naiz
Donostia

Urdaibaik eta San Juanek garaipenaren bidean jarraitzen dute Bandera Donostiarra irabazita

Urdaibai eta San Juan argi nagusitu dira Donostiarra banderan eta Eusko Label eta Euskotren ligetako lidertzak sendotu dituzte.

San Juanek garaipen garrantzitsua lortu du. (FOKU)
San Juanek garaipen garrantzitsua lortu du. (FOKU)

Urdaibairen Bou Bizkaiak denborek markatzen dutena baino estropada estuagoa irabazi du. Helmugan 9 segundo atera dizkio Hondarribiari eta Eusko Label Ligako sailkapenean, errenta puntu batean zabaldu du. Aurrenekoak izan dira lehenengo ziabogan, baina maniobra ez da behar bezalakoa izan eta bigarren luzean estropadako lidertza galdu dute Ama Guadalupekoaren eskutan. Hirugarren luzean aldea berreskuratu eta aurretik jarri dira azken ciaboga aurretik aldea handituz helmugako 9 segundoetara iritsi arte.

Bigarren Hondarribia, baina leku hori galtzetik gertu izan da Zierbenak egindako azken luzea eta gero, eta segundo bat baino gutxiagoko aldea izan da bien artean. Txanda Santurtzik itxi du, jardunaldiko 6. denbora eginda.

Bigarren txandan, Oriok eta Cabok lehia ikusgarria izan dute estropada buruan. Bigarren luze erdira arte ohorezko txandaren marken azpitik izan dira. Gipuzkoarrak eta galizarrak denbora berean izan dira azken luzera arte, non San Nikolas traineruak handituz joan den abantaila txikia erdietsi du, helmugan 5 segundoko aldea lortuta. Oriok jardunaldiko laugarren denbora egin du eta bihar ohorezko txandan arituko da. Hirugarrena Ondarroa izan da 14 segundora, eta laugarrena, Donostiarra Karriba-Amenabar, 24 segundora.

Lehenengo txanda ere oso parekatua izan da. Kaiku, San Pedro eta San Juan estropada buru izan dira momenturen batean. Eneko Etxegoienek egindako maniobrek baliatu dute libia estropada buru jartzeko hirugarren ziabogan, eta helmugara lehen postuan iritsi dira Bizkaitarrarekin 4 segundoko aldea izanda. 8 segundora iritsi da San Juan eta 11 segundora, Tiran. 

Euskotren ligan, San Juanek garaipen berri bat erdietsi du. Lehen tokian kokatu da estropadako lehen momentutik, baina gertu izan du uneoro Orio. Ziabogako erreferentzia 5 segundokoa zen arroxen alde. Oriak izan dira san juandarren erritmoa jarraitzen bakarrak, eta azkenean helmugan batelerak baino 10 segundo geroago iritsi dira. Hirugarren GU Arraun izan da 17 segundora, eta laugarren Hondarribia, Arroxekin 44 segundo galduta. San Juanek lider jarraitzen du sailkapen orokorrean 20 punturekin.