NAIZ

100 eskola jazarpen kasu identifikatu ziren EAEn 2019-2020an, asko Bigarren Hezkuntzan

Lakuak jakinarazi duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan 100 eskola jazarpen kasu identifikatu zituzten 2019-2020 ikasturtean. Hauetatik 63 Bigarren Hezkuntzan eman dira eta asko, Internet bidez.

Begoña Pedrosak eta Jokin Bildarratzek 2021-2022 ikasturtea aurkezten. (Irekia)
Begoña Pedrosak eta Jokin Bildarratzek 2021-2022 ikasturtea aurkezten. (Irekia)

Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuordeak EAEn, 2019-2020 ikasturtean, eskola jazarpen kasuek izan duten bilakaera aurkeztu du gaur goizez Gasteizen, Hezkuntza Ikuskaritzak bildutako datuak ezagutaraziz. Jakinarazi duenez, aurreko ikasturtean eskola jazarpen gisa identifikatutako 100 kasu egon dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan.

Guztira 795 kasu aztertu dituztela baieztatu du Pedrosak eta, beraz, hauen %12,58 sailkatu dituzte eskola jazarpen gisa. Aurreko ikasturteko (2018-2019) datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruan igoera apala izan da (755etik 795era egin du), baina ez da igo, hein berean, jazarpen gisa baieztatutako kasuen kopurua: 96 kasutik 100 izatera igaro baitira.

Jazarpen hauen prebentzioan azken hamarkadan aztertutako kopurua hamar aldiz biderkatu dela nabarmendu du Hezkuntza sailburuordeak.

«Datu hauen atzean aurki daitekeen azalpen nagusia, hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har, bullying-arekiko dagoen gero eta sentsibilitate maila handiagoa aurkitzen da, jazarpen kasuen gorakada bat baino gehiago», adierazi du gaurko agerraldian. «Ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak arreta handiagoa jarri dute gai honetan, eta, horren ondorioz, zalantzarik txikienaren aurrean, balizko kasu oro aztertu egiten da», gehitu du.

Gehienak, Bigarren Hezkuntzan eta Internet bidez

Azaldu duenez, jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Bigarren Hezkuntzan gertatu dira. Izan ere 100 kasu horietatik 63 etapa honi dagozkio. Antzeman diren kasuen izaera edo tipologia aztertuz berriz, gehien gertatzen diren eraso motak hitzezko erasoak, bazterketa edo marjinazio soziala, edo eraso fisikoa dira.

Bestetik, nabarmendu egin du kasu horien %25a Internet edo sare sozialen bide eman dela.

Azken ikasturteko eskola jazarpen kasuei buruzko datuekin batera, Pedrosa sailburuordeak Bizikasi ekimena ere hizpide izan du, duela lau urte Lakuako Hezkuntza Sailak abian jarri zuen «eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako» ekimena.

Lau urte hauetan, «hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia» egin dela adierazi du sailburuordeak. «Lehenik, BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da», nabarmendu du.