NAIZ

Ertzaintzak ikerketa abiatu du Bizkaiko ikastetxe batean izandako sexu-erasoengatik

Gutxienez bi familiak salatu dute 5 urteko seme-alabak sexu-abusuen biktima izan direla Bizkaiko ikastetxe batean. Hezkuntza Sailak diseinatutako protokoloa aplikatu da eta Ertzaintza kasua ikertzen ari da. Ustezko erasotzailea identifikatu ondoren, Poliziaren aurrean deklaratu du gizonak.

Ertzaintzaren patruila batzuen artxiboko argazkia.
Ertzaintzaren patruila batzuen artxiboko argazkia. (IREKIA)

Ertzaintzak ikerketa abiatu du Bizkaiko ikastetxe batean izandako sexu-erasoengatik, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez. Ez dute kasuaren xehetasun gehiagorik eman, gaia ikertzen ari baitira.

‘El Correo’ egunkariak larunbat honetan argitaratu duenez, heldu batek sexu-abusuak egin zizkien 5 urteko bi umeri Bizkaiko ikastetxe batean. Ikastetxe horretan Hezkuntza Sailak diseinatutako protokoloa aplikatu zen lehen unetik, eta ustezko erasotzailea bere eginkizunetatik aldendu zuten.

Egunkariak dioenez, umeetako batek zentroan lan egiten zuen heldu batek ukituak egin zizkiola esan zion amari. Berarekin elkarrizketa izan ondoren, bere lagun bati ere egin zizkiola esan zion haurrak.

Gizona identifikatu egin zuten eta gurasoek semeak esandakoaren berri eman zioten ikastetxeko zuzendaritzari azaroaren 26an, asteartean, eta salaketa jarri zuten Ertzaintzan.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, haurren familiei eta zentroko zuzendariari deklarazioa hartu die, eta ikertu gisa deklaratu du salatutako gizonak, ‘El Correo’-ren informazioaren arabera.

Momentuz, Lakuako Segurtasun Sailak ez du kasuaren xehetasun gehiagorik eman.