Eusko Label ligako aurtengo denboraldiko lehen estropada heldu den larunbatean jokatuko da Bilboko itsasadarrean. VIII Bilboko Bandera izango da jokoan 19.00etatik aurrera. Hamabi traineru lehiatuko dira, erlojuaren aurka. Irteera, azken urteetan bezala, Udaletxeko zubiaren ondoan ezarriko da, eta kanpoko baliza aldiz, Arrupe Pasarela pasa ondoren ezarriko da.
Irteera-ordena aurreko urteko sailkapen nagusiaren araberakoa izango da. Lehenengo txandan izango dira Ares, Ondarroa Cikautxo, San Pedro eta Zierbena Bahías de Bizkaia. Bigarrenean aldiz, Cabo, Astillero, Tirán Pereira eta Orio Babyauto arituko dira. Ohorezko txandan San Juan Sumelec, Kaiku Producha, Hondarribia eta Urdaibai Aviak egingo dute arraun.
Bilboko Udaletxean egin den aurkezpenean Juan Mari Aburto alkatearekin batera Oihane Agirregoitia Kirol eta Gaztedi zinegotzia eta Borja Rodrigo ACT Traineruen Kluben Elkarteko presidentea izan dira. Udalaren eta ACTren artean sinatutako hitzarmenaren berri ere eman dute, zeinaren arabera datozen lau denboraldietan, 20120 arte, Bizkaiko hiriburua izango da Eusko Label ligaren eremu naturalean –Galizia, Kantabria eta EAE– lehen estropadaren abiapuntua.
Alkateak nabarmendu duenez, Bilbo berriro kirol alorreko ekitaldiak jasotzen dituen hiri garrantzitsuenen artean kokatuko da akordio horrekin.