Joseba Salbador Goikoetxea
LAKUNTZA
Entrevue
Junkal Arregi
Lakuntzako dendaria

«Eskaintza zabaldu dudanetik, gazte jende gehiago etortzen hasi da»

Junkal Arregik 30 urte baino gehiago daramatza Lakuntzako janari dendako pertsiana egunero zabaltzen, azken bi urteetan egoitza berri eta handiagoan. Bere iritziz, herri txikietan dendak zabalik egotea behar-beharrezkoa da, bizia ematen dutelako.

J.S.
J.S.

Sakanako bailararen erdialdean kokatuta dagoen 1.300 biztanle inguruko herria da Lakuntza. Orain dela hiru hamarkada sei janari denda zeuden, baina gaur egun Junkal Arregik zuzentzen duena da bakarra, orduan baino 300 biztanle gehiago dituen arren. Eroskiren Aliprox izeneko frankizia sistemarekin lan egiten du. Guztira, bost pertsona ari dira bertan lanean, eta eguneroko beharrak asetzeko eskaintza zabala egiten du, tartean bertako produktu freskoena ere bai.

Zurea da Lakuntzako denda bakarra orduan?

Janari denda, bai. Badira beste saltoki batzuk; adibidez, okindegia, harategia, estankoa, botika, burdin-denda eta hiru taberna. Baina janari denda bakarra da.

Inguruko herrietako biztanleei ere zerbitzua ematen diezu?

Bai. Inguruko herri batzuetan badira dendak; adibidez, Arbizun edo Uharte Arakilen. Baina beste batzuetan ez, Arruatzun edo Irañetan, esaterako. Eta hango bizilagunak ere hona etortzen dira. Baina baita Arbizu bezalako herrietakoak ere, han kutxazainik ez dutelako eta hona etortzera behartuta daudelako.

Pentsatzekoa da gertuko harremana izango duzuela bezeroekin, saltoki handietan gertatzen ez dena.

Zalantzarik gabe. Hemen denok ezagutzen dugu eta konfiantza osoa dugu herritarrengan. Esan besterik ez dago garai bateko koadernoa mantentzen dugula gauzak apuntatzeko. Azken urteetan jende berri asko etorri da Lakuntzara bizitzera, atzerritarrak batez ere, baina berdin jarraitzen dugu, arazorik gabe. Eta guk jendea ezagutzen dugun bezala, haiek ere ongi ezagutzen gaituzte gu eta badakite oso puntualak garela irekitzen, baina ixten ere bai...

Zer motatako bezeroak dituzue? Aste osoko erosketa egitera etortzen direnak, edo momentuan falta zaizkien gauzen bila bakarrik?

Denetarako jendea dago, baina adinaren arabera bai ikusten da aldea. Adineko jendea egunero etortzen da, paseo bat emanez, ogia eta beste zerbait hartzera. Hain edadetuak ez direnak gehiago mugitzen dira saltoki handietara, Altsasu edo Iruñeko saltoki handietara batez ere. Baina orain gazte jendea gehiago etortzen hasi da, denda handitu nuenetik. Eskaintza zabaldu eta produktu gehiago daudenetik, gazte jende gehiago etortzen hasi da.

Denda handitzera animatu zara orduan?

Bueno, hala egokitu da. Ni orain dela 34 urte hasi nintzen, lehengusina batekin, familiarena zen lokal batean. Eta hiru hamarkada pasatu ondoren, handik joan egin behar izan nuen kontratua amaitu zitzaidalako. Orduan, beste lokal hau hartzeko aukera sortu zen, nahiz eta askoz handiagoa izan. Baina azkenean hartu egin nuen, orain dela ia hiru urte. Asko pentsatu nuen, nire adinarekin horrelako urratsa egiteak zalantza handiak sortu zizkidalako. Azkenean, ikusten duzunez, piszinara salto egin nuen eta, egia esan, oso pozik nago.

Zergatik uste duzu itxi direla beste bost dendak?

Ez delako belaunaldi arteko erreleborik izan. Erretiroa hartzen joan diren neurrian ez dute jarraipenik izan. Egia da gaur egun denda bat mantentzea ez dela erraza, baina herri txikietan behar da komertzioa, herriari bizia ematen baitio.