INFO

Manifestazioa deitu dute igandean Errenterian Oarsoaldeko gazteen egoera salatzeko

Auzitegi Gorenaren erabakia ezagutu baino minutu gutxi lehenago, Eleak mugimenduak eta sei auziperatuek manifestazioa deitu dute iganderako Errenterian epaiketa politikoen aurka.

Sei auziperatuek prentsaurrekoa eskaini dute Eleak mugimenduko kideekin batera, epaia ezagutu baino minutu batzuk lehenago. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Oarsoaldeko sei gazte horien egoera salatze aldera, prentsaurrekoan agertu dira bai inputatuak eta baita Eleak mugimenduko kideak ere. Eguerdiko 13.00etan agertu dira prentsaurrean, Auzitegi Gorenaren epaia ezagutu baino minutu gutxi lehenago.

Orduan ez zekiten haren erabakia zein zen eta gazte horiek zein beren senideak «ezinegon hutsean» bizi direla salatu dute, «egoera hau noiz bukatuko zain».

Eleak mugimenduak, sei gazte horien inguruan hainbat atxikimenduren ondotik sortutako «babes-harresia» erakusteko nahia agertu du eta, hartara, datorren iganderako manifestazioa deitu du, eguerdiko 12.30ean, Errenteriako Zumarditik, ‘Gure etxeko ateak zabalduta daude’ lelopean.

Prentsaurrekoaren ondoren izan dute auziperatuek sententziaren berri.