Barkamen eskutitza ez, dimisio eskutitza eskatu dio EH Bilduk Yolanda Barcinari
Bakartxo Ruizek (EH Bildu) Yolanda Barcinaren barkamen gutunari erantzun dio dimisio gutuna eskatuz eta herritarrei «aldaketa politikoa gauzatzeko aukera» emateko eskatu du, hauteskundeak aurreratuz.
Nafarroako Kutxaren inguruan gertatu direnak ikusita nafar jendartea haserre dagoela uste du EH Bilduk, hala adierazi du gaur Bakartxo Ruiz parlamentari independentistak Yolanda Barcinaren barkamen gutunaren harira. Ruizen arabera «dirua nola lortzen zuten ikustea lotsagarria eta eskandalagarria da» baina are gehiago iruditu zaizkio Barcinak, Miguel Sanzek, Enrique Mayak eta Roberto Jimenezek (PSN) azken egunotan egindako adierazpenak, «jende askorentzat adierazpen mingarriak izan dira, nafar gehienok iraindiuak sentitu garelako».
Horiek horrela, barkamen eskutitza ez, Nafarroako jendarteak dimisio eskutitza behar duela adierazi du ezker independentistaren ordezkariak. Erantzukizun politikoak eskatu dizkie UPNko eta PSNko ordezkariei eta aldaketa politikoa gauza dadin hauteskundeen aurrerapena eskatu du.