Dekalogo bat osatu dute Arabako hainbat herri eta udalerrietan energia berriztagarrien makroproiektuen aurkako plataformek. Bertan, beraien aldarrikapenen laburpena egin dute, besteek «izan nahi duguna ez manipulatzeko» eta «berrinterpretatuak» ez izateko.
Dekalogoaren sinatzaileak Horrela Ez Argantzun, Badaiotz, Kuartango, Rural Este, Rural Noroeste eta Valles, Urkabustaiz Babestuz, Zigoitia Bai eta Zuia Bidean plataformak izan dira. Ostiral honetan egindako prentsaurreko batean azaldu dutenez, «bildu ondoren, erabaki genuen tresnak behar genituela diskurtso argia egiteko eta praktikan jartzeko».
Horrekin, beraien lurraldeekiko konpromiso «zehatzak» planteatzen dituzte, hauek «beren etorkizunaren benetako jabe» izan daitezen. «Gure komunitateekin erabaki ereduak diseinatu nahi ditugu, nor garen eta nor izan nahi dugun argi uzteko», gaineratu dute.
Etorkizunera begira, «gure herrialdea suntsitu nahi duten finantza-funtsen praktika opakoei adi» lanean jarraituko dutela adierazi dute. Gainera, krisi ekosozialaren aurrean «eragile aktibo» izateko konpromisoa hartu dute, «lurraldea defendatuz, kontsumoa murriztuz, gastatzen duguna eraldatuz eta gure ekarpena modu demokratikoan zein eta nolakoa izan behar den erabakiz».
Dekalogoan, besteak beste, honako ideia hauek zehaztu dituzte: Arabako gizartea trantsizio energetikoko prozesuen alde dagoela, energia berriztagarrien plan publikoak egitea «premiazkoa» dela, trantsizio energetikoa «bidezkoa eta demokratikoa» izan behar dela, «jendearen nortasuna baestu gabe eta lurraldean energia-proiektuak errotu gabe» trantsizio hori ez dela gertatuko, alternatiba errealetan aurrera egitea «ezinbestekoa» dela, ekintza batzuk atzera ezinak direnez proiektu batzuen ondorioek ez dutela bueltarik izango eta makroproiektuen inpaktuak «tokiko dimentsioa gainditzen» dutenez, «erantzun koordinatua eta solidarioa behar du».