«Euskarak ETB2 behar du, bestela etorkizun beltza du»
27 urte daramatza ETBko «Eguraldia» saioan eta beste hainbat programatan; euskaraz jarduten den komunikatzaile ezagunenetako bat da. Aita izan berri da, laugarrenez, 56 urterekin, bigarren emaztearekin; lehenengoa, Eva, 2013an hil zen, minbiziarekin.
Hau da ene etxea, ene ondasun nagusia», hitzekin hartu du kazetaria Andoni Aizpuruk (Gabiria, Gipuzkoa, 56 urte). Elorrioko Mendraka auzoko Beitia Nagusia etxean bizi da azken bi hamarkadetan, hegora zaindari Udalatx eta Anboto dituela. «Hemengoentzat giputza naiz», dio. Gauza, amets txiki asko betetzen ditu egunero, izan erleengana joan, limoiak eta frutak zaindu, pottokei bazka eman, kirola egin edo azkenaldian sortu zaion betebehar nagusian: Martin seme jaio berria zaintzea. Laugarrena du. “Eguraldia” saioaren aurpegi ezaguna ETBn, euskarazko komunikatzaile trebea da, eta bizitzak eman eta kendu dizkionak izan ditu ahotan luze. Baita Euskal Telebistaren egoera, Euskal Herriaren etorkizuna, sare sozialak, tenporak eta nola ez, negua elurtsua izanen den edo ez.
Gabirian jaio, Bilbon lan egin, Elorrion bizi… Zure bizitzako azken bi hamarkadak laburtzeko modurik bai?
Elorrion bizi naiz, eta oso gustura gainera. Eva Agirre emaztea izandakoa zen Elorriokoa, makillatzailea ETBn. 1993an hasi nintzen ETBn, “Eguraldia” saioan. Eva ezagutu nuen, eta urte eta erdira ezkondu eta familia sortu genuen. Nik baserrian bizitzeko grina neukan. Baserri hau ikusi genuen, erabat utzita. Konpondu genuen, pixkanaka, eta 21 urte daramatzat bertan.
Herria bi kilometrora, baina landa eremuan.
Bai, baserri giroan. Elorrio neurri politeko herria da. Badauka mugimendua, kultur ekintza mordoa, giro herrikoia. Bilbora joaten naiz egunero lanera, baina ez naiz hirian bizitzekoa, eta hemen gustura gaude.
Emaztea eta lau seme-alaba zarete, orain, baserrian.
Bai. Lehen emazte izan zena, Eva, minbiziak eraman zuen. Azaroan zazpi urte egin ditu. Sabeleko minbizia izan zuen, baina hil aurretik esan zidan, bigarren bizitza oso bat neukala aurretik. Bigarren bizitza hori izan zitekeen jota geratu eta bizitza kaskarra edukitzea, baina Evak hil aurretik esan zizkidan hitzek indarra eman zidaten. Ez zen garai erraza izan niretzat. Seme-alabek 11 eta 17 urte artean zituzten, adin bihurri samarra, baina dolua pasa genuen, eta bizipoz lezio latza ikasi genuen minbiziari esker.
Zer lezio?
Demagun minbiziak dolu edo egoera zail horri begira prestatzeko astia ematen dizula, agurra iritsi aurretik. Gaixoak ondo eramaten badu, nire emazteak bezala, sekulako lezioa; «segi bizitzen», esan zigun. Eva hil eta nahiko epe motzean ezagutu nuen oraingo bikotea, Goiatz, baina oraindik ere, tarteka, Eva azaltzen zait ametsetan. Galdera batzuk sortu zitzaizkidan emaztea hil ondoren: «zer gara?», «zer gertatzen da joaten diren horiekin?» edo «zerbait ba al da hor, hil eta gero?». Bakoitzak bere bizipenak ditu. Andu Lertxundik bere emazteari erasan zion minbiziari putakumea esaten zion, idatzi zuen liburuan. Nik, neurri batean minbizia maitatu egin nuen. Maite gehiegitxo izango da, akaso. Ulertu egin nuen, edo saiatu ulertzen. Pentsarazi egin zidan, 45 urterekin norbait joaten denean zer, bizitzako onenean… Bi aukera dituzu: edo zuloan sartu eta hondoratu edo maitasunari heldu eta bizipoza landu, bilatu. Minbizia gorrotatu baino hobe da harekin bizitzen saiatzea.
