09 MAI 2015 ERRUSIARREN «GERRA SANTUA» «Gerra Patriotiko Handiko» sobietarren sakrifizio kolosala aitortzea funtsezkoa da Errusia ulertzeko Mikel Zubimendi Gaur ospatzen dute errusiarrek “Gerra Patriotiko Handian” lortutako garaipenaren 70. urteurrena. Gure ingurumariotan Bigarren Mundu Gerrako “Ekialdeko frontea” izenaz ezagutzen dena, errusiarrentzat –eta orduan sobietar ziren beste herri askorentzat– inbasoreen aurkako eta aberriaren askatasun eta independentziaren aldeko gerra izan zen, existentzia beraren aldeko hil ala biziko bataila. Gaur 70 urte, tropa sobietarrek Alemania naziaren baldintzarik gabeko errendizioa, erabateko kapitulazioa lortu eta Berlingo Reichstag ospetsuan bandera gorria zintzilikatu zuten, Europan Bigarren Mundu Gerrari amaiera emanez –Moskuko orduaren arabera, Europa Mendebaldean egun bat lehenago ospatzen baita errendizioa–. Bigarren Mundu Gerra gizateriaren historian egon den tragediarik handienetarikoa izan zen. Munduko populazioaren %80k pairatu zituen gerraren ondorioak. 60 milioi pertsona baino gehiago hil ziren. Historian lehendabiziko aldiz –eta, oraingoz behintzat, azkenekoz– erabili ziren arma nuklearrak. Nazien porrotean sobietarren ekarpena orotan handiena izan zen. 27 milioi herritarren sakrifizio kolosalaz gain (aliatu guztiek elkarrekin izandakoak baino askoz gehiago), hil ziren hamar soldadu nazietatik zortzi sobietarrek hil zituzten. Egungo europar estatu modernoen lurraldearen erdia baino gehiago Armada Gorriak liberatu zuen. Ez zaie, baina, halakorik sekula aitortu errusiarrei. Argitaratu berri den ICM Research institutuaren inkesta batek diotenez, Europaren liberazioan sobietarrek izan zuten garrantzia soilik herritarren %13k aitortzen du. Mendebaldeko europarren erdiak baino gehiagok uste du Ameriketako Estatu Batuek gelditu zutela faxismoa, kontinentea askatuz; bigarren lekuan, berriz, britainiarrak aipatzen dituzte. Prentsa eta zinema estatubatuarraren arabera, Bigarren Mundu Gerraren inflexio puntua –“E eguna”– Normandiako lehorreratzea izan zen. Baina datu militar eztabaidaezina da Mendebaldeko aliatuak Normandiara iritsi zirenerako Armada Gorria Poloniako Vistula ibaiaren ertzean zegoela jada, baita Errumanian barna 100 kilometro sartuta zela nazien Seigarren Armada bigarren aldiz birrindu eta gero. Mito faltsu asko zabaldu dira, Normandiako lehorreratzea gerraren inflexio puntua izan zela bezalakoak. Besteak beste, Bigarren Mundu Gerrako borroka latzenak –Ardenetako bataila adibidez– Europa mendebaldean izan zirela, Armada Gorriak Alemaniako populazioan masazko sufrimendu mekanizatua eragin zuela aliatuek alemaniar zibilekin zuzen jokatu zuten bitartean –gerran hil ziren 8 milioi alemaniarretatik 6 milioi Alemaniako hirien aurkako aliatuen bonbardaketetan zendu ziren–, Polonia izan zela sobietarren lehen biktima... Hitler garaitzen sobietarrek egindako ekarpena eta sakrifizio itzela maltzurki gutxietsi da, AEBetako Armadako jeneral gorena zen Dwight Eisenhower berak ere argi aitortu zuen arren: «Sobietarrek Errusiako frontean 5 milioi soldadu aleman ez balituzte hil, Normandiako ‘E eguna’ oso problematikoa izango zitekeen, inoiz gauzatu ahal izan balitz behintzat». Edo AEBetako Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohi eta politologo aski ezaguna den Zbigniew Brzezinski adituak idatzitako liburu batean zioen legez: «Paradoxikoki, Alemania naziaren behin betiko porrotak AEBen nazioarteko estatusa goratu zuen, nahiz eta garaipen militarrean gure eginkizuna ez zen