GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevue
Nerea ELUSTONDO
Bertsolaria

«Gizartean elkarri entzuten ikastea falta zaigula uste dut, oholtzan horretan saiatzen naiz»

Nerea Elustondo Plazaolak (Legazpi, 1981) bigarren finala jokatuko du larunbatean Illunben. Jendea «bertsoak entzutera» joatea espero du, eta berak, ahal den neurrian, dibertitzera joan nahi du.


Udazkeneko fasera jada txapelketa martxan zegoela iritsi zinen aurreko finalean parte hartu zenuelako, zein sentsazio izan zenituen?

Oiartzungo saioan behintzat trenean igota nindoan, baina Tolosara bertigo handiarekin joan nintzen, azken-azken kanporaketa tokatu zitzaidan eta batzuk jada trenera igota hilabete eta gehiago zeramaten. Alde batetik, oso ondo etorri zitzaidan lasai egon nintzelako irailean eta urrian. Baina hasterako entzun nituen jendearen komentarioak, saio dexente, eta jendea ondo ari zen bertsotan, beraz, bertigo handiarekin joan nintzen lehen saiora. Eta bigarren saiorako kontrakoa, segidan etorri zitzaidan, baina hori da txapelketa, tokatzen denean tokatzen da.

Gainera, ariketa asko aldatu ziren fase batetik bestera, prestakuntzan arreta berezia jarri zenuen?

Miraririk ezin da egin aste batetik bestera, laurdenetan oso ariketa estandarrak ziren. Finalerdietan ariketak baino arriskutsuagoa zen planteamendua, bereziki ofizioa hasten zuen bertsolariari ardura handia eskatzen zioten, iruditzen zait bigarren saiotik aurrerakoek zenbait estrategia ere lotuago izan zituztela. Gu ganbarako lanak kanpo harrapatu gintuen, lehenengoak irekitzen du gaia, baina gure artean komentario txiki bat egitea nahikoa izan zitekeen, eta gu zentzu horretan baxu harrapatu gintuen, eta uste dut hor abantailatxo bat eman geniela beste saioetakoei.

Lan arriskutsuak iruditu zitzaizkidan, bertsolariaren esku geratzen zelako erabaki asko hartzea, bai onerako eta baita txarrerako ere. Ariketaren bat horrelakoa izatea bueno, baina finalerdietan ariketa bat baino gehiago ziren horrelakoak, hori izan zen aldaketarik handiena. Dena den, egia esan, oholtzara igo arte ni ez nintzen horren kontziente; hartu beharreko arduraz ez nintzen kontziente izan kantatzeko momentura arte.

Finala ere ariketa berezi batekin abiatuko duzue, neurria zuen esku egongo da. Plazaren tankera ematen dio horrek?

Ez zait iruditzen, plazaren tankera eman behar balitzaio, utzi denak librean eta erabakiko dugu zer egin. Baina ariketa bakarra da, eta gero jada lotuta daude zortziko txikia, hamarreko txikia… Ez dakit zein neurritan egingo dugun, niri zentzuak zortziko handian egitea eskatzen dit, inon idatzita ez dagoen arren zortziko handirako joera dagoelako. Iruditzen zait oso arriskutsua dela ja berez ez dakit zenbat mila entzuleren aurrean kantatu beharrak sortzen duen tentsioari gehitu behar izatea neurriaren erabakia gure esku egotea.

Gainera, ez da saio bukaera aldera jada motorra berotuta daukazunean egiten duzun ariketa bat, hasiera-hasieran egin behar duzu, eta hotz-hotzean ez dakit buruak ataka horretan esperimentatzeko gogorik izango duen. Beste ardura bat gehiago emozioa emateko, gehiago entzuleei begira bertsolariei baino.

Sumatzen zaitugu ofizioetan entzun eta erantzuten, batzuetan txapelketan faltan sumatzen dugun zerbait.

Nik uste dut ofizioak definizioz eduki behar duela elkarrizketatik, ez dut esan nahi denak elkarrizketa itxia izan behar duenik, ez eta bukaerari bukaerarekin erantzun behar zaionik ere. Baina iruditzen zait elkarlanak egon behar duela, eta elkarlana izateko, batak besteari entzutea behintzat ezinbestekoa da, erantzutea beti ez da posible izaten.

Iruditzen zait batzuetan ofizio deitutako bi bakarkako elkartzen ditugula, eta zilegi iruditzen zait, baina nik entzule bezala eskertzen dut elkarrizketak entzutea. Eguneroko bizitzan nik uste dut monologo dexente edukitzen ditugula oholtzatik kanpo ere, eta oholtzan ere elkar entzutea garrantzitsua da. Zer esaten den eta zer esaten ez den horretan sartu gabe ere, mezu bezala, gizartean oro har elkarri entzuten ikastea falta zaigula iruditzen zait, niri ere bai e, baina oholtzan saiatzen naiz hori praktikan jartzen; ez dut beti lortzen, eta beti ez da posible. Batzuetan estimatzen da besteari ez entzunarena egitea, bat amildegian behera badoa besteak jarraitzea ez da oso hautu inteligentea izaten, batzuetan egiten dugun arren.

Zer iradokitzen dizu finaleko zortzikoteak?

Adinez ni izango naiz zaharrena, hasteko. Iruditzen zait kanturako talde polita dela, bat ez beste denekin kantatu dut noizbait, zentzu horretan ez da erabat berria izango. Paperaren gainean esango nuke zortzi pertsona diferente xamar garela, Gipuzkoako final batean inoiz egon den emakume kopuru handiena ere bada. Kanpotik iruditzen zait saio polita ateratzeko osagaiak badaudela, gero barrutik ikusi egin beharko dugu larunbatak nola harrapatzen gaituen, baina ikusten dut nahasten zaizkigula gaztetasuna, freskura, esperientzia… teorian osagai guztiak ditu finalak; praktikan, ahal dena egingo dugu denok.

Zein gorputzaldi edo asmorekin iritsi nahiko zenuke finalera?

Nik bertsotan egiteko gogoa daukat, fokua ez dut postuetan jarri nahi, etortzen baldin badira ondo, eta bestela ere bai. Hainbeste jenderen aurrean bertsotan egiteko jarrera mantendu nahiko nuke, funanbulista konplexu horretan ibili: bukatuko duzun edo ez ez jakitearen emozio horretan, bukatzean eta asmatzean ederra izaten den emozio horrekin.

Orain dela bost urte bertigoarekin joan nintzen horrenbeste jenderen aurrera, eta orain disfrutatzea gustatuko litzaidake. Ez dakit posible den horrelako dimentsioetan disfrutatzea, baina bertsotan eginez momentu batzuetan gozatzea eta publikoarengana iristea, hori da nire helbururik handiena. Gero, ikusi egin beharko da, larunbatean gorputzak, buruak, giroak… denak aginduko baitu; denok egin nahi dugu saio ona, baina ahal dena egingo dugu, eta ahal den hori ea txukun xamarra den.