz esan / ez daitezela ahaztu / ez daitezela gal»), haren egitate batzuen (ezin guztien) errepikaz.

Gizon konprometitua

Gizon haren herri honekiko konpromisoa (zerbitzuko lana) aipatuta abiatu nahi dut, hortxe ikusten baitut bere jardunaren oinarria. Herri honek bere beharra zuela sentitu zuenean behin eta birritan erakutsi zuen: gaztea zela, gerratean gudari, eta horren ondorioz, heriotza zigorra eta lehen kartzelaldia heltzean (1937-1943). Eta bigarren kartzelaldian (1946-1948), frankismoaren kontrako borroka klandestinoan aritzeagatik.

Konpromisoak eraman zuen Salamancan 1960ko hamarkadan bizi zuen giro akademiko eta intelektual kitzikagarrian tarte bat egin eta, Euskaltzaindiak hala eskatuta, 1968an lehen urrats sendoak gauzatzen hasi zen euskara batuaren lidergoa hartzera, jakinik, gainera, gertukoak, alderdikideak, kontra jarriko zitzaizkiola. Salamancako bizilekua utzi eta Euskal Herrira etorri zen bizitzera Euskal Herriko Unibertsitatea (1978) sortzeko laguntza eskatu ziotenean. Jendaurrean garden agertu zuen bere konpromiso etikoa, bere burua «euskalduna baino lehen gizontzat eta, edozein kasutan, eta guztiaren gainetik, antifaxista eta antitotalitaristatzat» zeukan errenteriar eskuzabalak.

Berezkoa zuen jakin-gosea asetzeko ere, bere buruari soilik begiratuz ez, herri honek eta euskarak premiazkoa zuten lanari atxiki zitzaion: euskal filologia zientifikoa abiarazi zuen zutoin teoriko-metodologikoen gainean. Argitaratu zituen 700 lan baino gehiagoren arteko batzuk besterik ez aipatzearren, 1960ko hamarraldiko liburu mugarriak ekarriko ditut, 1953ko “Apellidos vascos” aitzindariaz ahantzi gabe; guztiak dira euskararen eta euskal literaturaren ikerketa sakonaren emaitza eta iturri noraezeko. “Fonetica Historica Vasca” (1961), 1959an Salamancan aurkeztu zuen doktore-tesia, euskararen fonetikarena ez ezik, euskara osoaren historia ikertzeko sistema; 1960ko “Historia de la literatura vasca”, oraindik ere euskal literaturaz gogoeta-gai aski duena, “Lenguas y protolenguas” (1963), euskalaritzatik kanpo ere arreta erakarri zuena, eta “Textos arcaicos vascos” (1964).

Hamaika jakintza-arlo eta gai jorratu zituen bai gaztelaniaz bai euskaraz, eta arlo batzuetan, gainera, aitzindaria izan zen. Esate baterako, hizkuntza-kontuetan aditua izan gabe ere gaur edonork irakur ditzakeen zinema-kritikak euskaraz egiten: “Egan” aldizkarian 66 zinema-kritika idatzi zituen Mitxelenak 1954tik 1961era arte. Donostiako Zinemaldiko epaimahaikidea ere izan zen 1978an, Adolfo Marsillach, Monica Randall, Miguel Littin eta beste kide batzuekin batean. Parisko unibertsitatera gonbidatu zuten 1969-1971 bitartean, Euskal Hizkuntzalaritza konparatuko eta Soziolinguistikako eskolak ematera. Ez zituzten, baldinbaitere, garai hartan euskal irakasle ugari gonbidatuko…

Aitzindaria izan zen, era berean, hizkuntzalaritzako terminoen euskal ordainen sorreran: 1968an “Linguistika berriaren berri onak” argitaratu zuen “Jakin”-en, euskaraz, Chomskyren gramatika sortzaile eta «aldatzaile» berriaren gaineko lanik gaztelaniaz karrikan ez zela. Hona artikulu horretako pasarte adierazgarri bat: «Abiatu baino lehen, horratik, gaiari zuzen-zuzen dagokion oharren bat edo beste egin beharrean naiz. Aurkitzen naizen egoerak badu antz pixkaren bat Aita Adani inoiz gertatuarekin. Badakizue Genesis 2, 19-ko hura: Jainkoak, alegia, lurreko animaliak eta zeruko hegaztiak sortu ondoren, harengana eraman zituela, ‘nola deituko zituen ikus zezan’. […] Erabili asmo dudan saila ez da maizegi jorratua izan euskaraz («Txillardegi» dugu, nik dakidanez, linguistika ‘berriaz’ gure hizkuntzan mintzatu den idazle bakarra), eta noraezekoa dut hitzen aukeramena neure gain hartzea. Batzuetan, beraz, ez da erraz izango euskal ordaina asmatzea; beste zenbaitetan, berriz, hitz ugariegi izango ditut irispidean (‘aukeraren maukera, azkenean okerra’, esaera zaharrak zioen bezala) eta bata jo beharko dut begiz, besterik ezinean, gainerakoak baztertuaz, gogoak eta oldeak hala ematen didalako, zentzu berdintsukoen artean hautatuaz».

