Iñaki Imaz donostiarra atxilotu dute Hendaian
Iñaki Imaz donostiarra atxilotu du Polizia frantsesak Hendaian. Emaztea eta haurrarekin zen bitartean hiru auto gerturatu zaizkio eta pistola buruan jarrita atxilotu dute, lekukoek NAIZi adierazi diotenaren arabera. Paueko Auzitegiko epailearen aurretik pasa ondoren, aske geratu da.
Iñaki Imaz Munduate donostiarra atxilotu du Polizia frantsesak Hendaiako Sopitte auzoaren inguruan, 11.45ak aldera.
Hiru auto gerturatu zaizkio, bat bere autoaren aurrealdean jarri zaio, bestea atzean eta hirugarrena bere parean jarri zaio. Emaztea eta haurrarekin zihoala eta pistola buruan zuela atera dute autotik, lekuko batzuk NAIZi adierazi diotenaren arabera.
Emazteak mintzatzea eskatu du eta utzi diote zerbait esaten.
Bizitza publikoa zeraman Imazek Urruñan.
Aske, epailearen aurretik pasa ondoren
Baionako polizia-etxean ordu batzuk eman ondoren, Paueko Auzitegira eraman dute. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, aske utzi dute. Hala ere, bihar berriro ere joan beharko du epailearen aurrera.
Gaur jakinarazi zaio donostiarrari bere aurkako euroagindua eta bihar goizean hasiko da Paueko Auzitegia estradizio eskaera aztertzen. Erabaki bat hartzen den bitartean, astean bi aldiz joan beharko du Imazek epaitegira.
Imazi elkartasuna adierazteko bi elkarretaratze egin dira. Bata Hendaiako Casino zaharraren aurrean eta bestea Donostiako Easo plazan.