Nerea GOTI
BILBO

Neiker-Tecnalia, EHU eta BC3 elkarrekin, antibiotikoen erresistentziak ikertzen

Neiker-Tecnaliak, EHUk eta Basque Centre of Climate Changek hitzarmena sinatu dute antibiotikoekiko erresistentziak ikertzeko. Egitasmoak eremu horren ikerketak bildu, proiektuak gidatu eta doktore tesiak bultzatuko ditu, besteak beste, eta ezagutza eta teknologia inguruko enpresetara transferitzeko bideak bilatuko ditu.

Neiker-Tecnaliak, EHUk eta Basque Centre of Climate Changek (BC3) «ikerketa zientifikoa eta ezagutzaren transferentzia» sustatuko duen hitzarmena sinatu dute antibiotikoekiko erresistentzien azterketaren inguruan. Hitzarmenaren bidez, Joint Research Lab on Enviromental Antibiotic Resistance (JRL) izeneko egitasmoa jarriko dute martxan, arlo honetako ikerketak integratu, horien efizientzia ziurtatu eta emaitzen inpaktua bermatzeko.

Antibiotikoen aurrean erresistenteak diren bakterioak mehatxu nagusietako bat dira osasunerako. Sinatzaileek nabarmen- du dute Europar Batasunean 33.000 lagun hiltzen direla urtean bakterio horiek eragindako infekzioen ondorioz, eta heriotzak hamar milioira hel daitezkeela 2050erako, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera.

Arazoa da, azaldu dutenez, ingurumenean gero eta antibiotiko eta degradazio produktu gehiagoren kontzentrazioa dagoela, eta presio horren ondorioz bakterioek erresistentzien geneak sortzen eta barreiatzen dituztela. Gene horiek protogenetara hel daitezke eta tratamendua zaildu egiten da, eraginkortasun txikiagoa dauka.

Testuinguru horretan, antibiotikoek, erresistentzia geneek eta elementu genetiko orokorrek ingurumenean duten presentzia ikertzen zentratuko dira JRLko taldeak. Ikerketaren beste eremu bat erresistentziak ingurumenean barreiatzearekin zerikusia duten eta gorantz doazen kutsatzaileen mapen lanketa izango da.

Kutsatzaileen inpaktua diagnostikatzeko tresnak ere garatzea da asmoa eta osasuna hobetzeko estrategiak lantzea eta emaitzen «dibulgazioa, transferentzia eta prestakuntza» bultzatzea. Horregatik, EHUren masterretan honelako ikerketa ildoak lehenetsi nahi dituzte, eta doktore tesiak bultzatu.