09 NOV. 2024 ZENBAKIAK: BIKTIMAK IKUSGARRI BIHURTZEKO 650 milioi haur baino gehiago izan dira haurtzaroan sexu indarkeriaren biktima UNICEF Gobernuz Kanpoko Elkarteak lehen aldiz bildu du mundu osoan haur edota nerabe zirelarik sexu abusuak pairatu zituztenen zifra. Aurreratu dute, hala ere, zifra ez dela guztiz erreala, datuak biltzeko izandako zailtasunagatik. Lehen urrats bezala plazaratu dute. Haurren aurkako sexu-indarkeria oso hedatuta dago, eta muga geografiko, kultural eta ekonomikoak gainditzen ditu. (Frank DEJONGH | UNICEF) Iraitz Mateo Haurren aurkako sexu-indarkeria gure kontzientzia moralaren orban bat da», halaxe adierazi zuen UNICEFeko zuzendari exekutibo Catherine Russellek. Urri erdialdean argitaratu zituen UNICEFek bere azken ikerketako datuak, munduko haurrek jasandako sexu erasoenak, alegia: gutxienez 650 milioi haurrek jasan dute haurtzaroan sexu indarkeria. Azaroaren 7an eta 8an umeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko munduko lehen konferentzia ospatu zen, Kolonbian. Bertan, Gobernuz Kanpoko Erakundeak emandako datuak aletu, egoeraren inguruan hausnartu eta zenbait neurri proposatu berri dituzte. Deigarria da mundu mailan egindako lehen konferentzia izatea, baita lehen aldiz mundu mailako datuak batu izana ere, baina datuen inguruan mintzatzen hasitakoan, nabarmena da datuak biltzeko dagoen ezintasuna. Zalantzarik gabe gai konplexua da, sexu abusuen gaia izatez konplexua izan ohi baita, baina haurrak tarteko izanik, are konplexuagoa bihurtzen da. Datuek erakutsitakoaren arabera gehienetan etxekoek eragindakoak izan direlako, herritar zaurgarrienak direlako umeak, estigma handiko gaia delako... hamaika arrazoi egon daitezke tarteko. UNICEFek egindako txostenak nazioarteko lehen hurbilketa bat egiten du. Zenbakiak jarri dizkio ikerketak egoera larri bati, kuantifikatzeko lana egin du nolabait, baina ezin ahaztu albo batera geratu direnak ere: salatu nahi izan ez duten edota salatu ezin izan dutenen kasuak. Ikerketan zehar bi kategoriatan banatzen dira erasoak, sexu indarkeria fisikoa eta ez-fisikoa, edo «kontakturik gabea» bezala ere ezaguna dena. Lehen kategorian bortxaketak edota eraso fisikoa ekarri duten sexu erasoak kokatuko lirateke, eta bigarren kategorizaziorako definizio bat proposatzen du Gobernuz Kanpoko Erakundeak: «Hitzezko edo hitzik gabeko edozein jokabide ez-fisiko, isolatua edo iraunkorra, sexu-jarduerarako edo haurraren sexualitaterako erabiltzen den gorputzeko edozein zatiri erreferentzia egiten diona, teknologiak emandako jokabidea barne». Gainera, txostenak hainbat herrialdetan bizi den aroa nolakoa den gogoratzen du; hain zuzen ere, teknologiak urrats gehien eman dituen herrialdeetan, sexu abusurako modu berriak ere berarekin ekarri dituela ondorioztatuz. Eta beraz, gizartearekin eta munduarekin batera, sexu abusuek ere «eboluzionatzen» jarraitzen dutela jaso dute adituek; bi begiak etengabe zabalik izatera bultzatzen gaitu horrek. Dakiguna eta ez dakiguna Datuetan sakondu aurretik, datu ezak utzitako zoruari erreparatzea ere beharrezkoa da. Izan ere, txostenaren arabera, munduko herrialdeen %60k ditu datuak, erdiak baino gehiagok, baina datuak dituzten zenbait herrialderen kalitate maila eskasa dela jasotzen du irakurgaiak. Datuek erakusten dutenez, haurren aurkako sexu-indarkeria oso hedatuta dago, eta muga geografikoak, kulturalak eta ekonomikoak gainditzen ditu. Biktima kopuru handiena Saharaz hegoaldeko Afrikan erregistratu da, 79 milioi neska eta emakumerekin ( biztanleen %22). Ondoren datoz Ekialdeko eta Hego-ekialdeko Asia (75 milioi, %8), Erdialdeko eta Hegoaldeko Asia (73 milioi, %9), Europa eta Ipar Amerika (68 milioi, %14), Latinoamerika eta Karibe (45 milioi, %18), Afrikako Iparraldea eta Mendebaldeko