14 DéC. 2024 Livoniera, joan-etorriko hizkuntza bat Baltikoan Iragan hamarkadan hiltzat jo zuten, azken hiztuna orduan zendu zelakoan. Baina batzuek hizkuntza ikasten jarraitu dute, eta hamaika liburu, kanta eta ipuin gelditzen dira. Gainera, baliteke «azken» hiztun hura azkena ez izatea. Garrantzitsuena, baina, zera da; hiztun berriak (eta jaioberriak!) dituela gaur. Renate eta Janis livonieraz ari dira hazten beren bi alabak. (Janis MEDNIS-EN BILDUMA) Karlos Zurutuza Livoniako arrantzaleek bazekiten arrainek euren hizkuntza ulertzen zutela. Ez, lo falta ez zen, inondik ere, livoniarren burua nahasten zuena. Itsasoko jende hark sardinzarrak eta izokinak engainatzeko trikimailuak erabiltzen zituen. Kodeak behar ziren, esaterako, sarea ababorretik zihoala esateko, beste itsasontzi bat istriborretik zetorrela ohartarazteko… Bide batez, ez zuten sekula «argi», «itsasargi» edo argitasunarekin loturiko beste edozein hitz aipatzen. Jakina da: gaua zenbat eta ilunagoa izan, orduan eta handiagoa izaten da harrapaketa. Arrantza iheskorra bezain funtsezkoa izan ohi zen livoniarrentzat: Baltikoko hareatza hartan ez zen patatarik, azarik edota besterik haziko. Jateko zerbait egotekotan, arraina zen beti. Bazuten esnearekin nahasten zuen errezeta bat ere. Munduak ez du halako platerik dastatu. XX. mendearen bigarren erdia hastear zegoela, gerra global eta izugarri baten ostean, Stalinek kostalde hori sobietar inperioaren mendebaldeko muga izango zela erabaki zuen. Georgiarrak hesi bat altxarazi zuen kostalde hartan, zaintza-dorreak, alanbre-hesiak eta antzekoak tarteko. Arrantza egitea debekatu ez ezik, itsasora gerturatze hutsa ere kartzelarekin zigortu zitekeen. Honela, livoniarrek barrualderantz, basoaren babeserantz, eraman zituzten beren ontziak. Laster itzuliko zirelakoan zeuden, zoroaldi hark ezin zuen luze jo. Hala pentsatu zuten. Baina debekuak luzeegi jo zuen. Itsasora itzuli ezinik, hirietara joan ziren asko. Gulag-era ere milaka eraman zituzten kostalde hartatik. Horrela akabatu zuten, kasik, Baltikoko itsaskiek ulertzen zuten hizkuntza. --------- Baiba Suvcane oraindik amaren sabelean zegoen hori guztia gertatu zenean. Rigan jaio zen, Letoniako Sobiet eta Sozialistaren Errepublikako hiriburuan. Dioenez, livoniarren exodoak haraino eraman zuen bere ama. Txikia zela, Baibak letoniera ikasi zuen, eta, jakina, errusiera. Livoniera, berriz, aitona-amonei entzuten zien udako oporretan, apenas deus ulertu gabe. Dorreak eta alanbre-hesiak bertan zeuden oraindik, baina hondarretan hanka-hutsik korri egitea sekulako plazer bilakatu zen Baibarentzat. Horrekin amets egiten zuen Rigan zegoela. Ikastea ere gogoko zuen neska begi-urdinak. Geografian lizentziatu ostean, han-hemenka lan egin zuen, Letoniako Antzoki Nazionalean administrari postu hura lortu zuen arte. Duela hamabost urte erretiratu eta bere «udako» aberrira, Livoniara, itzuli zen. Kolka herriko eskola-maistren blokean apartamentu bat erosi zuen orduan; bertan hartu gaitu gaur. Erretiroa hartu zuenetik, bere herriari buruzko hainbat liburu idatzi ditu. Bere herria Erdi Aroko Livoniak gaur egungo Estoniaren hegoaldeko erdia eta Letoniaren iparraldeko eremua hartzen zituen. Dena den, livoniarrak ez dira inoiz asko izan. «Pagano hauek oso ausartak eta trebeak dira guduan», zioten beraiei buruz XIII. mendeko kronikari errusiarrek. 