Orbainik utzi al dizu emaztearen heriotzak?
Asko, eta askotan gogoratzen naiz emaztea zenarekin, nire bakardadean, etxean, mendian. Oraingo emazteak ere asko lagundu dit. Horrelako galera bat gainditzea ez da erraza izaten, eta ume jaio berriaren etorrera ere halako bultzada izan da gure familian. 56 urterekin berriro ere une gozoan nagoela esango nuke, eta ez dut ukatzen, askotan laguntza eskatu izan diot Evari. Hemen, baserrian, modu batera edo bestera hortik dabilela esango nuke, airean geratzen diren usainak bezala. Xabier Lete bili-bolo dabilen honetan, hark esaten zuen: «Nik ez dut amets handirik». Nik ere ez. Nik amets txiki asko ditut, baina egunero bete nahi ditudan ametsak, ez jubilatzen naizenean: lagunekin egon kafe baten bueltan, erleei edo baratzera bisita egin korrika saio baten ostean, ume txikiarekin egon, hurrena Urkiola aldera elurretara... Bihar ere argituko du, noski, baina igual ez, e? Ez naiz beldur horrekin bizi, baina igual bihar ez gaude hemen.
Larre sail handiak dituzu baserri atarian, eta baratze emankorra.
Bai, lurrarekin harreman handia daukat. Bueltan etorri da orain lurrarekiko maitasuna, harremana, jendartera. Behar ditut lore eta landareak, erleak, egurra eta sua. Etxean egunero pizten dugu sua. Ke usaina, eskuak zikindu hautsarekin… Bizitza artifizial batean bizi gara, etxeak perfektuak dira… Gurean armiarma sareak agertzen dira, eta gustura. Ez diot teknologia berrienei muzin egiten, baina zuatzaren (belar meta) usaina, zuhaitzak, loreak… Gustuko ditut. Gimnasioan baino naturako esku lanetan hobeto moldatu izan naiz beti. Pisuak baino aitzurra ondoan hobeto, beti.
56 urterekin aita izan zara, laugarrenez.
Bai. Esan izan didate, «gogoa eduki behar da gero, 56 urterekin, haur bat edukitzeko». Nik esaten diet: «Nik bizi izan dudana bizi izango bazenute, akaso bestela pentsatuko zenukete». Oraingo bikoteak ama izan nahi zuen, eta nik, maitasuna tarteko, oztoporik ezin nion jarri. Nola ba? Bizia eta haur bat jaiotzea da munduan dagoen gauza politenetakoa. Edo hala izan behar luke. Bizitza sortzea. Umerik izan ez duen, edo izan nahi ez duen jendea errespetatzen dut, baina ni, behintzat, gozatzen ari naiz. Eta aitatasun baimen luzearekin! Aurreko hiruretan emazteak erditu eta bi egunera lanean nengoen. Orain hiru hilabete geratzen zaizkit aitatasun baimenarekin (lehenagotik beste lau aste eginak ditu). Ume jaio berria gauza ederra da, irribarre batekin arazo guztiak desagertu egiten dira. Niri aita laugarrenez izateak ez, bakardadeak eman izan dit beldurra.
«Eguraldia» saioko aurkezle zarelako ezagutzen zaitugu, baina bestelako bidea hasi zenuen gaztetan.
