Jumbo Visma taldeak beste erakustaldi bat eman du Paris-Nizako laugarren etapan, Domeraten hasi eta Montluçonen amaitu den 13,4 kilometroko erlojupeko gora-beheratsuan. Lehen etapan egin bezalaxe, etapako lehen hiru postuak beraientzat izan dira eta sailkapen nagusian lehen hiru postuen jabe izaten jarraituko dute.
Gaurko erlojupekoan, garaipena Wout Van Aert flandriarrarentzat izan da, 16 minutu eta 20 segundoko denborarekin, Primoz Roglic eslobeniarra izan da bigarren bi segundora eta aurten fitxatu duten Rohan Dennisek hirugarren amaitu du sei segundora. Jumbokoen atzetik, Stefan Kung suitzarra (Groupama) laugarren izan da 10 segundora eta Simon Yates ingelesa (BikeExchange) bosgarren 11ra.
Sailkapen nagusiari dagokionez, Van Aert lehen postura igo da Christophe Laporte taldekidearen kaltetan, baina ez pentsa Jumboko frantziarra oso atzera gelditu denik, hirugarren jarraitzen baitu 28 segundora. Bigarren postua Roglicentzat da orain 10 segundora. Atzetik, Simon Yates laugarren kokatu da 49 segundora eta Pierre Latour frantziarra (TotalEnergies) bosgarren 51ra.
Arratsalde lasaia izan da Jumbokoentzat gainera. Lehenik, eta proba amaitzeko txirrindulari askoren faltan, Rohan Dennis izan da helmugan denborarik onena ezarri duena 16:26ko denborarekin. Kung, Yates, Hayter, Latour eta enparauek ez dute australiarraren denbora hobetzea lortu, eta Roglic taldekidea izan da azkenean Dennisen marka lau segundoan hobetu duena. Handik gutxira heldu da Van Aert, etapa garaipena lortuz, eta jardunaldia borobiltzeko Laportek ere erlojupeko bikaina eginda sailkapen nagusian hirugarren postuari eustea lortu du.
«Aste perfektua izaten ari da orain artean. Ikusten da lasterketa hau oso ongi prestatu dugula eta hortxe gaude. Elkarri lagundu eta motibatzen saiatzen gara eta zorionez beste podio eder bat lortu dugu», goraipatu du Van Aertek helmugan.
«Maillota horia Roglicek menderatzen nauen arte eramatea espero dut, hori da nire helburu bakarra. Etapa gogorrenak falta dira eta niretzat lasterketa ederrenak gero etorriko dira. Bihar maillotaz gozatzen saiatuko naiz eta gero ikusiko dugu egunetik egunera nola doan lasterketa», gaineratu du lider berriak.
Kaltetuen atalean, lasterketa irabazteko faborito nagusien artean zegoen Nairo Quintana (Arkea) aipatu behar da bereziki: 1:17 galdu du gaur eta 1:55era dago jada sailkapen nagusian.
Gainontzean, azken egunetan osasunez pattal ibili diren zenbait ziklistak lasterketa uzteko baliatu dutela gaurko eguna, Maximilian Schachmann alemniarra (Bora) edota Ben O'Connor australiarra (Ag2r) kasu.
Bihar izango du lasterketak mendiko lehen etapa serioa. Guztira 189 kilometro izango dira Saint-Just-Saint-Rambert eta Saint-Sauveur-de-Montagut artean, sei mendate puntuagarrirekin: Croix de Chambouret (9,6km %6,6ra), Saint Jeure D'Day (2,3km %5,2ra), Saint Romain de Lerps (6,6km %7,4ra), Toulaud (1,7km %8,7ra), Col de la Mure (7,7km %8,1ra) eta Saint Vicent de Durfort (4,8km %5,4ra), gaina helmugatik 12 kilometrora.