erabakigarria izan. Garaipenaren meritua Hitlerren etsai gorrotatua zen Stalinen Sobietar Batasunarena izan zen». Klixe ideologikoak Eta sobietarren ekarpen erabakigarria aitortu izan denean, ia beti klixe ideologikoen parametroetan egin izan da. Gerra «bi totalitarismoren arteko talka» izan zen ideia indartzen da, hots, Europako historian inoiz egon zen erregimen basatiena beste erregimen basati batek, eta ez «Mendebaldeko demokraziek», garaitu zuela alegia. Beste hitz batzuetan esanda, tiranoari (Hitler) beste tirano batek (Stalin) irabazi ziola. Benetako egia, ordea, honokoa da: sobietar herritarrek (eta herriek) salbatu zutela mundua partisanoen borrokaren eskutik, ez Stalinen maisutasunak. Horrek guztiak, eta historiaren errebisionismo eta difamazio lotsagabeak, normala denez, Errusiarren harrotasuna zauritu eta haserreak pizten ditu. Mendebaldean gero eta gehiago historialarien kontua den gerra, errusiarrentzat, beren izatearen funtsezko funtsaren funtsa da. Izan zirenaren, direnaren eta izango direnaren ispilua, lekuko mutua. Oraindik ere emozio sakonak sortzen ditu, gerrako memoriak beren begien aurrean zizelkatuta dituzte, eta, pantaila bat bailiran, bertan, errusiarrek iraganeko, oraineko eta etorkizuneko gertakizunen gaineko iritziak eta begiradak proiektatzen dituzte. Gerra, aberriaren aldekoa eta handia, ia sakratutzat dute. Familia guztiek galdu zuten norbait, txiki-txikitatik herritar guztiek oso barneratua dute “Garaipen Handiaren” ikonografia eta heroismoa. Jai egun nazionala dute, nortasunean daramate. Ongi dakitelako naziek gerra irabazi izan balute, Hitlerren “Ost” plan sekretuan argi jasota zegoen bezala, esklabotzan eta beharturiko atzerriratze masiboan oinarritutako erregimen genozida bat zain zutela. «Bizargorri operazioa» Historiografia errusiarrak 1942ko ekainaren 22a hartzen du “Gerra Patriotiko Handiaren” hasiera egun bezala. Igande hartan, gerra deklarazioa egin gabe, Alemania naziak eta bere aliatuek “Bizargorri operazioa” abiatu zuten, hiri sobietarrak, trenbideak, aireportuak, base militarrak... airez masiboki bonbardatuz. Bigarren Mundu Gerra, baina, 1939ko irailaren 1ean hasi zen, Poloniaren inbasioarekin. “Blitzkrieg fasea” izenaz ezagutzen den lehen fase hartan, Hitlerren armada tximista baten pare hedatu zen Europan barrena konkistaz konkista. Une horretan, sobietarrek bazuten esperantza naziek 1939tik elkar eraso ez egiteko sinatuta zuten tratatua (Ribbentrop-Molotov paktua) errespetatuko zutela; naziek bertan barnebildutako akordio «ilunak» errespetatzea ere espero zuten (hala nola Poloniaren zatiketa eta banaketa, herrialde baltikoen gaineko kontrol sobietarra...). Usteak ustel baina. “Bizargorri operazio” kodifikatua 1940ko abendutik prestatuta zuen Alemaniako Armadaren Estatu Nagusiak. “Bizargorri operazioaren” lehen sei asteetan galera katastrofikoak pairatu zituzten sobietarrek eta abenduaren hasierarako Moskuko atarira heldu ziren naziak. Ordurako Sobietar Batasuneko bigarren hiri handiena zen Leningrad beraren aurkako setioa martxan zuten –egungo San Petersburgo–; 900 egun iraun eta ia 800.000 pertsonen heriotza ekarri zituen setioak. Hitler eta bere komandanteen aburuz, une eta baldintza horietan Sobietar Batasunaren erorketa denbora kontua besterik ez zen. Baina herritar askoren kontzientzia politikoagatik, errusiarrek inbasore faxistei zieten gorrotoagatik, nazio eta populazio osoen deuseztatze arriskuagatik, aberastasunen suntsiketa eta arpilatzeagatik... erresistentzia sobietarra