INFO

Ezker abertzaleak bere elkartasuna adierazi dio herri kurduari

Hiru militante kurduren hilketa dela eta, ezker abertzaleak bere elkartasuna adierazi nahi izan dio herri kurduari, eta bereziki, bertako diasporari.


Sakine Cansiz, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaileetako bat; Fidan Dogan, KNK Bruselan egoitza duen Kurdistango Kongresu Nazionalaren Frantziako ordezkaria; eta Leyla Soylemez militante gaztea hilda aurkitu dituzte gaur goizaldean beren lagunek, Aktukurde.fr atariak azaldu duenez.

Hiru emakumeak Kurdistango Informazio Zentroan zeuden, Parisen, eta telefono deiei erantzuten ez zietenez, hara joan dira lagunak. Atea behera bota eta hiruren gorpuak topatu dituzte, buruan tiro bana zutela, Mehmet Ulker Frantziako elkarte kurduen federazioko idazkariak (FEYKA) esan duenez.

Poliziaren arabera, asteazken arratsaldeko lehen orduan hil zituzten hiru emakume kurduak, arma isilekin.

Gertaeraren aurrean, «elkartasun osoa eta doluminak» helarazi dizkio ezker abertzaleak herri kurduari, eta bereziki, bertako diasporari.