Asia (29 milioi) eta Ozeania (6 milioi). Nahiz eta neskak eta emakumeak diren kaltetuenak eta beren esperientziak gehiago eta hobeto dokumentatuta dauden, datuek erakusten dute ume mutikoak eta gizonezkoak ere abusuen biktima direla. Kalkuluen arabera, 240 eta 310 milioi haur eta gizonek - 11tik 1ek, gutxi gorabehera - jasan dituzte bortxaketak edo sexu-abusuak haurtzaroan. Kalkulu hori emakumeetan 410 eta 530 milioi artekoa da, kontaktu fisikorik gabeko abusu moduak kontuan hartzen badira. Orotara, gizarte osoaren %10 eta 20k jasan ditu sexu abusuak haurtzaroan edo nerabezaroan. Kontakturik gabeko abusu moduak kontuan hartzen ez badira, 410 eta 530 milioi artekoa da biktimen kopurua. Felix VIGNE | UNICEF Zenbakietatik harago Haurtzaroa zein nerabezaroa garai zaurgarriak zein babesgabeak izan daitezke hainbat eta hainbatentzat. Ikerketak jasotzen duenaren arabera, indarkeria jasan duten haurrek arriskua dute berriro ere biktima izateko edota haurtzaroan jasotako indarkeria helduaroan beste batzuengan erreproduzitzeko. Hori horrela izanik, UNICEFek gomendatzen du haurtzaroan egin behar dela esku-hartzea, «bizitza oso batean belaunaldiz belaunaldi indarkeria erreproduzitzen jarraitu nahi ez bada». Indarkeria belaunaldietan barna erreproduzitzeko arriskuaz gain, umetan sexu abusuak jasan dituztenek trauma helduaroraino eraman ohi dutela jasotzen du ikerketak: «Sexu-transmisiozko gaixotasunak hartzeko edo substantzien abusuan erortzeko arrisku handiagoa dute, baita gizarte-isolamenduan edo buru-nahasteetan erortzeko ere, hala nola antsietatean eta depresioan, eta, gainera, harreman osasuntsuak sortzeko zailtasunak izaten dituzte». Berriro ere indarkeria bizitzeko arriskuaren kasuari dagokionez, datu bat jarri dute mahai gainean: 60 herrialde barnebiltzen dituen inkesta batek jasotzen du indarkeria sexista jasan duten emakumeen %42k haurtzaroan jasan zuela indarkeria hori lehen aldiz. Sarritan, baina, haurtzaroari erreparatzen zaio, eta nerabezaroa berdin-berdin izan daiteke aro zaurgarria. Hain zuzen ere, emakume gehienen kasuan, 10etik 8, 14-17 urte bitartean jasan zuten indarkeria mota hau. 10etik 2k, aldiz, kontatu zuen 13 urte baino lehen jasan zuela indarkeria mota hau. Txostenak adierazten duenaren arabera, joera antzekoak daude gizonezkoen kasuan ere. «Nahiz eta neskak eta emakumeak diren kaltetuenak eta beren esperientziak hobeto dokumentatuta dauden, datuek erakusten dute gizonezko mutilak ere abusuen biktima direla», zehazten du txostenak. Jada jorratuta dagoen gaia bada ere, txostenak berriro ere gogoratzen du «erasotzaile potentzialak» gertukoak direla, familiako senideren bat kasu gehienetan. Hain zuzen ere, inkestatuak izan direnetatik %10ek baino ez du esan eraso egin zieten pertsona ez zutela ezagutzen. Gainera, ume edo nerabe gehienek sekretuan gordetzen dute erasoak jasan dituztela; 10etik 7k onartu zuten inoiz ez zutela aurrez kontatu. 10etik 1ek esan zuen «zerbait» esan zuela, baina ez zuela laguntza eskatu. Eta 10etik 2k, aldiz, babesa eskatu zutela azaldu zuten. «Gehienek pertsonalki ezagutzen duten norbaiti eskatzen diote laguntza, oso gutxi hurbiltzen dira elkarteetara», jasotzen du txostenak. Eta, era berean, nabarmentzen du ikerketaren ondorioetako bat izan dela, oro har, mutilek gutxiagotan eskatzen dutela laguntza, beraien zaurgarritasuna erakutsiko luketelako horrela. «Haur guztiek merezi dute haurtzaroa» lelopean ospatu dituzte jardunaldiak Kolonbian, konferentzia «historikoa» izango da antolatzaileentzat. «Haur guztiak beren etxeetan, eskoletan, komunitateetan eta linean seguru egongo diren mundu bat berrimajinatzea eta haurren babesaren erronka globalarekin bat datozen konpromisoak hartzea», hori aipatu zuten aurrez asmo bezala. Prebentziorako