asko eta azkar indartu zen. Eta naziak aurreikusitako kronogramatik ateratzea lortu zuten. Errusiar, bielorrusiar, azeri, armeniar, kazakh, uzbeko, kirgiz.. borrokalariekin hornituriko erresistentziak Moskuko bataila irabazi egin zuen eta ordura arte eztabaidaezina zen «nazien menderaezintasunaren mitoa» puskatu egin zen. Japoniak eta Turkiak Sobietar Batasunaren aurkako gerran sartzeari uko egiteak ere izugarri argitu zuen etorkizuna. Une horretan eman baitzen, nolabait, nazien aldeko aliantzaren bukaeraren hasiera. Baina orotan erabakigarriena, segur aski, Sobietar Batasuna partisanoen errepublika hutsa bilakatzea izan zen. Agureek, emakumeek, orotariko herritarrek... etengabe egiten zituzten sabotajeak nazien atzeguardian. Armada Gorriaren batailak baino ezezagunagoak izanagatik euren balentriak, Alemaniako Armadaren lerroen atzean gerra egiten aritu ziren milioi bat partisanoen borroka aitortu beharra dago. 500.000 soldadu nazi inguru hiltzeaz gain, partisanoen gerrilla ezinbestekoa izan zen nazien horniketa eta intendentzia kateak apurtzeko, fronteko lehen lerroetan aritzekoak ziren ehunka mila soldadu nazi atzeguardia zaintzen aritzera behartzeraino. Armada Gorriaren eta partisanoen esfortzu partekatu eta konbinatuak “Bizargorri operazioaren” porrota ekarri zuen. “Gerra Patriotiko Handian” bigarren fase bati ateak zabaldu zizkion garaipen sinboliko eta psikologiko itzela izan zen. Stalingrad eta Kurskeko batailak Stalinek egin zituen akats handi batzuengatik, 1942ko udaran Armada Gorriak porrot latzak pairatu zituen Volhoveko frontean, Jarkov hiriaren inguruan eta baita Krimeako penintsulan ere. Ondorioz, naziak Volga ibaiaren lerrorantz abiatu ziren. Stalingrad –egungo Volvograd– zuten jopuntuan; areago, Kaukaso osoa. Bataila epikoz, herri oso baten memoria eta nortasuna zizelkatzen duten hil ala biziko batailez lepo egon zen “Gerra Patriotiko Handia”. Baina, seguru asko, horien artean ezagunena Stalingrad bertakoa da. Volga ibaiaren bazterretan kokatutako hiria nazien Seigarren Armadako helburu zen. 22 dibisiok eta 330.000 soldadu alemanek 1942ko hasi zuten hiriaren aurkako erasoa. Txikizioaren txikizioz, hiria erabat suntsitu zuten, baina, amore eman eta ihesi atera beharrean, bertako zulo eta bunkerretan gotortu ziren sobietarrak, naziak kalez kale borrokatzera behartuz. Eta baita irabazi ere! 1943ko urtarrilean, bizirik zirauten 12.000 soldadu alemaniarrak sobietarren aurrean errenditu ziren. Stalingradetik bezala Kaukasoko iparraldetik ere naziak kanporatu ostean, 1943ko udaran fronteko lerroak egonkortu egin ziren. Uztailean naziek “Ziudadela operazioari” ekin zioten, ofentsiba hasiz Kursk hiriaren aurka. Iniziatiba estrategikoa berreskuratzea zuten helburu, baita bertan bildutako tropa sobietarrak inguratzea ere. “Kurskeko bataila” izenarekin ezagutzen dena, historian inoiz eman den tankeen arteko bataila handiena izan zen: 1.200 tanke baino gehiago aritu ziren aurrez aurre. Latza eta odoltsua izan zen oso, baina Armada Gorriak irabazi zuen. Stalingradeko garaipenarekin batera, Kursken eskuratutakoa izan zen sobietarrak Berlineraino eraman zituen ofentsibaren mugarria. Ordutik aurrera, sobietarrek beren lurralde eremu handiak liberatu zituzten, batasun faxistaren desintegrazioa azkartuz –Italia 1943an atera zen gerratik–. Azken fasea, Berlin helburu 1944. urtea Armada Gorriaren garaipen handien urtea izan zen: Sobietar Batasunaren lurralde osoa okupatzaile nazietatik liberatu zuen . Ofentsiba betean zen, hainbeste