21 DéC. 2024 Andatza: Mendi bat Gipuzkoako errotak mugitzeko Mendi magal isilean barrena sartuta, errekasto bat begiztatzen da. Landaretzak estaltzen du paisaia eta errekak sigi-saga egiten du behera. Lotsati, basopean. Aldeetara harriak daude nonahi, bata bestearen gainean pilatuta sarri. Dena arrunta zen… ikertzera joan ziren adituen begiak irakurtzen hasi ziren arte. Andatzan aurkitutako errotarria. (Javi CASTRO) Iñaki SANZ-AZKUE Usurbilgo Andatza mendian errotarriak daude batean eta bestean. Hala aurkitu dituzte Aranzadiko ikertzaileek: 150etik gora, guztiak 26 errotarri harrobitan sakabanatuak. Asko goroldioz estaliak daude, erreka ondoan, landaretzaren azpian. Denborak irentsi du iragana, eta goroldioak 500 urtetan zehar oso garrantzitsua izan den ofizio bat estali. Dokumentuek, alabaina, garbi utzi dute: Gipuzkoako errotetan, Andatzako errotarriak ziren nagusi. Naturak tapaturikoa paper zaharrek azaleratu dute. 1388koa da Andatzako (Usurbil) errotarri harrobiak aipatzen dituen dokumentu zaharrena. Hark azaltzen du, besteak beste, Atxegako jaunek zutela mendiko harrobiak ustiatzeko eskubidea. Jabetza, ordea, ez zen haiena. Andatzako lurrak Orreagako kolegiatarenak ziren, eta dokumentu horretan bertan, Martin de Gonzalbizek (Atxegako jauna) eta Orreagak akordioa sinatu zuten. Izan ere, Andatza ez zen edozein mendi. Interes handiko lekua zen hainbat kontu zirela medio; besteak beste, bertatik ateratzen ziren errotarriak ez zirelako edonolakoak. Andatzako errotarriak bereziak ziren. Bereziak izateagatik lortu zuten ospea. Eta ospe horrek zabaldu zituen Gipuzkoako hainbat errotatara. 1809an, oraindik ere, errotarriak egiten ziren Andatza mendiko harriarekin eta ezaguna da XIX. mende hasierako urte horretan, esaterako, Eibar herrira eraman zirela bertako errotarriak. Dokumentuek erakusten dutenaren arabera, beraz, Andatzan ia 500 urtez mantendu zen ofizioa izan zen errotarri harginarena. Dozenaka izan ziren bertan aritu ziren harginak eta milaka, atera ziren errotarriak. Gaur egun landaretzaren estalpean dauden harriek hitz egingo balute, harginen zizel soinuez eta mendian behera arrastaka eramaten ziren errotarriez arituko lirateke. Gaur egun mendi basati baten itxura duena industria txiki baten bihotza izan zen mendeetan zehar. Andatzaren berezitasunak Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Castrok, Yoseba Alonsok eta Asier Agirresarobek 2018an ekin zioten ikerketari, Usurbilgo Udalaren laguntzari esker. Bi urte geroago, haien aurkikuntzek agerian utzi zuten mendiaren garrantzia. Hiru gaik egiten zuten benetan interesgarri eremua: batetik, geologia bereziak. Bestetik, geologia horrek berak erakarri zuen ofizioak; errotarri harginarenak, alegia. Eta azkenik, jabetzak. Andatza, arestian aipatu bezala, Nafarroako Orreagarena zen eta oraindik bertan aurkitu daitezkeen mugarriek ere hala erakusten dute, nahiz eta gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiarena den. Orreagarena izateak are eta interesgarriagoa egiten zuen eremua, jabearen eta mendia ustiatuko zuenaren arteko adostasun dokumentuak, bai eta desadostasun eta auzi dokumentu ugari ere egoteko aukera ematen zuelako. Pedro Texeirak 1636an egindako maparen xehetasuna, eraldatua. (Javi CASTRO) Bi urteko lanean, hiru ikertzaileek Orreagaren jabetzakoak ziren lurren hainbat mugarri aurkitu zituzten, eta besteak beste, mendian sakabanatuta, 26 errotarri harrobiren aztarnak topatu. Horietan guztietan, 150 errotarriren arrastoak aztertu zituzten. Javi Castro ikertzailearen datuen arabera, errotarri harginen akatsek eragiten zuten, normalean, errotarri bat edo haren zati bat mendian geratzea, baina bertan egindako guztien %1 geldituko zen, gutxi gorabehera. Mendian egindako errotarri kopuru handiaren aurkikuntzak, beraz, ez zuen zalantzarako