estrategiak garatzea da, UNICEFeko txostenaren arabera, lehenbailehen martxan jarri beharrekoa. Vicent TREMEAV | UNICEF Hainbat norabide Neurri zehatzak definitzea ez da lan erraza, nahiz eta Kolonbian egindako jardunaldian joera nagusi batzuk, proposamen sortaren bat edota neurri zehatzak plazaratzeko lanean jardun ziren. Hasteko, arreta jarri beharreko elementuak azpimarratu zituzten: genero ezberdintasuna; gizarteko arauek bultzatutako jarrera eta hauetan batez ere gizonek sexuarekin duten harremana; eta biktimen estigmatizazioa. Horiek dira, UNICEFek landutakoaren arabera, arretaz landu beharreko hari mutur batzuk. Elkarrizketa jo dute funtsezko tresna gisara; gurasoek, zaintzaileek edota irakasleek formakuntza jaso behar dutela eta haurraren portaera aztertzeko informazioaren jasotze egokia egin behar dutela nabarmentzen dute. Eta beraz, beharrezkoa dela prebentziorako estrategia integralak lortzea, modu eraginkorrean biolentzia eta abusu orori aurre egiteko. Botere guneen inguruan ere aipamen berezia egiten du txostenak. Eta hain zuzen ere, jasotzen du Estatuak derrigortuta daudela sexu erasoren bat jasan duten umeei erantzun eta laguntza «multidiziplinarrak» ematera; hau da, gizarte zerbitzuak, osasun zerbitzuak eta arreta zentroak haur horien beharren eskuetara bideratzera. Bestalde, estatuek haurrak babesteko legeak egin behar dituztela esaten du Gobernuz Kanpoko Erakundeak: «Marko juridikoak behar dira, abusua zigortu behar da, eta baita esplotazioa ere. Erreparazio sisteman ere martxan jartzeke daude oraindik, eta horiek diseinatu behar dira». Gizartearen eraldaketa bultzatuko duten eta erroko aldaketak proposatuko dituzten neurriak ere garrantzitsuak direla azpimarratu du UNICEFek. Batetik, honakoa proposatzen du: «Zalantzan jarri eta aldatu egin behar dira arau sozial eta kulturalak, indarkeria sexuala erreproduzitzea ahalbidetzen duten arau horiek, eta umeak laguntza eskatzetik aldentzen dituena». Zuzenean haurrei lotutako proposamen bat ere egin dute. Eta alor honetan, umeei beraien adineko informazio egokia ematea aipatzen dute, hau da, adin bakoitzerako zein informazio eta material edo baliabide den egokia ikertu eta horiek garatzea; «Informazio egokiak ahalbidetuko die haurrei sexu indarkeria zer den atzeman eta salatzea». Haur edo nerabeek sexu indarkeria pairatzen dutela atzeman eta salatzen dutenerako, ordea, beharrezko zerbitzuek prest egon behar dute. Kasu batzuetan zerbitzu horien koordinazioa eta inplementazioa bermatu beharko da, eta beste askotan irisgarri egin beharko dira, eta zenbait herrialdetan zerbitzu egokituak ere sortu beharko dira. Horregatik aipatzen da txostenean legeak eta bitartekoak indartu behar direla, eta zehaztapen bat gehitzen dute adituek «haurrak babesteko helburuarekin sortutako lege eta bitartekoak izan behar dira sortu beharrekoak». Horretarako, arlo humanitarioan inbertsioak egiteaz gain, beharrezko sistemetan ere inbertitu behar dela uste dute. Eta hasierako hausnarketara bultzatzen gaitu azken neurriak ere: «Datuak maila globalean indartu eta eguneraketa sistema berriak arakatu». Horixe da UNICEFek egindako azken proposamen eta eskaria. Izan ere, beraien ustez, biktimak kontatzen direnean, jada ez dira ikusezinak, eta jada babestearen inguruan egindako promesak egia bihurtzen hasi daitezke. Zenbakiak eta testigantzak badaude, baita promesak ere, ea baliabideak noiz heltzen diren. Sexu bidezko indarkeria garaiarekin batera aldatzen doala kontatzen du txostenak, eta egun, teknologiak urratsak egin ahala, sexu abusurako modu berriak sortu direla Elkarrizketa beharrezko tresna da egoera iraultzeko. Haurrari sexu indarkeria antzemateko informazioa eman behar zaio, eta helduei haurren portaera aztertzeko ere bai