sarraski, oinaze eta sakrifizioen ondotikako glorian. Arrakasta horrek bultzatuta eta animatuta, Rooseveltek eta Churchillek Stalinekin Teheranen hitzartu legez, estatubatuarrek eta britaniarrek Dwight Eisenhowerren jeneral estatubatuarren gidaritzapean bigarren fronte bat zabaltzea erabaki zuten. “E eguna” bezala ezagutzen den Normandiako lehorreratzea kontsideratu daiteke Europa Mendebaldeko bigarren fronte horren mugarria. Berlingo bidean Armada Gorriak Bielorrusian aurrera eraman zuen “Bagration ofentsiba” legendarioa ere azpimarratzekoa da. Bigarren Mundu Gerrako handienetarikoa izan zen eta armada nazia “Ekialdeko frontera” dibisio pila bat bideratzea behartu zuen. Hala, “Mendebaldeko frontea” oso babes gutxirekin utzi zuen eta Normandiako lehorreratzearen ondotik etorri zen ofentsiba aliatuaren arrakastan funtsezkoa izan zen. 1945eko apirilaren 16an Armada Gorriak Berlin inguratu zuen, azken ofentsiba abiatuz. Borroka latz askoak izan ziren Berlinen balore sinboliko eta estrategikoagatik. Baina –betiere Moskuko ordutegiaren arabera– maiatzaren 9an Hitlerren tropek Gueorgui Zhukov komandantearen aurrean baldintzarik gabeko errendizioaren akta sinatu zuten. Sobietarrentzat “Garaipenaren Eguna” da orduz geroztik, gerrako frontean zein atzeguardian gorputz eta arima aritu ziren milioika soldadu eta partisanoen, populazio zibil oso baten memoria ohoratu eta gordetzeko eguna, erakutsi zuten adorea, heroismoa eta erresistentzia ospatzekoa. Garaipen orok du prezio bat eta sobietarrek ordaindu zutena latza izan zen benetan. “Gerra Patriotiko Handian” hildako 27 milioi herritarren –erraz idazten da!– galeraz gain, herrialdeko zati industrializatuena erabat hondatuta geratu zen, ehunka herri osorik erreta edo erabat desagertuta eta zientoka mila trenbide kilometro txikituta. Iraganaren gaurkotasuna Gaur Moskuko Plaza Gorrian egingo den desfile militarrean ia ez da Europako agintaririk egongo, ezta AEBetakorik ere. 15.000 soldaduk eta 200 ibilgailu militarrek hartuko dute parte desfilean, Errusiako Armadaren azken aurrerakuntza eta “perlak” erakutsiz; ponpa eta solemnitatea ez dira faltako. Baina konstatazioa begi bistakoa izango da: Mendebaldeko agintarientzat Putinek igorritako gonbidapenak toxiko bilakatu dira. Zergatik? Zer dela eta “Gerra Patriotiko Handiaren” inguruko Errusiaren ikusmoldea hartzen da oker handitzat, are, auzokide dituen herrialde eta Mendebaldearentzat mehatxu? Zergatik esaten dute “Garaipen Handiaren Eguna” Errusiaren nortasuna sendotzeko baino, errusiarrak gerrarako prestatzeko bitartekoa dela? Bistan da Krimeako anexioak, Lugansk eta Donetsk eskualdeetako gerrak, Errusiaren kontrako zigor ekonomikoek eta nahita indartutako errusofobiak badutela horretan zerikusia. Iraganeko sinbolo eta hitzak gaurkotasunez beterikoak dira. Adibidez, Lugansk eta Donetskeko matxino armatuek San Jorgeren xingola, nazien kontrako garaipena ospatzeko soldadu sobietarrek zeramaten ikur berbera daramate. Hitzei dagokionez, orduan naziei bezala, egun ere Ukrainiako gobernuari “faxista” deitzen diote Errusian. Errusiar hiztunek, bestalde, banderovsky-en beldur histerikoa dute –Stepan Bandera, naziekin eskuz esku aritu zen lider nazionalista ukraniarra gogoan–. Oro har, errusiazaleak konbentzituta daude, barru-barruan sentitzen dute, faxismoaren kontrako borroka epiko eta historiko haren arrastoan segitzen dutela. Ukaezina da Ekialdeko Europako agintari batzuek, probokatzearren, Gerra Handiaren gertakizunak faltsifikatzeko eta difamazio