NAIZ
BILBO

Bizkaiko ahaldun nagusia hautatzeko bilkura uztailaren 1ean egingo da

Bizkaiko Batzar Nagusiek ahaldun nagusi berria aukeratzeko bilkura egingo dute uztailaren 1ean, Gernikako Juntetxean, Mahaiak asteazken honetan adostutakoaren arabera. Inbestidura saioa Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak zuzenduko du.

Batzar Nagusietan eratu diran batzarkide taldeak bost dira –EAJ, EH Bildu, PSE, Podemos Bizkaia eta Bizkaiko PP–, eta taldeotako batzarkideen artetik hautatuko da hurrengo ahaldun nagusia. Zalantzarik gabe, Unai Rementeria jeltzalea izango da hurrengo ahaldun nagusia. Hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 29an amaituko da, 10.00etan.

Uztailaren 1eko bilkura diputatu nagusirako hautagaiaren edo hautagaien hitzaldiekin hasiko da, eta, gehienez ere, 60 minutu izango dituzte. Ondoren, etenaldia egingo da, eta jarraian, batzarkide taldeetako buruek hitz egingo dute, 20 bat minutuko saioetan. Hiltzadi hauei erantzuteko, hautagaiak edo hautagaiek 30 minutuko beste txanda bat izango dute, eta jarraian, hamarna minutu izango dituzte batzarkide taldeetako buruek hautagaiek esandakoei erantzuteko.

Hitzaldi guztien ondoren etenaldia egingo da, bozketei ekin aurretik. Sekretupeko bozketa horretarako, batzarkide bakoitzak kristalezko hautesontzian sartuko du boza, eta gehiengo osoa -hau da, gutxienez 26 boto- lortzen duen hautagaia izango da Bizkaiko ahaldun nagusi berria. Gehiengo hori lortu ezean, bigarren bozketa egingo da, eta bigarren horretan nahiko izango du gehiengo soila lortzea.

Ahaldun nagusia hautatuta, –bozketa, seguraski, arratsaldean egingo da–, hautatutakoa Batzar Etxearen kanpoaldera joango da, Batzar Nagusietako mahaikideak lagun dituela, bere karguari dagokion zina egiteko Gernikako Haritzaren gerizpean.