INFO

PPren murrizketek eragindako egoera «larri eta dramatikoa» nabarmendu du Aralarrek

Gobernu espainolak iragarritako murrizketek egoera «larria» eta «dramatikoa» eragin dute eta »personen eta herritarren duintasuna kapitalaren menpe jartzeaz gain, herrien erabaki ahalmena eta burujabetza kolokan jartzen dituzte».


Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak, Dani Maeztu koordinatzaileordeak eta Asun Fernandez de Garaialde Nafarroako koordinatzaileak Mariano Rajoyren Gobernuak onartu dituen murrizketak gaitzetsi dituzte eta «edonolako murrizketak» ez direla nabarmendu dute.

«Aurrean daukaguna herritarron eskubideen eta ongizatearen eraso bortitz eta bidegabea da», esan dute.

Salatu dutenez, «krisiaren irtenbidearen aitzakiapean, herritarren eta langileriaren borrokaren bidez urteetan lortutako eskubideekin eta ongizatearekin amaitu nahi da».

«Eraso, sakeo eta lapurreta ikaragarri hau» planteamendu «ideologikoa» da Aralarren iritziz, eta «injustizia ikaragarria herritarrekiko» eta bereziki «krisi honek gehien kolpatu dituenekiko: langabetuak, emakumeak, gazteak, pentsiodunak, mendekotasuna dutenak, funtzionarioak...».

Egoera «larri» eta «dramatiko» honek, esan dutenez, agerian uzten du «egungo marko juridikoa, bai Amejoramendua nola Estatutua agorturik daudela« eta «ez direla baliagarriak Nafarroan eta beste euskaldunon eskubideak, ongizatea eta etorkizun ekonomikoa defendatzeko».

Aralarrek konpromisoa hartu du beste eragile politiko eta sindikalekin «ongizate estatuaren desmantelamenduaren kontra eta sakontzen ari den birzentralizazio prozesuaren kontra» borrokatzeko.

«Guztion artean adostasun zabaleko ibilbide orria gauzatu eta artikulatzeko gai izan behar gara, egunerokoan urratsak emanez eta irtenbideak plazaratuz», nabarmendu dute.