NAIZ
SANTURTZI

Santurtziko bandera irabazi du Urdaibaik bigarren txandan arituta

Santurtziko XXXIX Ikurrina irabazi du igande honetan Urdaibaik. Bigarren txandan egin dute arraun bermeotarrek bezperako emaitza kaskarra tarteko, eta ohorezko txandako ontziek baino baldintza hobeak izan izana aprobetxatu dute bandera irabazteko.

Urdaibaiko arraunlariak, garaipena ospatzen. (FOKU)
Urdaibaiko arraunlariak, garaipena ospatzen. (FOKU)

Ustekabeko emaitzak utzi ditu Santurtziko XXXIX Ikurrinak. Bigarren txandan aritu eta estropada Bermeora eraman du Urdaibaik, bezperako emaitza kaskarrei buelta emanez. Izan ere, arraun egin duen unean itsasoaren baldintzak hobeak zirela aprobetxatu dute bermeotarrek.

Denboraldi oparoa osatzen ari den Zierbenari hartu behar izan dio gain Urdaibaik. Azkenean, bederatzi segundoko aldearekin irabazi dute bermeotarrek eta Eusko Label Ligako zazpigarren garaipena poltsikoratu dute.

Hala ere, garbi geratu da gaur haizeak eta itsasoaren egoerak nabarmen eragin dutela azken emaitzan. Izan ere, ohorezko txandan aritu den Oriok zazpigarren amaitu du estropada, baina okerragoa izan da etxekoek izan duten zortea: azken-bigarren amaitu dituzte lanak, soilik Ondarroaren aurretik.

Agian, aipatu baldintzak izan dira Zierbenari denboraldiko lehen garaipena eskuetatik kendu diotenak. Maila izugarria eman dute ohorezko txandan, baina bigarren txandan aritu direnek baldintza hobeak izan dituzte.

Estropadaren ostean, Urdaibaik jarraitzen du Eusko Label Ligako sailkapeneko buruan. Bederatzi puntuko aldea ateratzen dio orain bigarren den Hondarribiari. Hirugarren da Zierbena 14 puntura, eta laugarren Orio 25era.

Datorren estropada Ondarroan lehiatuko da abuztuaren 11n.