Jendea, erabakiaren zain ospitalaren aurrean
Dozenaka lagun bildu dira Donostia Ospitalaren sarreran, Herrirak deituta, Auzitegi Nazionalak emango duen erabakiaren zain. Ebazpena jakin arte bertan geldituko dira.
17.00etan abiatu da elkarretaratzea, eta bertan Jon Garaik adierazpenak egin ditu. Besteak beste, Iosu Uribetxebarriaren auziak eragin duen liskarrean «denok galtzaile» atera direla nabarmendu du, gehiengoak babesten dituen giza eskubideak bortxatuak izan diren neurrian.
Bere ustez, Arrasateko presoak aske egon behar duela ontzat jotzen dute bai euskal gizartearen gehiengoan, bai eta Estatu mailan ere.
Garaik nabarmendu duenez, Uribetxebarriaren egoera «oso larria» da eta «egunez egun hiltzen ari da erietxean preso». Horrekin batera, sakoneko arazoa desbideratzeko ahalegina izan dela salatu du, «kontua ez baita presoa egoera terminalean dagoen ala ez, baizik eta espetxe politika honekin jarrai daitekeen ala ez».