Irakasletza ikasi nuen, natur zientziaren alorretik. Felix Rodriguez de la Fuente zen nire erreferente. Euskaltegi batean hasi nintzen irakasle, 21 urterekin, Pasaia eta Errenteriako udal euskaltegietan. Plaza ere lortu nuen Errenterian. Halako batean ETBn eguraldia aurkezteko casting bat egitera joan nintzen. Proba egin nuen, eta deitu zidaten, lehenbailehen hasteko. Euskaltegian egoera azaldu nuen, eszedentzia eskatu eta aurrera. Urtebeteko baimena hartu nuen, baina euskaltegira bueltatzeko konpromisoarekin. 1993ko urtarrilaren 2an ETBn hasi nintzen.
Ez zinen euskaltegira gehiago bueltatu.
Ez. Gabiriatik egunero Iurretara joanez ibili nintzen, gurasoen etxetik. 28. urteari ekin diot. Eta beti euskaraz erdaraz baino hobeto moldatu izan bainaiz, erdarazko probetan ez nuen interes handirik jarri, ez baineukan batere gogorik ETB2n lan egiteko. Eguraldiaz gain herrialdeetako albistegia aurkeztu nuen, ondoren “Euskadi zuzenean” Maialen Iriarterekin. Eta ondoren beste hainbat magazin eta informatibo: “Bertatik bertara” saio ezagunena, baina “Barnetegia”, “Bi errepidean”, “Gailurra”… saio askotan aritu naiz.
Zer sentitzen zara? Kazetaria, komunikatzailea…
Kazetaria ikasketa aldetik behintzat ez. Jardunaz bai, noski. Ondoan kazetari on asko izan ditudalako, batez ere. Komunikatzailea sentitzen naiz. Gaztelaniaz esan izan didate: «Andoni, tu pasas pantalla»; alegia, etxeetan sartzeko gaitasuna, edo erraztasuna daukadala. Kamera aurrean ia beti eroso sentitu izan naiz. Formazioz kazetari izan gabe oso formatu zurruna iruditzen zait albistegietakoa, teleprompterra irakurtzea. Gauzak beste era batera kontatzea izan dut gustukoagoa. Magazin estiloa nahiago izan dut.
Erreferentziazko eguraldi aurkezle bilakatu zara, dagoeneko…
Saioa eguraldia iragartzen duen tarte soil bat baino askoz gehiago dela esango nuke, datu, argazki, bitxikeriekin eta beste. Eguraldi zalea bazara, geografia zalea, saio osatua egiten dugula esango nuke, baina bihar zer eguraldi egingo duen jakin nahi duen ikusle soila ere informatu behar da. Share datuak ikusita, batzuetan euskarazko informatiboak baino ikusle gehiago ditu “Eguraldia”-k. Hori ez da pasatzen ETB2n, eta deigarria egiten zait. Nire ustez, datu on horiek baliatu beharko lirateke informatibora jende gehiago erakartzeko. Nola? Eguraldia eta natura hizpide izango lukeen saio edo magazinen bat sortuz, agian informatiboa eta “Eguraldia”-ren ondoren.
Eguraldi saioetan fisiko eta meteorologoak dira gehiengo aurkezle lanetan. Hala behar al du, edo komunikatzeko gaitasunak garrantzi handiagoa eduki behar luke?
Hasteko, eguraldia gustukoa izan behar da, derrigor. Eguraldian eta burtsan. Eta eskarmentua. Nik mende laurden daramat etenik gabe eguraldia aurkezten, eta Euskal Herriko geografia ondo ezagutzen dut. Meteorologo edo komunikatzaile onenak ere eskarmentua behar du, eta lantalde on bat atzetik. Egun bitarteko asko ditugu, orain bi hamarkada baino askoz gehiago, mapak eta beste, baina hori etxera modu ulergarrian helarazten ere asmatu egin behar da. Eta hori eginez ikasten da. Nik jaiki eta lehen gauza leihoa irekitzen dut, ea ze eguraldi dagoen, eta gosaltzen ari naizela, meteorologia modeloei, datuei, webcam-ei gainbegiratua ematen diet beti. Etxekoek esaten zidatenez, txikitatik neukan eguraldi aurkezlea izateko grina, batez ere elur garaian, eta hala izan da ondoren.
