07 DéC. 2024 { KOADERNOA } Gizon festa eta aldaketa beharra EHU-n Mijo LIZARZABURU 2024an EHUn arkitektura ikasketak bukatu dituzten Arkitetas taldeko kideek mezu baten bitartez adierazi dute graduan igarotako urteetan bizitako genero diskriminazioa. Bertan plazaratzen duten hausnarketak dioena da urteetan emakumeak ikasleen gehiengoa izanik ere, botere postuetan, hau da, irakasle bezala, gizonak direla nagusi. Genero arrakala hori agerikoagoa egiten da arloaren arabera, diziplinaren ordezkari nagusi eta gradu osoko ikasgai garrantzitsuena den Proiektuetan adibidez, euskaraz ikasten baduzu 12 irakasle gizon eta emakume bakarra aurkituko dituzu. Egia da irakasleen plantilla aldatzea zaila dela eta Arkitetas-ek ere onartzen du hori ezin dela kurtso batetik bestera egin, baina salatzen dute emakumeen parte-hartzea sustatzeko erabili ahal diren hitzaldietan ere, bai graduan, bai masterretan, gizonak direla gehiengoa: «Gradu osoan era askotariko hitzaldietara joateko aukera izan dugu, batzuk bereziki interesgarriak eta beste batzuk ez hainbeste. Emakume oso gutxi egon dira hitzaldi hauetan. Eta egon, badaude. Izan ere, eskolan ikasleen gehiengoa izanda, lan munduan ere hala beharko luke, edota gutxienez presentzia handia eduki. Horregatik ez dugu ulertzen zergatik diren gehiengoa gizonak». Egitura horren ondorioak ikasgeletako dinamiketan islatzen dira, non gizonek, gutxiengoa izanda ere, presentzia nabariagoa duten emakume eta genero disidenteek baino: «Proiektuak azaltzerako (zuzentzerako) orduan gizonezkoek konfiantza handiagoa edukitzen dute orokorrean, eta emakumeok zalantzaz edo mesfidantzaz egiten dugu. Hau ez da emakumeoi era naturalean datorkigun jokamoldea, baizik eta urteetan zehar barneratutako dinamika batzuen ondorioa». Horregatik, egoera aldatzeko beharrezkoak diren neurriak eskatu dituzte: emakumeen presentzia sustatzea funtsezko irakaskuntza-roletan (bereziki arlo teknikoetan, sormenezkoetan eta kudeaketa arkitektonikoan), hitzaldi akademikoetan genero oreka bermatzea, ikasgelan gizonak ez direnen parte-hartze dinamikak sustatzea eta neurri hauek eguneroko jardunean islatzen direla bermatuko duten mekanismoak garatzea. Eskertzen da gradua bukatzen ari diren ikasleek presio akademikoa tarte batez albo batera utzi eta unibertsitatea hobetzeko beharrezkoa den hausnarketa politikorako tartea hartu izana. Guk, filosofiako ikasleok, egoera oso antzekoa bizi izan genuen graduan, eta ez genuen salatu; urte batzuk pasa dira gure graduaziotik eta Filosofiako fakultatean ezer gutxi aldatu da. Nire ikasle urteetan bost filosofia irakasle emakume izan nituen, gainera bostetik bik ez zuten ezta filosofia irakasten ere (euskararen arauak eta latina baizik). Filosofiako gradua 4 urtetakoa da, bi lauhileko urtean, 5 ikasgai lauhileko bakoitzean, hau da, 40 irakasle, 35 gizon eta 5 emakume. Ez dakit zer gehiago behar den ikusteko beharrezkoa dela genero kuotak ezartzea gradu hauetako irakasle plazetarako sarbidean, berdintasuna ez denean gertatzen derrigorrez inposatu behar delako, gure ibilbide akademikoan zehar gizon festa etengabea inposatu zaigun bezala. EHUren egoera hau izanik, zorionak eman nahi dizkiot Joxerramon Bengoetxea eta bere taldeari, eta gogorarazi garaipena ez dela errektore postua lortzea, baizik eta unibertsitatea eraldatzea, eta horretarako lan handia dago egiteko. Israelekin harreman akademiko oro moztea, Microsoft bezalako enpresei gure datuen kontrola kentzea, irakasle ordezkoen prekaritatearekin bukatzea, ikasgai guztiak euskaraz egin daitezkeela bermatzea, ikasleria osoaren parte hartze politikarako espazioak egongo direla ziurtatzea edo (idatzi honekin azpimarratu nahi izan dudan moduan) irakasleen arteko genero oreka inposatzea. Lan hau ezinbestekoa delako guztiz publikoa, euskalduna eta feminista izan behar duen unibertsitatearentzat. • EHUren egoera hau izanik, zorionak eman nahi dizkiot Joxerramon Bengoetxea eta bere taldeari, eta gogorarazi garaipena ez dela errektore postua lortzea, baizik eta unibertsitatea eraldatzea, eta horretarako lan handia dago egiteko