Jose Arandia, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja eta Jesus Altuna San Migel parrokian, Aita Barandiarani 1979an eginiko omenaldian. Jesus Mari ARZUAGA / OÑATIKO UDALA/ GURE GIPUZKOA

Euskararen estandarizazioa eta normalizazioa

Atzo Mitxelenak utzi gintuela 37 urte bete ziren. Orain erreparatu nahiko nioke euskararen estandarizazioan eta normalizazioan eginari, Mitxelena gidari izan zuen talde hari zor baitiogu euskaldun guztiok ulertzeko moduko euskara landu, idatzia edukitzea, baita kazetaritza-generoko orrialde hauetan erabiltzeko ere.

Koldo Mitxelenaren 1951ko “Euskal literaturaren etorkizuna” eta 1968ko “Ortografia” irakurri besterik ez dago ohartzeko zein garbi zituen Mitxelenak irizpide soziolinguistikoak, nola zekien non zetzan, non datzan euskararen oraina eta geroa, euskararen normalizazioa: euskara noranahiko izango da euskaldunen aho-idatzietan bizi bada, bizi dituzten komunikazio-egoeretan balio badie. Eta helburu horri (ere) eskaini zion bere langintzaren atal handi bat, sakon ezagutzen zuen euskal literaturan euskararen corpusa kodetzeko eta arautzeko oinarriak emanez, eta baita berak euskaraz idatzitako lanetan hori erakutsiz ere.

Mitxelenak, bigarren espetxealditik 1948an atera ondoren, Filologia Klasikoko lizentzia amaitu zuen eta antzinako euskararen sistema fonologikoaz tesia egiten hasi zen. Gerratean kontrako aldean aritu zen Antonio Tovarrek 1958an Manuel Larramendi katedra sortu zuen Salamancako Unibertsitatean, eta hara gonbidatu zuen Mitxelena. Garai horretan eskatu zion Euskaltzaindiak R.M. Azkueren “Diccionario Vasco-Español-Frances” hiztegi sonatuaren bigarren argitaraldia prestatzeko, agortuta zegoen eta. Lexikografia lan itzela eskatzen zuen prestalan horrek -ezin dugu asmatu nolakoa izango zen Internet eta egun dauzkagun baliabide teknologikoak gabe lanean aritzea!-, eta, nahiz eta 2. argitaraldia ez plazaratu, euskal testuak goitik behera ongi baino hobeki eskuztatu behar izateari bestelako etekinik atera zion… atera genion.

Labur esanda, 1984an buru-belarri heldu zioten Koldo Mitxelenak eta Ibon Sarasolak 1987an (Mitxelena hil eta gutxira) plazaratu zen “Orotariko Euskal Hiztegia” osatzeari. Hiztegi larri hori izan da eta da Euskaltzaindia gidari duen eta euskal komunitateak erabiltzen duen euskara batu, estandarraren oinarri funtsezkoa.

Bizialdia

Herri honekin eta euskararen azterketa eta biziberritzearekin zuen konpromisoak balio handiagoa hartzen du Koldo Mitxelenari bizitzea egokitu zitzaizkion garai-giroez jabetuta.

Mitxelenak (ere) ez zuen jaiotzeko ez lekua ez eguna hautatu. Errenterian sortu zen (eta honela Errenteria munduan paratu) 1915eko abuztuaren 20an, Goiko kaleko 6. zenbakiko 2. solairuko etxebizitza arrunt batean. Joxepa Inaxi Elissalt/Elizalde Olaziregi (aita lapurtarra zuen) errenteriarraren eta Rafael Mitxelena Gabirondoren (Donostian bataiatua, baina oiartzuar familiakoa) seme bakarra izan zen. Amak 38 urte zituen Koldo jaiotzean, eta aitak 54.

Orduan fabrika bete herri zen 5.500 biztanleko Errenteriako familia langile batean hazi zen: ama etxekoandrea eta aita herrian ziren saskigile edo «xexteroetako» bat. Koldok ere gazterik hasi behar izan zuen lanean, batxilergoa Donostian aldi berean egiten zuela; etxean dirua behar zen. Errenteriako Lanera fabrikan lan egin zuen, errenteriar askok bezala.