«Eguraldia» saioa polemika iturri izan da sarri, muga administratiboak azpimarratu nahi izan baitituzte politikariek…
Ni, behintzat, Euskal Herriko errealitatea islatzen saiatu izan naiz beti, Espainiako AEMETen menpekotasunik gabe, edota EAEko Euskalmeten mugarik gabe. Non geratzen da Nafarroa, eta Ipar Euskal Herria, Euskalmeten eskeman? Noski, kolaboratzaileak eta Meteo Franceko datuak behar dira gero, Baiona edo Iratiko datuak emateko, baina nire eguraldi eredua Euskal Herria izan da, administrazio mugen gainetik. Muga horiek disimulatzeko tresnak badaude. Muga horiek finkatu nahi zituztenei esan nien bere garaian, hodeiek ez dakitela Berastegin edo Leitzan dauden, edo aurrena EAEko eguraldia eta ondoren Nafarroakoa ematea ez zela egokia.
Zer iritzi daukazu ETBz?
Ezer baino lehen zera esan nahi nuke: telebista egitea benetan zaila dela ikusi dut 27 urte hauetan. Hiztun multzo mugatua gara, eta gaiak bilatzea ere ez da erraza. Ni neu 45 minutuko saio baten zuzendaria izan naiz, nahieran gaiak hautatzeko aukerarekin, baina egunero 45 minutu betetzea oso zaila da. Zenbat jende eta diru behar den, eta zenbat adimen, sormen. Askotan, saioa bukatu eta pentsatu: «Ze saio kaskarra egin dugun». Gaur-gaurkoz agerikoa da sos handiena ETB2ra bideratzen dela, eta ETB1en programazioa betetzeko joera dagoela, “Egunon Euskadi”, “Ahoz Aho” edo “Biba zuek” bezalako saioekin. Saio luzeak denak, bi ordukoak. Zehaztu nahi nuke ez dudala gustuko saioak kritikatzea, dauden bitarteko apalekin egiten dutena egitea oso zaila delako.
Eta ETB1-ETB2 eztabaidaz, zer esango zenuke?
Nire ustez euskarak ETB2n askoz presentzia handiagoa eduki behar luke. Euskarak behar du ETB2. Nire esku balego, eta orain zuzendari berria etorri zaigu, ETB1erako saio landuagoak egingo nituzke, bitarteko gehiago bideratuz: dirua, jendea, irudimena… Eta ondoren, saio horietako batzuk gaztelaniazko azpitituluekin ETB2 bitartez ere etxeratu. Diruak serie onak egiten dituela jakina da, zergatik ez ditugu serie osatuagoak egiten ETB1en, eta gero ETB2n eskaini azpitituluekin, prime time ordutegian? Edo ETB2ra bideratzen den adina baliabide bideratu euskarazko serieak egiteko? Zergatik ez “Hondar Ahoak” edo “Altsasu” ETB2n eskaini azpitituluekin? Bestelakoan ETB2k audientzia kopuruetan irentsi egingo du ETB1. Zenbat euskaldunek ikusten dute ETB2ko “Teleberria”? Eta ez dut uste “Gaur egun” informatiboa baino hobea denik. Kopuruak ikusita, garbi dago hainbat euskaldunek gaztelaniazko informatiboa ikusten dutela. Zerbait egin beharra dago, eta euskarak behar du ETB2ren ispilu, leiho hori. Apustua egin behar dute, eta ikusiko da, egiten duten ala ez, orain arte ez baita egin. Erreakzio bat behar da, aldaketa, bestelakoan ETB1ek etorkizun beltza duelako. ETB1en konpetentzia handienetakoa ETB2 bada, euskarari emango diogu lehentasuna, edo ez? Bestalde, ETB2 ezabatzea eskatzen dute zenbaitek, baina hori utopia da, muturreko iritzia, eta gauzatu ezina.
