Aske Gunea: «Herri harresia epaiketa politiko guztiekin amaitzeko bidea da»
‘Herri harresiaz epaiketak gelditu’ lelopean, milaka batu dira Aske Gunean atxilotu dituzten gazteei babesa erakusteko deitu duten manifestazioan. Herri harresiak izan duen eragina goraipatu dute eta etorkizuneko epaiketa politikoak gelditzeko bidea dela aldarrikatu dute.
Milaka pertsonek egin dute bat Bulebarrean gaur goizean Ertzainzak Donostiako sei gazte atxilotu izana salatzeko. ‘Herri harresiaz epaiketak gelditu’ lelopean, EAJren aurkako eta atxilotuen aldeko ohiuak dira nagusi martxan.
Atxilotuen senideek eta lagunek eraman dute pankarta. Ordu erdi inguru iraun du martxak eta Bulebarrean amaitu dute ekitaldi batekin.
Gaur goizean atxilotua izan den Mikel Arretxeren grabazioak eman dio hasiera amaierako interbentzioari. Jaso duten babesaren aurrean «hitzik ere ez» duela esan du eta eskerrak eman dizkie azken egun hauetan Bulebarrean izan diren denei. «Egurra gazteak», aldarrikatu du.
Jarraian, atxilotuak lehen momentu batean Martuteneko espetxera eraman badituzte ere, beste nobaitera mugitu dituztela salatu dute. Hala, NAIZek jakin ahal izan duenez, Basauri eta Zaballako espetxeetan banatuta aurkitzen dira.
Herri harresiak izan duen eraginkortasuna goraipatu dute eta jendearen jarrera txalotzeko parada hartu dute «300 ertzain etorri izanagatik herri harresian jarraitu dutelako». Ildo horretan, herri harresiaren eraginkortasuna goraipatu dute eta epaiketa politikoekin amaitzeko tresna dela esan dute.
«Aske Gunea itzulezina izan dadila Euskal Herrian proiektu politiko guztiak legalak izan daitezen», aldarrikatu dute. Era berean, gaurkoan «ezer ez dela amaitu» adierazi dute, «urrats handia eman dugu datozen epaiketak gelditzeko!».
Donostian ez ezik, beste hainbat txokotan ere egin dituzte ekimenak atxilotuen alde, hala nola, Iruñean eta Bartzelonan.
Martutenera martxa
Era berean, mobilizazioekin jarraituz, Martuteneko kartzelara martxa egingo dute bihar. 11.00etan abiatuko dira Bulebarretik eta bertan agerraldi bat egingo dutela iragarri dute.