Begoña Sanzberro UPNko parlamentariaren aburuz, «hobe izanen zen Gobernuantzat eta UPNrentzat hauteskundeak deitzea». Halaxe agertu da Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, non bozak deitzearen alde positiboak baloratu dituen. «Nik ez dut gaizki ikusten hauteskundeak deitzea», azpimarratu du. Bere ustez, Yolanda Barcinak zentsura mozioa aurkeztu baino ordu batzuk lehenago haueskundeak deituko balitu, mozioa bera ekidingo luke, mozioa bera «ez baita gauza polita».
Abantailak lituztek bere hitzetan bozak deitzeak. Batetik, esan du, «UPNk jarraituko luke bitarte horretan Gobernuan». «Hala, administratiboki Gobernuak berdin jarraituko luke, bere erritmoan segiko luke, martxan, hilabete horietan», adierazi du. Eta, bestetik, «UPNrentzat hobea dela uste dut, egunetik gauera edo gauetik egunera Gobernutik kanpo egotearekin ez dudalako uste abantailarik izango genukeenik».
Barcinak hartutako erabakiaren inguruan sortutako iritzi kontrajarriak ere badirela onartu du politikari baztandarrak. «Presioak ez, iritzi desberdinak daude», esan du. «Nabarmena da bere afirmazioetan Barcinak ez duela kontemplatzen aukera hori eta badaude beste iritzi batzuk, beste balorazio batzuekin», hauteskundeak aurreratzearen aldekoak, hain zuzen.
Sanzberrok ez du «ondorio argirik ateratzen» PSNk egingo duenarekin baina, «iduri du gauzak mozio batekin amaituko direla, ez badute behintzat Madrildik kontrakorik esaten».