Eta Euskal Herria, zer moduz ikusten duzu?
Euskaldunok daukagun bizi maila, soldatak, onegiak direla uste dut, zenbait helburu lortzeko. Gaur 40 urte nola gauden esan izan baligute, autonomia estatu eredu baten menpe izanda ere, ez genuke sinetsiko. Nik neuk, maila pertsonalean, pauso gehiago emango nituzke burujabetasunerantz. Prest nengoke nire bizi baldintzak okertzeko, burujabetzan aurrerapausoak emateko. Eskozian bezala, herritarrei burujabe izan nahi ote luketen galdetuz gero, poltsikoari begiratzen diogula esango nuke. Gizarte mugimenduak bide onean sumatzen ditut. Batek daki 20 urte barru nola egongo garen, politikoki zer indar korrelazio egongo den Gasteizen edo Madrilen… Euskal Herri burujabearen aldekoa naiz itsu-itsu, baina autonomismoan goxo eginda gaude, eta pausoak egitea ez da erraza, jendeak beldurra baitu. Askok diote: «Hi, ni ondo bizi nauk horrela».
Mundu guztia dabil sare sozialetan, iritzia ematen, kuxkuxean. Zu ez. Zergatik?
Ez naiz zalea. Denbora gutxi dut, lau seme-alaba, lana, eta oso kanpo zalea naiz: baratzea, mendia, fruta, kirola… Denbora askorik ez, eta bestela ere arrisku puntu bat badauka mundu horretan sartzeak, jendea suelto ibiltzen baita anonimotasunean babestuta, taberna zuloko eztabaiden tankeran. “Eguraldia” saioan aztertu genuen Twitter bitartez galderak erantzuteko aukera, baina ez zen egin.
Jendeak zure esan berezien inguruko hainbat iritzi ematen du sarean. Erreferentzia bilakatu ote zara euskara arloan?
Jendeak idazten dit hainbat terminori buruz galdetzen, baina ez naiz izar mediatikoa kontsideratzen, ezta gutxiago ere. Sare sozialetako iritzi edo loreak ez, ikusle fidelek bidaltzen dituzten irudiak dira gure arnasa. Eguraldiko aurkezleok ez gara Jorge Javier Vazquez.
Tenporak bai edo ez? Zientzia hutsa, edo zerbait gehiago behar da?
Gustatzen zait sinestea, ba ote dauden zientzia ez diren beste bideak, aurreikusteko zer eguraldi datorren. Izan genuen polemika apur bat, “Eguraldia” saioan ezin genuela tenporen berri eman, ez zelako zientzia ofiziala… Nik esan nien, Pello Zabalak meteorologo askok baino gehiago dakiela, eminentzia bat dela eguraldi kontuetan. Iraganean kasu gehiago egiten genion, hori egia da, baina ikusle asko erakartzen zituen bere aurreikuspenak plazaratuko genituela ohartarazten genuenean. Nik negua nola den jakiteko lehenago entzungo diot Pellori, AEMETeko arduradunari baino. Gustura egingo nuke tenporen eta zientzia ofizialen alderaketa, ea nork asmatu duen gehiago, demagun azken hamarkadan.
Eta negua eta elurraren inguruan, azkena. Zer tankerako negua izango dugu?
Ba al dakit ba nik? Ba al daki ba norbaitek? Ia ezinezkoa da, baina tenporetan hegoa markatu zuen. Hasieran hotza izan da, bustia, elurtsua, baina hegoa ere etorriko da. Agian nik nahiko nukeena baino gehiago. Urkiolan elurra eginez gero, 700-800 metrora, ni konforme. Kale jendearentzat elurra oztopo handia dela onartu behar da.