30 NOV. 2024 Zero Xabier Mikel ERREKONDO Matematika zientzia zehatza da. Edozein delarik ere zenbakiak dantzan jartzen dituen formula, emaitza zehatza da. Orain bai, testuinguruan jarritako eragiketa hitzekin zehaztasunez adieraztea gehiago kostako zaigu, ez baita berdin-berdina zenbakien eta letren dantza. Gaurkoan, baina, zenbaki batean nahi nuke zentratu; zenbakirik borobilena, zero, alegia, 0. 0 ezerezaren sinboloa da, bai, baina 0 eta “ezer” ez dira gauza bera, zero ezer baino zerbait gehiago da. Ze ezereza ez da hutsa, Oteizaren begietatik hutsa dena da, hortik hasten da dena. Aldiz, ezereza ez-den dena da, esango nuke, existitzen ez den hura baino ezin da izan ezereza. Zeroa hutsa adierazteko ere erabiltzen da, eta nago egokiagoa dela ekibalentzia hori; eta zer esanik ez bi zero etzanik infinitu osatuz, alegia, Oteizaren hutsa adierazteko aproposa, hutsa dena baita, amaigabea, espazioek eta formek elkarlanean eraikia. Zeroa oreka da, zenbaki negatiboen eta positiboen arteko eremua, tentsioen bare-puntua, sokatiran erdiguneko zapia… Zero behar lukete lanean hildako beharginak; zero zaborrak; zero emakume jazarriak; zero etorkin itoak Mediterraneoko eta Bidasoko ibai gorrituetan. Nahiago genuke halako arazoak inoiz gertatu ez eta ezereza balira, gertakari horien aukeraz pentsatzen jartzeko ere arrazoirik izango ez bagenu. Baina tamalez izugarri dira eta bakoitza bera izugarrikeria da, eta, ezerezean ezin utziko ditugun arren, nahikoa lan badugu aipatu kasuak zero zenbakira eramaten; 0! Zirkuluaren amaierak halabeharrez hasiera puntura garamatza, bira osoa eman ondoren 0 puntura, eta nahaste honetatik guztitik, nago, zeroren, ezerezaren eta hutsaren arteko ezberdintasunekiko azterketa egingo balidate, badakidala ze nota aterako nukeen; begiek hartu duten forma nabari dut… •