Ehunka pertsona batu ditu larunbat honetan Ezkerraldeko indarkeria matxistaren aurkako martxak, bere 25. urteurrenean. Martxa 11.30ean abiatu da Santurtziko Gernika Parketik eta, Portugalete zeharkatuta, Sestaon eman zaio amaiera 13.00ak inguruan.
«Une historikoa izan da Ezkerraldean eta Meatzaldean, izan ere, martxak 25 urte daramatza etenik gabe ospatzen, eta indarkeria matxisten salaketak integratzen ditu, bai egiturazkoak, bai gure herrietan, gure inguru konkretuan eta gu guztiok zeharkatzen gaituztenak», ziurtatu dute, eta balioan jarri dute mende laurdenez talde eta emakume feministak elkarrekin antolatzeko konpromisoari eutsi izana, «horiek izan baitira salaketen eta aldarrikapenen eragile. Aurten ere ehunka emakumeentzako topagunea izan da, Ezkerraldea eta Meatzaldea indarkeria matxisten aurkako ahots bakarrean elkartuz».
Martxak «batasun, elkartasun eta elkarrekiko laguntza gune» gisa balio izan duela nabarmendu dute, hainbat kolektibo feministarentzat bozgorailu gisa eta borroka kolektiborako eta salaketarako tresna gisa jardunez. «Aurtengo deialdia ez da salbuespena izan, eta horregatik gogor salatzen dugu indarkeria instituzionala», esan dute, Txirbilenea Kulturgunea eta Emakume Migratu Feministak elkarteko kideak kaleratu izana adibidetzat jarriz. «Sestaoko Udalak agindutako utzarazpen horrek hainbat emakume eta haien familiak aterperik gabe uzten ditu, babesleku segurua izan den espazio komunitario eta autogestionaturik gabe, bizitoki-alternatibarik eskaini gabe. Ekintza hori adibide argia da erakundeek indarkeria matxista iraunarazten dutela, desagerrarazi beharrean», salatu dute.
Halaber, gogora ekarri dute urtean zehar indarkeria kasu ugari salatu behar izan dituztela, eta mota ezberdinetakoak gainera, izan indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala, ekonomikoa edota instituzionala. Adibide bezala Ortuella edota Barakaldoko kasuak jarri dituzte: «Ortuellan emakume bat bere enplegatzaileak bortxatu zuen, edo Barakaldon beste emakume bat sexualki esplotatu zuten engainatua izan ondoren, garbitzaile gisa lan egiteko promesarekin eta abar. Sexu-erasoak, abusuak, genero-indarkeria, bikarioa... horrek erakusten du beharrezkoa dela presente eta borrokan jarraitzea», egin dute hausnarketa.
Bizitza duina
Gasteizko Gobernuaren datuak ere ekarri dituzte mahai gainera. Aurtengo irailera arte, indarkeria matxistaren biktima izan diren 4.276 emakume eta 5.268 eraso matxista zenbatu dira. Gogora ekarri dute baita ere 2003tik 123 emakume hil dituztela Euskal Herrian, eta 2024an, beste bost emakume hil direla matxismoaren ondorioz. Horren aurrean, «feminismoa punta-puntakoa» izan dela eta izaten jarraituko duela nabarmendu dute, «justizia sozialaren aldeko borrokan, guztiontzako eskubideen alde, bizitza duinak, askotarikoak eta indarkeria matxistarik gabeak bizitzeko eskubidearen aldeko borrokan».
Hala, indarkeria matxisten aurka modu guztietan borrokatzeko konpromisoa berretsi dugu, «indarkeria horiek ikusaraziz, salatuz eta gu guztion segurtasuna eta ongizatea bermatuko duten politika eta ekintza eraginkorrak exigituz. Enplegurik eta soldata duinik gabe, zaintza-lanak banatu gabe, etxebizitza eskuratu gabe, eta gizarte-prestazio eskuragarririk eta nahikorik gabe, indarkeria matxistetatik ezin da ihes egin».