30.000 baino gehiago omen ziren garai hartan, kalkulu hori eta datozenak nola egin ziren ez dakigun arren. Kopurua edozein zela ere, beherantz jo du beti. Ez da harritzekoa. Mendeak igaro ahala, elkarren atzetik pilatu ziren etsaiak: daniarrak, alemaniarrak, prusiarrak, poloniarrak, suediarrak, errusiarrak… Izurriteek eta goseteek ere gogotik jo zuten, eta bizitzeko leku atseginagoak zeuden aukeran beti. XIX. mendearen erdialdean 2.500en bueltan ziren, eta gehienak gaur egungo Letoniako ipar-mendebaldean zeuden. XX. mendeak ekarri zuen erabateko gainbehera. Lehen Mundu Gerran, alemaniarren okupazioak exodo erraldoia eragin zuen. Antza, okupatzaileek livoniarren etxe guztiak erre zituzten bat izan ezik (oraindik zutik dago eta bisitatu daiteke). Zenbaitzuk itzuli ziren azken suteak itzali zirenean, baina Bigarren Mundu Gerra piztear zegoen ordurako. Berriro ere, erbestera jo zuten askok. Besteak beste, Alemaniako armaden edo sobietar armaden derrigorrezko errekrutamendua saihestea zuten helburu. Sinesgaitza bada ere, Baltikoko gazte askok bi uniformeak jantzi zituzten, euren lurraldea eskuz aldatzearekin batera. Livoniarrak oso gutxi ziren ordurako, Kolka lurmuturraren alde bietako herrietan sakabanatuta zeuden nagusiki. Baltikoko urek eta Rigako golkokoek bertan egiten dute talka. Baibak gogoratu duenez, Kolka ez zen inguruko herriak bezala hustu. Bertako arrantza prozesatzeko lantegi kolektiboak, “koljoz”-ak, eutsi zuen herriko biztanleria, eta horrekin batera, hizkuntzaren azken hondarra. Letoniera familia indoeuroparreko hizkuntza da, baina finlandiera eta estoniera dira livonieraren ahaide hurbilenak. Azken bi hauekin duen harremana estua izan da beti. Baibak dioenez, finlandiar eta estoniar ikertzaile eta idazleek dokumentatu zuten livoniera. «Haiei esker baino ez dugu zerbait jasota gaur», bota du. Hurbiltasun geografikoak ere lagundu zuen. Livoniar batentzat errazagoa izan da beti bere txalupaz Saaremaa estoniar uhartera iristea, oso urrun dagoen Rigara joatea baino. Eta alderantziz. XIX. mendean, neguko izotza urtzearekin batera, estoniar nekazariak eta abeltzainak itsasontziz iristen ziren livoniar kostaldera. Txerriak eta zaldiak zeramatzaten, eta batzuk negura arte geratzen ziren, edo betiko. Haien ondorena alkoholaren kontrabandoan murgildu zen iragan mendeko 20ko hamarkadan. Saaremaa uhartekoek milaka botila vodka hondoratzen zituzten Baltikoan, buia bati lotuta beti. Honela, livoniarrek jakiten zuten altxorra non zegoen. Lur idorrean ez, itsasoan aurkitzen zuten ogibidea orduan ere. Seinale elebidunak Kolkan. Kostaldeko herria livoniar hizkuntzaren azken babeslekuetako bat izan zen. (Karlos ZURUTUZA) Nolanahi, lotura kulturalak aipatu ditugu lehenago. Estoniarrek lez, livoniarrek Finlandiako ereserkiaren melodia bera hartu zuten berea asmatzeko. 