Ideologia abertzalekoa zen eta 1936ko gerratean Itxarkundia batailoiko gudaria izan zen, 21 urte zituela. Esan dugun bezala, heriotza-zigorra eskatu zioten eta kartzelan bi aldiz egon zen. Txikitatik zekarren irakurzaletasuna umetako gaixoaldi luzean eta kartzelan jorratzeko «aukera» izan zuen. Hantxe ohartu zen euskarak eskas zuela Ramon Menendez Pidalek (1869-1968) gaztelaniarako egindako “Manual elemental de gramatica historica española” ikerlanaren parekoa, eta hantxe deliberatu zen euskararako hori egitera.

Nolabait esan, hain sakon eta gertuko zuen XVIII. mendeko Manuel Larramendik bezalaxe, euskal filologian «ezina ekinez» egin zuen Mitxelenak, arestian aipatutako “Fonetica Historica vasca” gauzatuta.

Gaurko ikuspegitik begiratuta, bitxia da Mitxelenak ez zuela unibertsitateko ikasketarik egin; ikasketak kartzelan eta, Errenterian bizi zenean, eskolak ematera topoan (trenean) ibiltzen zenean egin zituen. Ez zuen unibertsitateko eskolarik hartu, Parisen, Sorbonako unibertsitatean irakaslea zela (1969-71), Benveniste hizkuntzalariari entzun arte.

Matilde Martínez de Ilarduya, Koldoren bizi osoko laguna, aipatu nahi nuke. Madrilen ezagutu zuten elkar, frankismoaren kontrako borrokan, eta bertan ezkondu ziren 1949ko uztailaren 2an, Mitxelena 2. espetxealditik atera eta urtebete pasatxora. Bi seme-alaba izan zituzten, Rafael eta Itziar.

Eskertze-omenaldiak

Zilegi da aitortzea bizi zelarik eskertze-omenaldiak izan zituela -Honoris causa doktorea Bordeleko Unibertsitatean (1982) eta Bartzelonakoan (1984), Ossian saria (Hanburgon, 1983), Menendez Pidal saria (1984), EHUren (1985) eta Eusko Jaurlaritzaren (1986) omenaldiak…-. Aitortzen zerrendakoak dira, era berean, bere lanen antologia eta bildumak, bai bizi zela ezagutu zituenak bai geroago kanporatuak: Patxi Altuna kidearen “Mitxelenaren idazlan hautatuak” (1972) -eskuztatuaren eskuztatuaz anitzek sare-sare egina dauka(gu)na-, “Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak” (1988), “Palabras y textos” (EHU, 1987), “Sobre historia de la lengua vasca” (Lakarra, Etxenike eta Urgell, 1988), “Koldo Mitxelena gure artean” (Lertxundi, 2001), “Denbora bateko zinema-paperak” (Mujika, 2006), “Luis Michelena. Obras completas” (Lakarra eta Ruiz Arzalluz, 2011)…

Zer eman franko zuela hil zen, 72 urterekin. Heriotzak zurrunbiloa sortu zuen: berehalakoan heldu zitzaion Mitxelenari zioten-diogun zorra aitortzeari. Argitalpen kolektiboak plazaratu dira ordutik hona, errenteriarraren ekarri aberatsa aztertzen dutenak. Horietako batzuk aipatuko ditut, irakurleak eskuztatu nahiko balitu.

Etxetik hasita, Errenteriako Oarso urtekariak 1988an eta 2015ean gehigarri berezi bana eskaini zizkion. 1997an, Koldo Mitxelena Kulturuneak erakusketa, film eta liburu kolektibo bana argitaratu zituen: “Koldo Mitxelena Elissalt (1915-1987)”.

Mitxelenak 1954-1987 bitartean zuzendu zuen “Egan” aldizkariak ere ale berezia eskaini zion (1997ko data du), “K. Mitxelena gizona eta hizkuntza eta kultura”, J. San Martinek hitzaurrean jaso zituen, Ossian saria zela medio, Tovarrek Mitxelenari eskainitako hitzak. Hitzok ederki laburbiltzen dute Mitxelena ezagutu zutenen eta geroago bere lanen bitartez eskuratu dutenen pentsamoldea. Aipagarria da, Tovarrentzat, Mitxelena adituaren ezagutza neurrigabeak, euskal literatura zahar eta berrian, dialektologian, datu-aurkitze, -biltze eta konparazioan, metodologia eta zorroztasun teorikoa irizpide duela. Baina Mitxelena gizona ere aipatu nahi izan zuen: «Un hombre entregado a mantener la consciencia de su pueblo y la lengua que considera esencial siga viviendo en labios de la gente». (11. or.).

Azken gogoeta, gaurko egunean

Europako modernitate berantiarraren ezaugarritzat daukate, besteak beste, bernakularizaziorako joera; esan nahi baita, hizkuntza-aldaera estandarra auzitan ipini eta nork bere tokiko aldaerari (noiznahi eta nonahi) tinko eustea. Hizkuntza hegemonikoentzat ez bezala, estandarizazioan horren aspaldi hasi ez diren hizkuntza gutxituentzat badu bere arriskua jokaera horrek.