Paris-Niza - 4. etapa
1. Wout van Aert (Jumbo) 16:20
2. Primoz Roglic (Jumbo) 2ra
3. Rohan Dennis (Jumbo) 6ra
4. Stefan Kung (Groupama) 10era
5. Simon Yates (BikeExchange) 11ra
6. Ethan Hayter (Ineos) 14ra
28. Ion Izagirre (Cofidis) 55era
66. Gorka Izagirre (Movistar) 1:26ra
70. Imanol Erviti (Movistar) 1:34ra
139. Omar Fraile (Ineos) 2:57ra
Paris-Niza - Nagusia
1. Wout van Aert (Jumbo) 11:51:05
2. Primoz Roglic (Jumbo) 10era
3. Christophe Laporte (Jumbo) 28ra
4. Simon Yates (BikeExchange) 49ra
5. Pierre Latour (TotalEnergies) 51ra
6. Mads Pedersen (Trek) 53ra
22. Ion Izagirre (Cofidis) 2:11ra
66. Gorka Izagirre (Movistar) 8:47ra
76. Imanol Erviti (Movistar) 10:37ra
126. Omar Fraile (Ineos) 25:40ra
Caleb Ewan garaile Tirrenoko hirugarren etapan
Tirrenon hirugarren etapa jokatu da, 170 kilometro Murlo eta Terni artean mendate puntuagarririk gabe, eta garailea Lotto Soudal taldeko Caleb Ewan australiarra izan da esprintean.
Esprint arraroa izan da, anarkikoa, batez ere azken zuzengunea harlauza gainean egin dutelako txirrindulariek. Baldintza horietan ederki asmatu du Ewanek une egokian jo eta aurkariak menderatzen. Bigarren Arnaud Demare frantziarra (Groupama) izan da eta hirugarren Olav Kooij neerlandarra (Jumbo).
Hala ere, ezustean, zenbait faborito lasterketa hausten saiatu dira, edo behintzat itxura egin dute. Helmugarako 30 kilometro falta zirenean UAE taldeko Tadej Pogacar eta Marc Soler izan dira metro batzuk hartu dituztenak tarteko helmuga bat baliatuz, eta atzetik Julian Alaphilippe (Quick Step) eta Tao Geoghegan (Ineos) batu zaizkie. Laukoteak tartea ireki du, 20 segundo 18 kilometroren faltan, eta tropelean berehala hasi dira lanean Groupama eta Jumbo.
Azkenean, saiakera ezerezean gelditu da eta 13 kilometroren faltan harrapatu dituzte iheslariak, espero zen esprintari bide emanez. Sailkapen nagusian aldaketarik ez dago eta Filippo Ganna italiarrak (Ineos) jarraitzen du lider.
Eguneko beste albistea Peter Saganek eman du. TotalEnergies taldeko eslobakiarrak, bezperan laugarren amaitu arren, ez du irteera hartu sukarra eta sabeleko minak izan ostean.
Ostegun honetan laugarren etaparen txanda izango da, 202 kilometro Cascata delle Marmore eta Bellante artean. Oso gogorrak izan ez arren, mendate aipagarriak igo beharko dituzte txirrindulariek: Torre Fuscello lehen zatian (9,5km %3,7ra) eta Bellanteko igoera hiru aldiz azken kilometroetako zirkuituan (4,7km %6ra).
Tirreno-Adriatikoa - 3. etapa
1. Caleb Ewan (Lotto) 4:07:24
2. Arnaud Demare (Groupama) d.b.
3. Olav Kooij (Jumbo) d.b.
4. Nacer Bouhanni (Arkea) d.b.
5. Tim Merlier (Alpecin) d.b.
6. Pascal Ackermann (UAE) d.b.
7. Phil Bauhaus (Bahrain) d.b.
18. Alex Aranburu (Movistar) d.b.
40. Pello Bilbao (Bahrain) d.b.
87. Mikel Landa (Bahrain) d.b.
Tirreno-Adriatikoa - Nagusia
1. Filippo Ganna (Ineos) 9:48:04
2. Remco Evenepoel (Quick Step) 11ra
3. Tadej Pogacar (UAE) 14ra
4. Kasper Asgreen (Quick Step) 24ra
5. Alex Dowsett (Israel) 25era
6. Thymen Arensman (DSM) 28ra
7. Tobias Ludvigsson (Groupama) 32ra
55. Pello Bilbao (Bahrain) 1:10era
72. Alex Aranburu (Movistar) 1:21era
76. Mikel Landa (Bahrain) 1:23ra