NAIZ
Donostia

Manuel Andueza, duela 51 urte Guardia Zibilak tiroz hildako beratarra, omendu dute Donostian

Manuel Andueza beratarra omendu dute gaur Donostian. 1970ean, gipuzkoar hiriburuan, auto istripu baten ondotik, guardia zibil batek hiru tiro egin zizkion nafarrari eta bertan zendu zen. Inork ez du heriotzaren ardura hartu eta ikerketarik ere ez zen ireki.

Manuel Andueza beratarra 1970ean hil zuen Guardia Zibilak Donostian. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Manuel Andueza beratarra 1970ean hil zuen Guardia Zibilak Donostian. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora institutuak Manuel Andueza beratarra poliziaren indarkeriaren biktima dela gogoratu du gaur, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean, Donostian, egin den omenaldian. Ekitaldia iaz egitekoa zen, heriotzaren 50. urteurrenean, baina osasun krisiaren ondorioz atzeratzea erabaki zuten.

Bertan izan dira Esteban Andueza, biktimaren iloba, eta indarkeria polizialaren biktimen hainbat senide, baita Jose Antonio Rodriguez Lakuako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Kooperatiba sailburuordea, Aintzane Ezenarromm Gogora institutuko zuzendaria, Eneko Goia, Donostiako alkatea, eta Juan Ramon Viles zinegotzia.

Euskal Memoriaren dokumentazioaren arabera, Andueza 1970eko uztailaren 17an hil zuen Guardia Zibilak, 39 urte zituela. Beratarra eta beste auto bateko gidaria zena auto istripu bat argitzen ari ziren, Guardia Zibila agertu eta eztabaida betean, agenteetako batek hiru tiro egin eta bertan hil zen. 

Inork ez du heriotza haren ardura hartu eta garaian ere ez zen inolako auzibiderik zabaldu.

«Estatu errepresibo baten biktima»

Rodriguez sailburuordeak adierazi duenez, garai hartako «giro politikoaren aitzakiek ez dute balio», eta Andueza «diktadura frankistaren indarren kide baten tiroek» hil zutela eta «Estatu errepresibo» baten biktima izan zela azpimarratu du.

«Trantsizioak isiltasunaren aldeko ituna egin zuen, ahanzturaren aldekoa», kritikatu du Rodriguezek. «Ez dakit nahita egindakoa izan zen ala ez, baina historiak ankerki esan digu zauriak gezurretan lurperatzea ez dela inoiz irtenbide ona izan», gehitu du Rodriguez.

Ezenarrok, aldiz, gizarteak Anduezari omenaldi hau «zor» ziola aipatu du.  «Hautsitako bizitza bat humanizatuz bakarrik azpimarratzen da indarkeriaren absurdua».