NAIZ
IRUÑEA

Murtziako espetxera martxa antolatu dute Iruñeko Alde Zaharrean

Martxoaren 18an Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek elkartasun martxan egingo dute Murtzia IIko espetxera, bertan baitago Josetxo Arizkuren gaixotasun larria pairatzen duen auzokidea. Martxarako tiketak Karmen kaleko Herrikon eta Zabaldin daude salgai. Autobusa ostiraletik larunbaterako gauerdian abiatuko da Tres Reyes hoteletik.

"Gatazkaren konponbiderako bidean presoak askatzea ezinbestekoa da. Horrela izan da munduko txoko guztietan, eta hala da baita Euskal Herrian ere. Baina Espainiako eta Frantziako estatuek gerra estrategian murgilduta jarraitzen dute, gure auzokideak bahituta mantenduz», salatu dute martxaren antolatzaileek.

"Hamaika dira euskal presoek jasaten dituzten eskubide urraketak, baina larrienetakoak preso gaixoek pairatzen dituztenak direla esan dezakegu. Ezinezkoa dute gaixotasun larriak dituzten eriek espetxeetan tratamendu egoki bat jasan. Gainera, nazioarteko zein Espainia eta Frantziako legeek agintzen dute preso gaixoak askatuak izan behar dutela», gaineratu dute.

"Eskubide horiek betearazteko eta gure senide, lagun eta auzokideak ahal bezain goiz etxera ekartzeko gizarteari eskatzen diogu presoen gaiarekin eta gatazkaren konponbidearekin bat egingo duten dinamikekin bat egiteko", aldarrikatu dute.