21 DéC. 2024 3 BEGIRADA: Garunaren norabide eza: NPC gisa jokatzen ari gara? Ardi beltza izan behar dugu, norbere identitatea garatu. (GETTY IMAGES) Fernando TREBOL UNZUE Psikologian doktorea Ardi beltza izan behar dugu zalantzarik gabe, norbere identitatea garatu eta ezagutarazi behar dugu, besteei minik eman gabe, besteekin auzolanean arituz, norbere bidea bilatuz; pertsona identitateduna edo identitategabea esan beharko genuke, edo taldearekiko ezberdina. Komunikabideek, politikoek, etab. pertsonen ezaugarriez hitz egiteko garaian, animalien hiztegia erabiltzen dute, eta 2020ko pandemian -plandemia bat izan zela esan beharra dago- artaldearen immunitatea erabili zuten; eta gizataldearen immunitatea esan zitekeen...; ez dugu hiztegia zanpatu behar pertsonentzat egokia den lexikoa gureganatzeko. Adi, beraz: hiztegi eta lexikoa marruskatu gabe komunikatu ahal gara, gure buruak behar duen elikadura egokia emanez, beste guztia manipulazioa litzateke, eta pertsona mendeko egiten da animaliatzat hartzen bada, edota norberak bere burua animaliatzat hartzen badu. Gaur teknologia berriek bultzatuta, Internet sarean NPC-pertsonaren definizioa topa dezakegu, bideojokoen barnean erabilitako lexikoa da, eta pertsonentzat esleitua izan da; gogoan izan makinentzat pentsatua dagoela NPC kontzeptua. Hori egiten denean, komunikabide eta sare sozialetan zabaltzen denean, normalizatu egiten den kontzeptua da. Bere helburuetako bat onarpena izan daiteke, nork nahi du hori normaltzat hartzea? Agian antzinaroko esklabotzaren garaietara itzul gintezke? Norbaitek pentsatu badu hau nahi gabe egiten dela, jai dauka! NPC siglen esanahiari begiratuz... NPC-pertsonaren definizioari erreparatzen badiogu, “Non Playable Character” ingelesezko siglak dira. JEP gisa itzul daiteke, hau da, Jokatu Ezin dezakeen Pertsonaia gisa. Bideojoko batean NPCak istorioaren eta eszenatokien parte diren pertsonaiak dira, zeinak jokalariak ezin dituen zuzenean kontrolatu». Internet sarean topatzen dugun azalpena hau da: “NPC bat izatea nortasunik gabeko norbait izatea da, iritzi propiorik ez duena, ekarpen handirik egiten ez duena eta erabilgarritasun gutxikoa dena. Bestalde, terminoak joera deigarria ekarri du TikTok bezalako sare sozialetan eta Twitch bezalako plataformetan”. Berriro pertsonari dagokion kontzeptua alde batera utziz, eta makina zein bideojokoei dagokien kontzeptua pertsonei egotziz. Azkenik, pertsona hutsa edo arimarik gabekoa zein den zehazteko, taldean murgildu gabeko eta nortasunik gabeko pertsonari buruz hitz egin dezakegu. Baina ba al dago nortasunik gabeko pertsonarik? Galdera honi erantzuteko, nortasuna konstruktu psikologikoa dela aipatu beharra dago, eta horrek esan nahi du bere egiturak hainbat faktore biltzen dituela. Gehienek diote pentsamenduak, jokabideak, jarrerak eta afektibitatea biltzen dituen patroi multzo bat dagoela, eta, azkenean, pertsona nolabait identifikatzen duten eredu egonkor batzuek eratzen dutela; pertsona-taldearen barnean jokabide-patroi propioa duena dela esan genezake. Beraz, pertsona mendekoa dela esatea zuzenagoa litzateke, pertsonalitaterik ez duela esatea baino, eta, beraz, ez dela librea. Ondo pentsatuta, nork izan nahi du NPC bat? Nork egon nahi du paisaiaren zati bat bezala bizitzan kokatua? Batzuek uste dute isilean eta oharkabean bizi gaitezkeela, baina ez ahaztu, norbere identitatea izateko, taldean nor garen adierazi behar dugula. Galdera egokiek argia eta egia eman diezagukete... Horretarako, zer garen jakinda, garunaren elikadura onak erantzun egokia emango digu; garunak zuzen funtzionatuko du, eta taldearen barnean libre izateko aukera izango dugula baieztatu ahal izango dugu, horretaz kontziente izango gara, hala garela jakingo dugu. •