INFO

Madrilgo Gobernuak onartutako dekretua «adabaki» bat baino ez da EH Bilduren aburuz

EH Bilduren ustez, Madrilek ez du «gaitasunik ez borondate errealik» etxe desjabetzeen arazoari aurre egiteko eta irtenbidea bilatzea euskal jendarteari dagokiola arrazoitu du, «konponbide eraginkorrak mahai gainean jarriz eta adostuz».


EH Bilduk prentsaurrean egin du Madrilgo Gobernuak etxeen desjabetzeen inguruan onartutako dekretuari buruzko irakurketa. Bere ustez, herritarren presioa eta desjabetzeen dramak bultzata «korrika eta presaka» hartutakoa da gaur Mariano Rajoyren Exekutiboaren erabakia.

Ministro Kontseiluan onartutako dekretua «adabaki» bat baino ez da, etxe desjabetzeen «arazo larria inolaz ere konpontzen ez duena».

Bere ustez, krisiaren sorrerarekin zerikusirik ez duten herritarren arazoei konponbidearen itxurak egin ditu Gobernu espainolak, «baina krisia eragin duten finantza erakundeak eta kapital finantzarioak kaltetu gabe».

«Eredu zaharkitua» da, EH Bilduk esan duenez, Madrilgo Gobernuak darabilena, eta bestelako politikak ezartzea «ezinbestekotzat» jo du, «jendartearen eguneroko arazoei konponbide errealak» eskaintzen dizkienak, hain zuzen.

Ildo horretatik, koalizio independentista EAEko hauteskundeen kanpainan aurkeztu zuen ‘Etxebizitza Institutu publikoa’ sortzeko proposamenaz mintzatu da. «Etxe kaleratze arriskuan dauden hipoteka kasuak moratoria batean sartuko lirateke; arriskuan dagoen familiaren etxe hori entitate publiko horren jabetzara pasatuko litzateke eta ordaintzen ari zen pertsonak zailtasun larriekin jarraitzen duen bitartean, etxean bertan geratuko litzateke, alokairu sozial bat ordainduz», azaldu dute.

Hastear den legegintzaldi berrian ere «etxebizitza duina disfrutatzeko eskubidea gauzatuko duen lege bat» proposatzea izango da EH Bilduren lehenengo aldarrikapenetako bat Gasteizko Legebiltzarrean.

Koalizioak Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei dei egin die etxe desjabetzeen inguruko eztabaida publiko bat egin dezaten eta larunbatean Bilbon egingo den manifestazioari atxikimendua adierazi dio.