14 DéC. 2024 BOLEIBOLEAN EUSKARAZ Oarso Boleibol Taldeak kirol horretako euskarazko hiztegia argitaratu du «Boleibola bultzatu nahi dugu, eta hori euskaraz egin». Nerea Liceagaren hitzak dira, iaz sortu zen Oarso Boleibol Taldeko presidentearenak. Helburu horretan lagungarri izango den «opari» bat jaso zuten duela gutxi, Lucia Jimenez gazte errenteriarrak boleiboleko euskarazko hiztegi bat lantzen ari zela kontatu zienean. Oarso Boleibol Taldeko jokalariak, entrenamendu baten aurretik, argitaratu berri den hiztegitxoa erakusten. (Maialen ANDRES | FOKU) Asier Aiestaran Euskarak aurrera egiteko beharrezkoak izango dira nazio mailako urrats sendoak eta erabaki estrategikoak, baina baita gure egunerokoan egindako keinu txikiak ere. Hain zuzen ere, keinu horietako baten istorioa da hemen kontatu nahi duguna: Errenteriako Oarso Boleibol Taldeak boleiboleko kontzeptuen euskarazko hiztegi bat argitaratu berri du. Egilea Lucia Jimenez Mayoral gazte errenteriarra da, eta hiztegia idaztearena bere ekimen pertsonala izan zen. Berak ez du boleibolean jokatzen, baina bere ahizpak bai, eta aita taldeko zuzendaritzako kidea da. «Beste hizkuntza batzuetan eta beste kirol batzuetan ikusi nituen antzeko gauzak, eta aitari esan nion ongi legokeela boleiboleko euskarazko hiztegi bat egitea. Pixkanaka egiten hasi nintzen, forma ematen, eta azkenean atera da. Ondo egon da», azaldu digu apal. Lucia Fisika ikasketak burutzen ari da Bilbon, eta ez omen du filologia edo hizkuntzalaritzarekiko interes berezirik. Lan honek gehiago erantzuten dio taldearen egunerokoan ikusitako hutsune edo behar bati, eta sorkuntzarako joera bati. «Gauzak sortzea, editatzea... dibulgazioa gustatzen zait», dio proiektuak sortu duen interesarekin apur bat harrituta. "Boleiboleko gida laburra" izenburupean, Luciak kirol horretan erabiltzen diren kontzeptu nagusiak euskaratu ditu, baina bide batez horren ezaguna ez den modalitate baten oinarrizko arauak ere jaso ditu. Hamar orriko liburuxka txiki baten forma hartu du lanak, eskura izateko aukera eta erabilgarritasuna emanez. «Zailena informazioa euskaraz aurkitzea izan da. Hitz gehienak oso teknikoak dira eta boleibola Euskal Herrian ez da gehiegi landu. Ez daude hitz konkretuak postu batzuk edo teknika jakin batzuk izendatzeko. Zailena termino horiek zuzen izendatzea izan da. Ahal dudana egin dut», esan digu Luciak. Orain, hitz eta termino horiek egunerokoan erabiltzen diren edo ez ikusi beharko da. «Kostako da entrenamenduetan edo partidetan hitz horiek erabiltzeko ohitura hartzea, baina ongi dago nonbait hitz horiek idatzita uztea eta oinarri bat behintzat izatea». Argi dagoena da klubak esku zabalik jaso zuela ideia: «Luciak euskarazko boleibol hiztegi bat sortzea proposatu zigunean, ez genuen zalantzarik izan. Proiektu honek, gure kirolean euskararen erabilera normalizatzeaz gain, Oarso Boleibol Taldeak gure hizkuntza eta kulturarekin duen konpromisoa indartu nahi du», adierazi zuen Nerea Liceaga Oarso Boleibol Taldeko presidenteak hiztegia aurkezteko antolatu zuten ekitaldian. «Boleibola gure herrian kirol gutxitua izanagatik ere, interesgarria iruditzen zaigu tresna hau eskaintzea jokalari eta entrenatzaileei, termino zuzenak erabiltzera ohitu daitezen. Lan honetan Luciarekin batera Jose Vicente Holgado Kirol Zuzendaria, Itziar Yarzabal entrenatzailea eta Maria Jimenez jokalaria aritu dira, eta euskara ikuspegitik zuzenketak Errenteriako Udaleko Hizkuntza