NAIZ
PORTUGALETE

Astillero eta Lekittarra Eusko Label Ligan arituko dira 2019an; Donostiarra, Euskotren Ligan

Astillero, Lekittarra eta Donostiarra txanponaren alde batean –datorren denboraldia gorengo mailan lehiatuko dutenen artean– eta San Juan eta Hondarribia bestean –maila galdu dutenen artean–, Portugaleten lehiatu playoff-aren bigarren jardunaldiaren ostean.

17 segundoko abantailarekin ekin dio playoff-ari Donostiarrak, Hondarribiari atzo ezarri zioten hamar segundoko zigorra berretsi baitute estropadari ekin aurretik. Abantaila horren lasaitasunarekin egin dute arraun donostiarrek estropada osoan zehar.

Hala, igoera zalantzan jarri gabe aritu dira gaur, eta 15 segundoko errentarekin irabazi dute playoff-etako bigarren jardunaldia ere. Hori hala, Euskotren Ligan arituko da Donostiarra datorren denboraldian; aldiz, maila galdu du Hondarribiak.

Gizonezkoen playoff-ari dagokionez, estua izan da lehia eta ehuneneko aldeek erabaki dute balantza. Astillero izan da gaurkoan denbora onena markatu duen taldea, baino itxaron egin behar izan dute bezperako lan txarraren ondorioz.

Bigarren izan da Lekittarra, eta bezperako garaipenaren ondoren datorren denboraldian Eusko Label Ligan lehiatzeko txartela irabazi dute. Meira eta Astilleroren artean egon da bigarren txartela, eta azkenean jardunaldiko irabazleen aldera erori da balantza, segundu azpitiko aldearekin.

Txanponaren beste aldean San Juan, gaur ere azkena izan eta maila galdu baitute pasaitarrek.