Ideologia politikoa alde batera utzita ere, arriskuetako bat da euskararen munduan zatiketa sortzea euskaldun «euskalkidunen» eta (zorionez) gero eta gehiago diren euskaraz eskolan ikasitako euskaldunen artean. Horrekin batean, batua «artifizialtzat» jo eta erabiltzeari muzin egiteak beste ondorio hau ere ekar dezake: euskaldunen artean erdararen bat erabili behar izatea elkar ulertzeko. Eta hirugarrenik, euskarari aldaera zaindua kamustea, kultura-hizkuntzaren balioaz hustea eta adierazpide ugaritasuna murriztea.

Iparraldeko eta Hegoaldeko, hiri eta herri txikietako, euskara etxean jaso, inguruan ikasi nahiz eskolan bereganatu dugun euskaldunok nola moldatuko ginateke gaurko egunean hil zen Koldo Mitxelenak gidatu zuen euskara batu estandarrik gabe?

Mitxelena, goian ezkerrean, beste zenbait euskaltzainekin batera Arantzazun, 1972an. Juan SAN MARTIN / WIKIMEDIA / CC BY-SA

MITXELENA SOZIOLINGUISTA

Kike Amonarriz

Wikipediak aipatzen duenez, hauek izan ziren Koldo Mitxelenaren jarduerak: hizkuntzalaria, idazlea, filologoa eta unibertsitateko irakaslea. Berari buruzko testuan nabarmentzen da Euskara Batuaren sortze prozesuan eragile nagusietako bat izan zela, euskararen ikertzailea...; baina ez da ekarpen soziolinguistikorik aipatzen. Wikipedian bertan, Mitxelena ez da agertzen euskal soziolinguista ezagunen zerrendan.

Mitxelenak hizkuntzalaritzan eta filologian egindako lan erraldoiak itzalean utzi ditu soziolinguistikan egindako ekarpenak. Bere lanetan, alor hau, teorikoki baino areago, modu praktikoan garatu zuen, soziolinguistika aplikatua esan izan duguna, azken batean.

Nire ustez, nabarmentzekoa da Mitxelenaren hizkuntzalaritza lan guztien eta hartu zituen erabaki linguistiko nagusien oinarrian ikuspegi soziolinguistiko sendo bat zegoela. Mitxelenak oso argi zuen euskararen biziberritzeak estatusaren alorrean bideratu beharreko normalizazio prozesuak eta gure hizkuntza-komunitatearen barne-kohesioak ezinbestean corpus modernizatu eta estandarizatua behar zutela. «Batasuna eginik ere, gal daiteke; batasunik gabe, galdua dago aldez aurretik», zioen “Pro domo” artikuluan, “Egan”-en, 1970ean.

Ikuspegi soziolinguistiko gaurkotu baten gabeziak eragin zuen neurri handi batean batuaren inguruko eztabaida. Mitxelenak oso ondo ulertu zuen zer zegoen jokoan. Militantea izanik, inguru jeltzalean batuaren aurka oso indartsuak ziren bestelako joera ideologikoen aurrean posizio hori gidatu, defendatu eta aurrera atera izanak modernizazioaren bidea zabaldu zion euskarari.

Euskararen erabilera, hizkuntzaren garapen sozio-funtzionala, euskararen bilakaera historikoa edo etorkizuneko ikuspegia maiz azaltzen dira Mitxelenaren hausnarketa, artikulu eta elkarrizketetan. «Hobe genuke euskarak maitasun gutxixeago eta begiramen gehixeago jasoko balu gugandik» zioen jada 1960an “Egan”-en.

Euskal soziolinguistikaren historia ezin da ulertu Koldo Mitxelenaren lan hauek aintzat hartu gabe: 1968ko “Ortografia txostena”, 1978ko Euskararen Liburu Zurian idatzitako “Euskararen bide luze bezain malkarrak” artikulua, non agertzen den «egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria» esaldi famatua; 1983an Eusko Ikaskuntzaren IX. Kongresuan aurkeztu zuen “Euskara eta euskararekiko ikerlanak”, Jose Mª Sanchez Carrion Txepetx-en liburuei buruz idatzitakoak (“Un futuro para nuestro pasado” liburuaren oinarri izan zen doktore-tesiaren zuzendaria izan zen), artikulu batzuetan jasota dauden eztabaidak, Txillardegirekin gai hauen inguruan izan zituenak, etab.

Mitxelenaren alderdi hau, eta beste asko, ezagutzeko, aukera ederra eskaintzen du Anjel Lertxundik apailatutako “Mitxelena gure artean” liburuak.