1923 hartan Livoniar Elkartea izeneko erakundea sortu zen. Hizkuntza eskolak, liburuak eta musika emanaldiak izan ziren «livoniar udaberriak» emandako loreak. Eta ez dezagun kultur etxea ahaztu. «Livoniarrek eraiki zuten, finlandiar, estoniar eta hungariar herrien laguntzaz». Hala dio oraindik eraikinaren sarreran dagoen plaka batek. 1939an inauguratu zen Mazirbe herrian, sobietar okupazioaren bezperan. Urte asko igaro ziren berriro martxan jarri zen arte. Rigan zeuden livoniar gehienek urtebetetzeak, ezkontzak edo beste edozein aitzakia baliatzen zituzten elkartzeko eta beren hizkuntzan hitz egiteko. KGBren ziega batean bukatzen ziren maiz familia ospakizun haiek. 1989ko abuztuan, livoniar bandera hiru-kolorea -urdina, zuria eta berdea- Finlandiako, Estoniako eta Hungariakoekin batera igo zen Mazirbeko kultur zentroan. Hesitutako eskualde hartan, aspaldiko lagunek eta senideek elkar ikusi zuten berriro. Bi urte geroago, Letoniak bere independentzia berreskuratu zuen. Livonieraz zekitenak, alabaina, ez ziren 200era iristen. Hizkuntza horretan pentsatzen zuen azken izakia 2013an hil zela diote. Grizelda Kristina zuen izena. 103 urte zituela, Kanadan egin zuen ospa gure mundutik. «Aurrerapauso itzelak» Autobus bakarrak lotzen ditu Kolka eta Riga egunero. 150 kilometro horiek zeharkatzeko lau ordu behar dira, baina ez dago aspertzerik trabesian zehar. Istriborrean, hamaika arrain ketu postu txiki sakabanatzen dira; ababorretik, pinudi artean, itsasoa ikus daiteke. Letoniako periferiatik hiriburuko merkaturainoko bidaia da. Handik, hogei minutu baino ez dira, oinez, Livoniar Institutura. Oso zentrikoa da, Biologia fakultate zaharraren eraikinean dago, Rigako kanalaren ertzean. 2018an sortu zuten, Letoniako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren babespean. Bere webguneak dioenez, «livoniar kulturaren eta hizkuntzaren ikerketari eskainitako munduko erakunde bakarra da». «Ez da inoiz hitz egin ‘gutaz eta haietaz’. Livoniarrak Letoniako parte organiko eta integrala dira, denok gara letoniarrak», diosku institutuko presidente Valts Ernstreits-ek bere bulegotik. Kokospeko urdina du 50 urteko hizkuntzalariak, eta tatuajez josita ditu ezkerreko besoa eta eskua. Entzun dugunez, egun livonieraz ondoen hitz egiten duen pertsona ere bada. Ernstreits-ek hogei bat hiztun «jantzi» direla dio, eta 1000-2000 direla beren burua livoniartzat hartzen dutenak (beren pasaporteetan hala dago jasota). 1991ko herrialdearen independentziatik «aurrerapauso itzelak» eman direla azpimarratu du. «90eko hamarkadaren hasierara arte, letoniar gehienek uste zuten livoniarrak XIII. mendean desagertu zirela. Gaur, ordea, oso zaila da aurkitzea oraindik gure artean daudela ez dakien letoniarrik. Ez da kontu makala: elkarrizketa ez duzu laburpen historiko batekin hasi beharrik; harira joan zaitezke zuzenean», azaldu du Ernstreits-ek, irribarre batez. Rigan erretiroa hartu ostean, Baiba Suvcane Kolkara bueltatu zen. Bere herriari buruzko hainbat liburu idatzi ditu ordutik. (Karlos ZURUTUZA) «Drama bat Livonian» eleberrian, Julio Vernek alemaniarren eta eslaviarren arteko liskarrak ditu abiapuntu, baina bretoiak ez