Abentura liburu bat da ‘Arrikruzko lehoia’ (Pamiela), Iñaki Zubeldiak 60ko hamarkadan bizi izan zuen benetako gertakari batean oinarritua eta liburuaren izen bera daraman aurkikuntzara garamatzana.
«Iñaki gaztetxoa zela, Arantzazuko monasterioan interno, hor sartzen ziren Arrikruzeko kobetara jolastera, ikertzera, eta halako batean zerbait harrigarria deskubritu zuten: lehoi baten burua. Orduak eman zituzten galduta, hain adin txikiko eta hain bakarrik, ilunpetan, ateratzea lortu zuten arte», egin du aurrerapena liburuaren aurkezpenean Lander Majuelo, Pamiela argitaletxeko editoreak.
1966. urtean aurkitu zuen Zubediak Arrikruzko lehoiaren hezurdura, Iberiar penintsulako osatuena. Jesus Altunak ikertu zuen gerora hezurdura hura eta lehoi heldu batena zela ondorioztatu zuen, kobara sartu eta bertan hil zena. Lehoiak 1-1,2 metroko garaiera eta 250 kiloko pisua zituela aurreikusten da eta, egungo arren bataz-bestekoa baino handiagoa bazen ere, ez zen orduko lehoietatik handiena: 300 kilo baino gehiagokoak ere bazeudela uste da.
Zubeldiak aurkikuntza haren unea oroitu du aurkezpenean eta hainbatetan Idazleak Ikastetxeetan programaren barruan istorioa kontatu izan duela esan du. «Istorio hau asko gustatzen zaie ikasleei, bereziki irudiz lagunduta kontatu izan dudalako, eta [lehoia] ikusi egiten zuten, nolabait guk bizi izandako hura ikusi eta bizi egiten zuten», nabarmendu du.
Urteek aurrera egin ahala, ingurukoek «hau idatzita daukazu? noiz idatzi behar duzu?» galdegiten ziotela aipatu du, eta 2018an Donostiako San Telmo Museoan aurkikuntza honen inguruko erakusketa egin zenean kontakizuna idazten hasi zela esan du. «Idaztea erabaki nuenean, pentsatu behar nuen norentzat eta nola idatzi, ea testigantza izango zen...», azaldu du, eta abentura baten narrazioa egitea erabaki zuen azkenean, baita aurkezpenetan erabiltzen zituen irudi haiek liburuan txertatzea ere.
Liburuaren sinosian aipatzen denez, kontakizunean Arrikruzen galdu ziren bi seminarista haien bizipenak biltzen dira, sentitu zuten «estuasuna, beldurra eta izua», entzumenezko haluzinazioak izatera ere iritsi baitziren: «Eromenaren eremu lausoan sartu ez sartu egon ziren, etsipenaren atzapar gaiztoak haien itxaropena bahitzea lortu zuen arte. Bizirik ateratzeko esperantzaren argi meharra itzaltzen ari zenean, adar salbatzailearen deiadarra entzun zuten barrunbe ilunean. Beethovenen sinfoniarik ederrena baino doinu gozoagoa izan zen haientzat adarraren durundia».