Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak Lapurdiko hiriburuko Jai Batzordearekin bildu da asteazken honetan eta elkarrekin Baionako Besten 2021eko edizioa bertan behera uztea erabaki dutela jakinarazi du.
«Gaur egungo osasun-testuinguruak eta aurreikusten den garapenak ezinezko egiten dute Baionako Bestak bezalako jai-ekitaldi masibo bat egitea», adierazi du Herriko Etxeak, ohar baten bitartez, urruntze fisikoa eta covid-19aren pandemiari aurre egiteko martxan jarritako beste neurri batzuk aipatuz.
«Txertoak itxaropen handia ematen duen arren, pandemiak bere horretan jarraitzen du eta iraunkorra da», azpimarratu du.
Halaber, Jai Batzordeak erabaki «zail» hori bigarren urtez jarraian hartu behar izan duela gogorarazi du. Horren harira, Etchegarayk jaien antolaketan parte hartzen duten alde guztien «ardura» eskertu du.
Udako jarduerak elkarteekin
Hala ere, eta zalantzak gorabehera, Etchegarayk iragarri du Baionako Udala udarako animazio programa zabal bat martxan jartzeko lanean ari dela.
Programa horren bidez, uztailaren erdialdetik abuztuaren amaierara arte, «indarrean dagoen osasun-araudiarekin bateragarria den kultura ekitaldiz beteriko eskaintza zabala antolatu nahi da. Horretarako, Baionako elkarteetan lagunduko duela ziurtatu du.