eskandalagarriak zabaltzeko hitz pozoitsu eta erridikuluak darabiltzatela. Berriki, Poloniako Kanpo ministroak Auschwitz Armada Gorriak ez zuela liberatu adierazi zuen, «etnikoki ukraniarrak ziren Armada Gorriko kideez osatutako unitate batek baizik». Ukrainiako lehen ministro Arsemiy Yatseniuk berak, berriz, naziengatik Europa liberatzea «sobietar inbasio» baten sinonimo egin du. Hitz horien aurrean, Lavrov Errusiako Kanpo ministroak, «sakrilegioaz» hitz egin zuen. Eta hitzaren hautaketa ez da neutroa. Izan ere, Errusian “Gerra Patriotiko Handiaren” inguruko kultua ia erlijiosoa da. Bai, nazien aurkako garaipena Errusiaren nortasun eta prestigioaren oinarri da. Bere botere eta autoritate moralaren erakusgarri, nazio irabazleen estatus emailea. Eta Putinek ondo daki hori zaintzen eta hortaz baliatzen. Ez da inoiz ideologo bat izan, baina zentzu taktikoaren jabea eta oportunista dela ezin da ukatu. «Errusia inguratu eta belaunikatu» nahi duen konplot batez mintzo da –orduan naziek egin bezala, egun AEBak eta NATO horretan ari direla iradokiz–, eta, bera bezala pentsatzen ez dutenak sarriegitan, eta hitzari zentzu ideologikoa kenduta, «faxista» deitzen ditu. Vladimir Putin, horrenbestez, historia norberaren berehalako interesen errotara ekartzeko tentaziotik salbu ez dago, ezta inondik inora ere. Norberari berea Onargarria da esatea Sobietar Batasunaren kolapsotik independentzia lortu zuten herrialdeentzat prozesu hark «ahazturiko» historia nahasiak agerian utzi zituela. Baltikotik Balkanetarainoko herrialde txiki horietako biztanle askorentzat, «munstro nazi eta komunisten» artean biziborrokan aritu ziren. Kolaborazio eta traizio, erresistentzia eta sumisio historia korapilatuak aurki daitezke herri horietan. Edo armada bat eta bera liberatzaile, konkistatzaile edo okupatzaile gisa ikusten dute. Leialtasunak banatuta eta mila pusketan zatituta. Armada Gorriak naziengandik liberatu ostean, Stalinek armada bera konkistatzaile bihurtu zuela sentitzen dute, liberazioaren ostean beste izate bat hartu zuela sentitzen dute. Historiaren errelato bakarra ez dago zuri-beltzean egiterik. Lugansk eta Donetskeko gerran batzuen ala besteen –edo inoren– alde egon daiteke, Vladimir Putinen inguruan nahi den iritzia izan daiteke. Batzuentzat Kieveko agintari berriak faxistak izango dira, matxinoak partisano eta Putin inteligentzia taktiko handiko agintaria. Besteentzat, guztiz, kontrakoa. Lehenik, baina, gertakizun historikoen egia jakin behar da. Are Errusia ulertu nahi bada. Eta “Gerra Patriotiko Handia” sakrifizio kolosalez eta heroismoz josiriko gerra justua izan zela aitortu. Ohore hura irabazi zuten milioika boluntarioak gogoan. Hildako armada naziko soldadu guztien % 88 «Ekialdeko frontean» erori ziren. Wehrmacht ahalguztiduna ofentsiba orokorrak egiteko moralik eta bitartekorik gabe utzi zuten sobietarrek. «Ekialdeko Fronteko» 1.600 kilometroetan 400 dibisio sobietar eta nazi borrokatu ziren lau urtez. «Mendebaldeko Frontean», aldiz, gehienez ere 15 eta 20 dibisio artean borrokatu ziren. Gerraren une erabakienetariko bat Kursk hiriko bataila izan zen. 1.200 tankeekin, Historian izan den tankeen bataila handiena. Sobietar Batasunak 27 milioi herritar galdu zituen «Gerra Patriotiko Handian». Horietatik 20 milioi zibilak ziren, eta, gainontzekoak, Armada Gorriko soldaduak. Lehen bi mundu gerratan, Vietnamen eta Korean hildako estatubatuarren kopurua bikoiztu egiten du Moskuko batailan soilik hildako sobietarren kopuruak: 1.200.000 herritar