inolako tarterik uzten: Andatza errotarriak ateratzeko eremu oso garrantzitsua izan zen. Bertan lan egin zuten errotarri harginek, alabaina, ez zuten kasualitatez aukeratu eremua. Bi ezaugarrik egiten zuten mendia interesgarri errotarrien bidez onura ekonomikoak ateratzeko: geologiak eta kokapenak. Errotarrien bihotza, Andatzako harria Herritarrek irina behar izaten zuten bizitzeko, eta laborea ehotzeko, errota behar. Errota, ordea, habia hutsa zen errotarririk gabe; errotarria baita, finean, haren ardatza. Hala, errotarri harginaren ofizioa ez zen nolanahikoa. Errotarri hargina harria lantzen zuen langile espezializatua zen. Hura gabe, errotak ez zuen funtzionatuko. Hura gabe, irinik ez herritarrek. Errotarri guztiak, baina, ez ziren berdinak eta errotaren jabeak ondo asko zekien zein zen kalitate onekoa. Kareharriak ez du balio errotarritarako. Hareharriek eta konglomeratuek bai, baina horien artean ere, denak ez dira berdinak. Eta hor, Andatzakoen fama. Andatzako harria baita bertako errotarrien bihotza. Benetan ezberdin egin zituena. Andatza mendian konglomeratua da nagusi. Ondo zementaturiko kuartzozko harri-koskor borobilduz daude osatuta harriak. Gogorrak dira, eta horrek zaildu egiten du haien lanketa, baina errotarako bikainak dira. Ondo ehotzen dute eta denboran zehar asko iraun. Nahikoa izango da Andatzako errotarria behin ikustea, pertsonak hura ezagutzeko aurrerantzean. Harri-koskor borobildu eta zuriek beteko dute harria, itxura berezia emanda. Hala, ustiatzen hasi zirenean, norbaitek segituan ikusiko zuen, inguruan zituen eremuekin alderatuz, hura errotarriak egiteko leku aproposa zela, geologia berezia zuena. Eta hala, urtetan eta urtetan zehar, mendiko harriak hainbat familiaren biziraupena markatu zuen. Errotarri harginak asko izan baitziren Usurbilgo aieka horretan. Horietako asko ere ikerketan identifikatu dituzte. Ezagunenak, Gilisastitarrak eta Ondaldagorritarrak. Ikertzaileek 260 urtetan zehar izan diren harginak aztertu dituzte beren lanean eta, guztira, 70 errotarri hargin identifikatu. Arestian esan bezala, Gilisasti eta Ondaldagorri abizenak dira nabarmenenak zalantzarik gabe, urte luzez ibili baitziren ofizioan. Harginek mendiko harriekin egiten zituzten errotarriak, eta horretarako, errotarri harrobiak izaten ziren. Andatzan ikusi izan den moduan, errotarri harrobietara iristeko bidexkak egiten ziren, eta horiek erabiliko zituzten, era berean, harriak mendian behera jaisteko. Doña Maria Migel de Reiztaren 1419ko lur salmenta dokumentu batean irakur daitekeen moduan, saltzaileak harentzat gordetzen zituen errotarri harrobiak ustiatzeko aukerak, baina horrez gain, baita inguruko arboletako adarrak mozteko eskubidea ere. Izan ere, hasieran errotarriak mendian behera jaisteko, ahardiak, sardeak edo urkuluak erabiltzen zituzten, arbolen adarrez eginak. Horrek berak erakusten du errotarri harginaren ofizio gogorra; baldintza horietan jaisten zuten 400 eta 1000 kilo arteko harria, edozein erorketarekin astetako lana puskatzeko arriskuarekin, gainera. Historian zehar, ordea, lerak ere erabili izan ziren lan horretarako, eta geroago, gurdiak, idi pareak tiratuta. Ahardi baten gainean eramateko prestaturik dagoen errotarriaren marrazkia. (Javi CASTRO) Errotarriak Andatza menditik Oria ibaira jaitsiko zituzten, hango ontziralekuetan kargatu eta, itsasoa errepide bihurtuta, haiek banatzeko. Horren berri ematen du, esaterako, 1549ko dokumentu batek, non zehazten den Mapileko ontziralekuan errotarriak kargatu zirela Donibane Lohizunera bideratzeko. Beste batzuk, ordea, Orioko portuan kargatzen ziren itsasontziz garraiatzeko. 