NAIZ

Aurpegi ezagunak bildu dira euskal eskola publikoaren alde

Aurpegi ezagunek –Aitziber Garmendiak, Yon Camachok, Iñaki Urbizuk, Zuriñe Hidalgok eta Xabier Aierdik, besteak beste– eskola publikoaren lana goraipatu dute, eta eskola publikoaren aldeko apustua egin dute.

EAEko ikastetxeetan matrikula egiteko garaia dator eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak bideo berri bat zabaldu du. Bertan aurpegi ezagunek, Aitziber Garmendiak, Yon Camachok, Iñaki Urbizuk, Zuriñe Hidalgok eta Xabier Aierdik, besteak beste, eskola publikoaren lana goraipatzen dute, eta eskola publikoaren aldeko apustua egiten dute.

Plataformak bidalitako oharrean hezkuntza publikoaz harro egoteko arrazoiak ematen dizkiete «zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere».

«Harro, unibertsala delako: herritar guztientzat irekia eta doako oinarrizko hezkuntza eskaintzen duen bakarra. Harro, euskalduna delako: gaurko eta etorkizuneko euskaldunak hezten dituelako, testuinguru guztietan eta euskal kultura, gurea, ardatz hartuta. Harro, anitza delako: ezberdinen arteko elkarbizitza egunero biziz ikasten delako, ez irakatsiz; ideologia, jatorri eta maila sozioekonomikoaren gainetik, pertsonekiko errespetuan oinarritzen da. Eskola publikoak gaurko jendartean bizitzeko tresnak ematen dizkie haurrei txiki-txikitatik; eskola publikoan aniztasuna aberastasuna da, pertsona gisa aberasten gaituena», azpimarratu dute

Eta eskola publikoa inklusiboa eta herritarra dela erantsi dute plataformako kideek. Izan ere, «komunitate osoarena izanik, urte askoren poderioz eta lanaren ondorioz familia, ikasle, irakasle, eta langileek eraiki dutena eta gaur egun eraikitzen jarraitzen duguna».

Halaber, jendartearekin bat aldatzen doan eskola dela adierazi dute, eta «elkartasunerako gune pribilegiatua, elkarbizitzako eta elkar zaintzeko gunea». Beraiek ere harro daude berritzailea eta jasangarria delako eta «begirada feminista hezkuntza komunitatean zabaltzen ari delako. Hezkidetzarako aurrerapausoak ematen dituelako»..

«Azkenik, harro, Eskola Publikoak aipatutako ezaugarri guztiak betetzen dituen eskola delako eta gure seme-alaben hezkuntzaren bermea delako. Seme-alabarekin batera gurekin bertan parte hartu nahi al duzu?», gaineratu dute.