Presoen aldeko intsignia kentzera behartu ditu Enrique Mayak Bildu eta Aralarreko zinegotziak
Enrique Maya Iruñeko alkateak Bildu eta Aralarreko zinegotziek euskal presoen alde zeukaten kredentziala kentzera behartu ditu. Hala ere, konponbidearen eta presoen herriratzearen aldeko lanean jarraituko dutela adierazi dute hauek.
Pasa den urtarrilaren 12an euskal preso eta iheslari politikoen aldeko manifestazioaren ondotik, EH Bildu koalizioak eta bere ordezkari instituzionalek ekimen instituzionaletan ‘Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira’ lelodun kredentziala janzteko konpromisoa hartu zuten.
Erabakiari jarraiki, Bildu eta Aralarreko zinegotziek bere egin dute konpromisoa gaur Iruñean burutzen ari diren osoko bilkurara kredentzialarekin agertuz. Dena den, bilkura hasi aurretik Enrique Maya hiriko alkateak intsignia kentzeko egindua eman die, kendu ezean osoko bilkuratik kanporatuak izango zirela mehatxu eginez.
Azkenean, koalizioko zinegotziek kredentzialak kentzea erabaki dute. Hala ere, giza eskubideen, konponbidearen, bakearen eta euskal presoak herriratzearen aldeko konpromisoa eurena egiten dutela azaldu dute.
Horregatik, datozen osoko bilkuretara aldarrikapen horiek mahaigaineratzen jarraituko dutela adierazi dute, aldarrikapenok Iruñeaj¡k eta Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzeko «behar-beharezkoak» direlako.