Politika Saileko Arantxa Zabalak egin ditu», gaineratu zuen. Nerea Liceaga, Oarso Boleibol Taldeko presidentea (ezkerrean), eta Lucia Jimenez, hiztegiaren egilea (eskuinean). (Maialen ANDRES / FOKU) «Gure jardunean askotan errepikatzen dugu euskaraz egin behar dugula, jokalariei eta entrenatzaileei eskatzen diegu ahal duten heinean euskaraz egiteko, eta horretarako, tresna hau oso interesgarria iruditu zitzaigun. Boleibola batez ere erdaraz iritsi zaigu orain artean, eta hau bada modu bat horri buelta emateko». Azkenik, hiztegia inguruko beste klubekin partekatuko dutela jakinarazi zuen Liceagak, eta sare sozialen bitartez eta taldearen webgunearen bitartez ere zabalduko dutela. «Hiztegi hau Errenteria Gipuzkoako emakumeen boleibolaren erreferente gisa sendotzeko beste tresna bat da», aldarrikatu zuen. Arrakastaren ondorioak Tantta Oarso Boleibol Taldea 2023ko maiatzean sortu zuten kirol hori praktikatzen zuten herriko nesken gurasoen talde batek. «Gure alabak herritik kanpo jokatzen hasi ziren, inguruko beste talde batzuetan. Gurasook beti aurrera eta atzera ibili behar genuen. Beste herri batzuetara joaten ginen, eta horietako batzuetan jada lekurik gabe geratzen ari zirela ikusita, proposatu ziguten ea zergatik ez genuen guk Errenterian talde bat sortzen. Eta horixe pentsatu genuen: ‘Zergatik ez?’ Erabaki genuen Errenterian talde bat sortzea. Guraso batzuk bildu ginen, eta hemen gaude», azaldu digu taldearen sorreraz Nerea Liceaga presidenteak. Eta oraindik urte eta erdiko ibilbidea bakarrik izan arren, deigarria da boleibolak Errenterian izan duen arrakasta. «Bi talderekin hasi ginen, eta orain zazpi izatera iritsi gara, 90 neskatik gora. Eta hemen ez daude Errenteriako jokalariak bakarrik, Oarsoalde osoko jendea daukagu. Lezo, Pasaia, Oiartzun, Donostiatik ere etorri dira batzuk... Gehienak Errenteriakoak dira, baina ingurutik ere etortzen da jendea». Pozteko kopuruak dira, baina antolakuntza aldetik zailtasun handiak sortzen dituzte. «Jendea kanpoan utzi behar izan dugu. Instalazio aldetik ez daukagu leku askorik entrenatzeko, entrenatzaileak ere ez, eta talde mistoak egiteari ere uko egin behar izan diogu. Koldo Mitxelena institutuan entrenatzen dugu batez ere, eta Beraungo frontoian ere bai batzuetan, nahiz eta han ez daukagun leku askorik. Jokatu frontoian egiten dugu, eta noizbehinka Orereta Ikastolan ere bai, nahiz eta aurten oraindik ez dugun han jokatu. Leku falta daukagu, ea udaletxeak horretan apur bat laguntzen digun». Horregatik, Liceagak kazetarien arreta baliatu nahi izan zuen deialdia egiteko. «Boleibola bultzatu nahi dugu, eta hori euskaraz egin nahi dugu. Entrenatzaileak aurkitzea, adibidez, zaila da erdaraz, eta euskaraz are zailagoa. Horregatik, deialdi bat egiteko baliatu nahi nuke aukera hau: norbaitek esku bat luzatu nahi badu, hemen ateak irekita aurkituko ditu. Gainera, orain laguntzak daude entrenatzaile ikastaroak egiteko, eta horrek ere laguntzen du. Eskakizun handiak daude, baina laguntzak ere bai. Federazioek apur bat laguntzen dute, beraz, etortzeko gonbita luzatu nahi dugu». Lucia Jimenez Fisika ikasketak burutzen ari da Bilbon, eta ez omen du filologiarekiko interes berezirik. Lan honek gehiago erantzuten dio taldearen egunerokoan ikusitako behar bati «Gure jardunean askotan errepikatzen dugu euskaraz egin behar dugula, eta horretarako, tresna hau oso interesgarria iruditu zitzaigun», dio Nerea Liceaga klubeko presidenteak