26 OCT. 2024 ORDU-ALDAKETA Gure bizimoduan eta osasunean izan dezakeen eragina leuntzeko gakoak Pertsona batzuek egun bat baino gehiago behar izaten dute ordutegi berrira egokitzeko, kontzentratzeko eta erreakzionatzeko gaitasuna galduz. Horrek ondorioak ditu osasun fisikoan eta mentalean, bai eta garapen profesionalean ere. Diego Redolar neurozientzialariak eman dizkigu aurre egiteko zenbait gako. Goizaldeko hiruretan ordu biak izango dira eta, beraz, ordubeteko loa «irabaziko» dugu. (GETTY IMAGES) UOC Iritsi da aurten ere udazkeneko ordu-aldaketa. Bihar goizaldean atzeratuko dugu ordularia neguko ordutegia hartzeko. Goizaldeko hiruretan ordu biak izango dira eta, beraz, ordubeteko loa "irabaziko" dugu. Baina, pertsona batzuentzat, ordu-aldaketak deserosotasun bat ekar dezake. Eguneroko bizitza apur bat aldrebestea izan daiteke zenbait kasutan -etxeko haurrak goizeko seietarako esnatzea, adibidez-, baina beste batzuetan fisikoki zein mentalki ere antzematen da. «Gure garuna nahiko ondo egokitzen da, baina ordu-aldaketaren eragina logura eta neke handiagoa sentitzea izan daitezke. Edo hurrengo egunean lo hartzeko zailtasunak eta kamustasun kognitiboa izatea. Distraituago egotea ere izan daiteke, eta gogo-aldartean ere eragina izan dezake», azaldu du Diego Redolar neurozientzialari eta Universitat Oberta de Catalunya-ko (UOC) Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Ikasketen zuzendariak. Redolarrek azpimarratzen duenez, sentsazio horien arrazoia «erritmo zirkadianoen nolabaiteko ‘deserregulazioa’» da. Izan ere, gure burmuina 24 orduz behin erritmo biologiko nagusiak erregulatzeko programatuta dago, hala nola loaldi-esnaldi zikloa eta hormona jakin batzuen askapena, melatoninarena edo kortisolarena, adibidez. Horregatik, 24 orduko tarte hori aldatzean, garunak denbora gehiago beharko du berregokitzeko. «Normalean, ikuspegi fisiologiko batetik, egun bat behar izaten dugu», nabarmendu du Redolarrek. «Baina badira pertsona batzuk zaurgarriagoak, hala nola adinekoak edo haurrak, agian denbora gehiago behar dutenak garunak erritmo zirkadiano horiek behar bezala erregulatzeko». Oro har, ordu-aldaketaren ondorengo egunean pertsona batzuek izaten duten neke edo logura sentsazioa, "ajea"-ren parekoa, aldi baterako prozesu bat da, eta garunak egoera berrira egokitu behar duela besterik ez du erakusten. «Ordu-aldaketak pertsonen osasunean izan dezakeen eragina txikia da», dio adituak. Urteroko eztabaida Hala ere, gai polemikoa da. Espainiar Estatuan, Madrilgo Gobernuak batzorde bati eskatu zion txosten bat egiteko. Bere erantzuna izan zen saihestu egin behar zela «ordutegi-ardatzak presaka aldatzea, adostasun partekaturik ez dagoen bitartean eta horrek dakartzan arriskuak eta aukerak gure herritarren praktikan zabaltzen ez diren bitartean». Batzorde horretatik adierazi zutenez, «egungo ordutegia 80 urtez mantendu ondoren, biztanleak ordutegi horretara egokitu dira, eta ez dago hori aldatzeko arrazoi nahikorik». Aldi berean, Europako Batasuna aspalditik ari da eztabaidatzen ordu-aldaketa kentzeko aukerari buruz. Kontseilu Europarrak, 2018an, ordu-aldaketak ezabatzeko proiektu bat aurkeztu zuen, urtebete geroago Parlamentuak babestua. Prozesua Kontseiluaren erabakiaren zain dago. Bertan, Estatu kideen gehiengo kualifikatua behar da, eta orain arte eutsi egin zaio. Beraz, europarrok ordua urtean bitan aldatzen jarraitzen dugu. Ordu-aldaketara egokitzearen zatirik handiena gorputzaren beraren eta egokitzeko behar den denbora-tarte horren araberakoa bada ere, prozesu erosoagoa eta azkarragoa izan dadin lagun dezakegu. Har ditzakegun neurri nagusien artean, ohiko errutinak errespetatzea dago, batez ere lotara joateko ohiko orduari dagozkionak. Paseatzera irtetea ere adimena argitzeko metodo erraza da, baina ariketa fisikoa eta kirola ere egin daitezke, edo ohera joan aurretik jarduera lasaigarriak egin. Azkenik, arreta jar diezaiokegu elikadurari, egokitzapen-egun horretarako denboraldiko elikagaietan oinarritutako dieta arin bat aukeratuz. Errealitatea da ordu aldaketak deserosotasuna ekar dezakeela lehen egunean, baina egokitzapen pixka batekin hobeto kudeatzen lagunduko diogu gure burmuinari, orria azkar pasatzeko.