1574ko dokumentu batean irakur daiteke nola portu horretan bertan muga-zerga bat ordaindu behar izaten zen. Zerga hori, ondoren, Orioko barraren kontserbazio eta konponketa lanak egiteko erabiltzen zen. Mendi bat Gipuzkoako errotak mugitzen Andatza mendiko errotarriek mugiarazi zituzten Gipuzkoako errota asko. Hala, oso nabarmena da, esaterako, Hondarribia herriaren kasua. Bertako Jaizkibel mendian hainbat errotarri harrobi aurkitu dira, baina Hondarribiko errota askok Andatzako errotarriak erabiltzen zituzten, dokumentu zaharrak oinarri hartuta ondorioztatu den moduan. Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek Hondarribiko erroten 1535. eta 1622. urteen arteko Andatzako errotarrien bederatzi erosketa kontratu aurkitu dituzte, esaterako. Artxiboko lanek erakutsi duten bezala, Andatza mendiak Gipuzkoa osora zabalduriko merkatua asetzen zuen. Guztira, 50 udalerritan aurkitu dira Andatzako errotarriak erosten zituzten errotak eta, horietako askotan, erosketa kopuru nahiko altuekin. Gipuzkoatik kanpo, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Lapurdin ere izan ziren erosketak. Dokumentu horiek mendetan izandako salerosketen lagin txiki bat baino ez dute osatuko, baina nahikoa dira Usurbilgo mendiak izan zuen garrantzia azpimarratzeko. Dokumentu historikoetan oinarriturik egindako Andatzako errotarri salmenten mapa. (Javi CASTRO) Galduriko ofizio baten aztarnak Andatza mendiko basopean naturak egoskor egin du aurrera. Errotarri harginaren ofizioa ulertu nahi duenak, hala ere, segituan irakurriko du paisaia. Bidexka estuek harriz osaturiko plataforma gisako muntoetara eramaten dute pertsona. Aurkitu dituzte harginek lanean ari zirela deskantsua hartzeko erabiltzen zituzten babesguneak ere. Errotarriak han eta hemen daude sakabanatuta mendian. Gutxi batzuk, osorik utzita. Beste batzuk, hasi berriak, edo amaitu gabeak, besteak. Errotarri erdiak, zartatuak, hautsiak… Andatza museo ireki txiki bat da bertako historia ezagutzeko, eta zergatik ez, Euskal Herrian garrantzi handia izan zuen desagerturiko ofizio baten aztarnak ikusteko. Horregatik, Usurbilgo Udalak PR-GI-216 ibilbidea balizatu du Andatzako harrobietako hainbat gune bisitatu ahal izateko. “Errotarrien bidea” du izena. Harriak erakarri zuen pertsona eta pertsonak harria landu. Eta hor sortu zen gizakiaren eta lurrari eusten zion zoruaren arteko harremana, komunitate berezi bat sortu zuena, hura moldatuko eta ustiatuko zuena; baina era berean, harri hori gabe ezingo zuena bizi. Duela hiru urte, ikertzaile talde txiki bat Hondarribiko Jaizkibel mendian barneratu ginen, basope itxian, lahar, iratze eta hareharrizko arroken artetik, errekasto txiki bati segika, errota zahar baten azken arrastoak aurkitu nahian. Kostata, goroldio azpian aurkitu genituen hormaren azken zantzuak. Pareta zaharren atzean, harri biribil baten formak eman zigun arreta. Eskuarekin gainean zuen goroldioa kendu eta han, itsasotik ez oso urrun, harri-koskor zuriz osaturiko hiru errotarri aurkitu genituen. Andatzako errotarriak ziren. Metro gutxira, Jaizkibelgo errotarri harrobi bat zegoen, hareharrizko errotarri erdi batekin. Oria ibaiaren begiradapean landuriko errotarriek Bidasora arteko bidea egin zuten. Jaizkibelgo hareharrizko arroka artetik doazen urek mugitu zuten Andatzako harria Hondarribiko errota zaharrean. Eta guk, iratze eta goroldio artean, Ondaldagorritarrak irudikatu genituen, Andatza izeneko mendi berezi horretan errotarriak mimoz eta maisutasunez zizelkatzen. Erdiko begia landua duen errotarri baten irudia. (Javi CASTRO) Errotarriak Andatza menditik Oria ibaira jaitsiko zituzten, hango ontziralekuetan kargatu eta, itsasoa errepide bihurtuta, haiek banatzeko. 50 udalerritan aurkitu dira Andatzako errotarriak erosten zituzten errotak Andatza mendian konglomeratua da nagusi. Ondo zementaturiko kuartzozko harri-koskor borobilduz daude osatuta harriak. Gogorrak dira, eta horrek zaildu egiten du haien lanketa, baina errotarako bikainak dira