dio livoniarren berezitasunari erreparatzen. «Oh, Riga! Nork egin zaitu hain eder? Livoniarren esklabotzak. Baina iritsiko da eguna: alemaniarrei gaztelu bat erosi eta dantza eginaraziko diegu harri erraztatuetan». Ez da Kolkako seme bat mintzo dena, aristokrata errusiar bat baizik. Munduko bazterrak eta jendea xehetasun osoz deskribatzen zituen Verne ere livoniarretaz ahaztu zen. Dagoeneko, Ernstreits-ek esan digu livoniar hizkuntzak eta kulturak arrasto handiak utzi dituztela Letonian. Hori gogoraraztea da, hain justu, bere institutuaren zereginetako bat. Datu bakar batez ilustratu digu: letonierak hitz bakoitzaren lehen silaban dakar azentua -finlandiera eta estoniera bezala-, eta hori, besteak beste, livonierari zor dio. Livoniar Institutuak baliabide digitalak ere ekoizten ditu, eta Kolkako kaleetan ikusi genituen seinale elebidunak ere Ernstreits-en taldeak paratu zituen. Uda oro, hizkuntza ikasteko kanpamentua antolatzen dute: zazpi eta hamazazpi urte bitarteko gazteek livonieraren oinarrizko eskolak jasotzen dituzte bertan. «Hizkuntza biziberritzea oso erronka zaila da. Hizkuntza ikasi ez ezik, kantak, liburuak, hiztegiak… denetarik sortu behar da bere garapenerako ingurune egokia izan dezan», dio adituak. Ahaleginak ahalegin, Baibak gogorarazi zigun bizilagunak izan zirela aitzindariak. Estoniako Tartuko Unibertsitateak 1920an argitaratu zituen lehen bost eleberriak livonieraz, bai eta material etnografikoen bilduma bat ere. XX. mendearen bigarren erdian, Estoniako Hizkuntza eta Literaturaren Institutua erreferentziazko gune bilakatu zen livonieraren ikerketan. Hazi hura sendo ernatu zen eta, gaur egun, estoniar gazte askorengan piztu da interesa. Tartukoa den Britt Kathleen hizkuntzalariak doktoretza ikasketak bukatu berri ditu. Birramona livoniar bat aurkitu zuen bere zuhaitz genealogikoa egiten ari zela. Horrek piztu zuen bere jakin-mina. «Estoniarra izanik, livoniera ulertzeko gai nintzela konturatu nintzen. Nire kabuz ikasi ondoren ia dena ulertzen dut, baina oraindik ez naiz hitz egiten ausartzen», onartu digu gazteak, Tartu erdiguneko kafetegi batean. Azken seihilekoan, hamabost livoniera ikasle izan dira bere unibertsitatean. Liburu berriak argitaratzeaz gain, “Livoniar Ondarearen Eguna” ere ospatzen hasi dira bertan. Kolkako “koljoz”-aren kaia zaharretik paseoan. (Karlos ZURUTUZA) Hizkuntzari bizi-euskarria kendu ahal izango zaio inoiz? Kathleen-ek baietz uste du. Edonola, baliabide gehiago behar direla azpimarratu du, ingelesa-livonierako gramatika bat, horien artean. «Neurri handi batean, Letoniako Gobernuaren esku dago. Hizkuntza ikastetxeetako curriculumean sartzea aurrerapauso handia izango litzateke, aukerako irakasgai gisa bada ere», dio estoniarrak. Urrezko neskatxa Beharbada, orain arteko urrats ausartenetako bat Rigako golkoaren iparraldeko ertzean egin da. Mednis-tarren berri aspaldi izan genuen; irrikarekin ginen beraiekin hitz egiteko. Janis eta Renate Mednis livoniar jatorriko letoniarrak dira. 2019an ezkondu ziren eta, urte bat geroago, pandemiaren erdian, Kuldi jaio zen. Erabakia hartua zuten ordurako: alaba livonieraz heziko zuten. Renatek denbora zeraman hizkuntza ikasten bere senarraren laguntzaz. Helsinkin bizi direnez, bideokonferentziaz hitz egin dugu beraiekin. Janisek dio txikitatik elikatu duela livonierarekiko grina. Bere kasa ikasten hasi zen, ate, leiho eta ahal zen euskarri guztietan post-it-ak itsatsiz. Azken urteotan, hainbat kultur proiektu eraman ditu aurrera, hots, Livoniako kostaldeko argazki-liburu bat edota kanta bilduma bat. Bestela ere, komunitatean jakin-min handia piztu zuen 2022an argitaratu zuen liburuak. Kūldalāpš («Urrezko neskatxa» livonieraz) zuen izenburua, eta Kuldi bere alabari dedikatuta zegoen. «Letonierako eta livonierako aditu batzuk ere parte hartu zuten. Erronka handia izan arren, elkarlanean lortu genuen», dio Mednisek, harro. Gramatika apunteak daude kapitulu bakoitzaren amaieran: «Egun on!»; «Ez egin negar!»; «Kanpoan bero egiten du»... hamalau dira guztira, denek letonierazko itzulpena dutelarik. Mednisen aburuz, liburua haurrek eta gurasoek elkarrekin erabili dezakete hizkuntza ikasteko. Kuldi Mednis, lau urteko livonierazko hiztuna eta liburu bateko protagonista. (Janis MEDNIS) «Livoniera iraganeko kontu hutsa balitz bezala hitz egiteaz nekatuta nago; 2013an azken hiztuna hil zeneko istorio hori... Neronek jatorrizko hiztun bat ezagutzen dut. Maija Norenberga du izena. 70 urte ditu eta Sīkrags herrian bizi da, Kolkatik gertu. Beti livonieraz hitz egiten dut berarekin. Lagun mina dut, baina ez da gehiegi irteten eta ez ditu elkarrizketak gustuko», diosku Mednisek. Dakigula, Kuldi da beste «jatorrizko» hiztun bat. Berrogeialdi baten erdian iritsi zen mundura eta, momentuz, ez dago bere hizkuntza ulertzen duen haur-eskolarik. Baina liburu bateko protagonista da Kuldi. Orriak pasa ahala, deskubritu berri duena ere ikus dezake bertan: hondartza (jõugõ), itsasoa (mer), zerua (tōvaz) eta Livoniako kostaldeko behi urdin eta xelebre horiek (siņņi nīem). Edota urtebetetzeko tarta hori, bere izena txokolatezko letretan idatzita duena: «Kuldi». Liburua baino, paperezko ispilua dirudi. Baina orriak gehitzea behar du oraindik. Letoniak bere independentzia berreskuratu zuenean, 1991n, livonieraz zekitenak ez ziren 200era iristen. Hizkuntza horretan pentsatzen zuen azken izakia 2013an hil zela diote Stalinek arrantza debekatu zuen Sobietar Batasunaren mendebaldeko muga horretan, eta livoniarrek hirietara joan behar izan zuten. Gulag-era ere milaka eraman zituzten Erdi Aroko Livoniak gaur egungo Estoniaren hegoaldeko erdia eta Letoniaren iparraldeko eremua hartzen zituen. Dena den, livoniarrak ez dira inoiz asko izan «Hizkuntza biziberritzea oso erronka zaila da. Hizkuntza ikasi ez ezik, kantak, liburuak, hiztegiak… denetarik sortu behar da bere garapenerako», dio Ernstreits-ek «Estoniarra izanik, livoniera ulertzeko gai nintzela konturatu nintzen. Nire kabuz ikasi ondoren ia dena ulertzen dut, baina ez naiz hitz egiten ausartzen», dio Britt Kathleen gazteak «Ez da inoiz hitz egin ‘gutaz eta haietaz’. Livoniarrak Letoniako parte organiko eta integrala dira», diosku Livoniar Institutuko presidente Valts Ernstreits-ek